Antxinako ahotsa paperean
Ez dakit testuak aurre-euskerea ezagutzeko erreztasunik eragingo dauan, ezta testuak euskerearen izaera monosilabikoa babesteko tresna izan daiteken. Baina bertsotan eta bertsolaritzeaz dakidanagaz, pentsetan dot honek sekulako aldaketea eragin leikela egungo pentsamentuan. Lazarragak bere ahozko jarduna papeleratu eban unetik, gauza bat argi itxi eban etorkizunerako: alde batetik, bat-batean adierazo gurako ebazan sentimentuak paperak emoten dauan segurtasunean babestu ebazan. Beraz, ahozkotasunaren bat-bateko sormena kendu eutson bere sentimentu adierazpenari, baina ez eutson kendu ahoz adierazo beharra. Doinurik daukan ala ez ezin jakin geinke, ostera. Edota doinua zein dan. Ezaguna da oro har bertsolariak ez zirala erudituak izaten, hau da, ez ebela idazten jakiten (bestela seguru nago Gipuzkoako bertsolari frustratu edo poeta bertsozaleren batek eskuizkriburen bat edo beste itxiko ebana apalen batean) eta bertso jarriak buruan osotu eta gerora idazten ekian baten batengana joten ebela euren aleak papeleratzeko. Lazarragak, antza, baekian idazten eta bertsotan. Argi ikus leiteke testuan ez dauala emoten eskuizkribu osoa erakusteko egin zanik, zati batzuk beste batzuk baino askozaz garbiago idatzi ebazalako.
Bestela, testu honek arabarren euskal nortasuna indartu beharko leuke. Orain artean euren arazo nagusia iraganeko arbasoen sustrairik eza zan, XVII. gizaldi aldera euren euskerea desagertu zalako. Lazarragaren eskuizkribuak, ostera, XVI. gizaldiko arabar gizartean euskerea bizirik egoala erakusten dau. Idazkiaren berbakeran errez ikusten da mendebaldeko tradizinoaren kutsua daukan euskalkia, profanoa gainera. Izan be, letra pare bat baino zer edo zer gehiago dago Leizarragatik Lazarragara.
Leidu eta gozau!
Xabier Paia
“Donostiako San Frantziskuan
agoan gizon soldadua,
dontzeileoni egin jakak
izta ondoan anditua
Nik lantzeteaz jo diat eta
Oi, ik ezarrak enplastua”.
Ez ei da sano tradizino zaharra bat-bateko bertsoak paperean imintearena. Tira, ez da horren zaharra bat-bateko jardunaren sorrerea noz izan zan ez dakigula pentsetan badogu. Idatzi ziran bertsorik zaharrenak Beñat Etxepareren Lingua Vasconum Primitiae liburuan agertzen dira, bat-bateko jarduna izatea oso zalantzagarria dan arren. Bertso egiturea daukie bertso horreek, baina leitekeana da Etxeparek bat-bateko sormena ez landu izana, izan be, asko baitira bertso idatzietan bat-bateko bertsolaritzearen frustrazinoaren kontrako botikea topau dabenak.
Ildo horretatik azaldu dira Aguraingo jauntxoa izan zan Juan Perez de Lazarragaren bertso zahar barriak. Borja de Aginagaldek Larreatik iges eginda Madrilen topau eban eskuizkribua eta Gipuzkoako Diputazinoak enkantean eskuratu eban (Arabako Foru Aldundiak eskuratu izana askoz normalagoa izango zan arren). 1550. urte inguruan Oñatin jaiotako arabar batenak dira, hau da, honako ezaugarri honeek egotzi jakozala: ez da Euskal Herriko testurik zaharrena (Etxepareren testua 1545. urtekoa dalako) maila orokorrean, baina esan geinke Euskal Herri osoko lehen testu profanoa dala, Hego Euskal Herriko lehen testua dala, edota Hego Euskal Herriko mendebaldeko euskeraz idatzitako testurik zaharrena dala, oraingoz.
Ni neu ez naz ez filologoa, ezta euskaltzaina be, eta ezin esan neike zer onura ekarriko deutson Lazarragaren testuak euskerearen historiari, ezta orain arte hipotesiak izan diranak teoria zuzen bihurtuko ete diran testua dan lekuko argigarri honi esker.
Batek baino gehiagok zalantzan imini dau Lazarraga gazteegia zala halako heldutasunez betetako bertsoak egiteko. Izan be, datuak zuzenak badira, 16 urte eukazan Agurain-Salbaterrako arabarrak idazteari ekin eutsonean. Beste batzuen eretxiz, eskuizkribua bi aro desbardinetan idatzi eban Juan Perez de Lazarragak. Nik oraindino ez daukat eretxi finkorik, baina zeuek be zeuena egin dagizuen, honako webgune honetan topau zeinkie testua: http://www.gipuzkoakultura.net.