Antxina-barri  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Lekeitio eta Ondarroa alkar konpondu ezin


Bertso Berriac, José Bronchec jarriac

1
Bertso berriac jartzera nua
Gusto duenac aditu
Nere barruba betia dago
Gueyago ezindet cabitu
Pentzamenduan jarri orduco
Biotzagat muguitu
Nayago nuque pasa bezela
Susen contaco banitu.

2
Motiborican asco badegu
Serbait esaten asteko
Danontzat igualegonda euquera
Estropara jocatzeco
Gure ausuac modu onetan
Gu gorrotuan artzeco
Arrasoidican esdet billatzen
Tamaña ortan jartzeco.

3
Ogueitasortzi urte dirade
Donostiara juantziran
Iru trañeru illaren lauan
Ederqui probatu siran
Illan zortzian Donostiarra
Ura bentajas atzian
Premiua ta bandera artuta
Echera etorri siran.

4
Andic lau urte pasata guero
Bilbora siraren juan
Iru premio egondu eta
Danac siran Ondarruan
Vizcai danetic erri bacarra
Falta isasan orduan
Beti iscaten baldin badabis
Es jarri aren onduan

5
Ar esquerotic aditu degu
Maquiñabat desprecio
Lenago isanagarren serbait
Gaur estubela balio
Iru nagusi or daudetela
Pasai, Donosti ta Orio
Oyec gusiac adituarren
Egondugera serio.

6
Club Deportivo ondarrutarra
Juandan urtian san jarri
Portugaleten danon copia
Bear suela ecarri
Da bost trañeru alcarren contra
Costauan siran isarri
Copac guretzat siraren baña
Bai gorrotua ugari.

7
Estroparau irabasi ta
Jentia asisan esaten
Bilboco caldereruari
Erres dala irabasten
Orren abillac isanda setan
Donostiara etzera joaten
Guipuzcoaco mecanicuac
Probatu ditugu aurten.

8
Guipuzcoaco profesoriac
Pensata seuquen jocua
Donostiarra lendabisico
Bigarren Pasayacua
Irugarrengo Fuenterrabia
Laugarren Ondarrucua
Baña Beitian cuadrilla esta
Horrela guelditzecua.

9
Lequeitio ortan omen seucasen
Fiestac preparatuta
Ondarrutarrac badin badatos
Donostiatic galduta
Iru corrida eiteco asmuan
Dirua ere batuta
Sesen jaubia bialdudute
Bere sesenac artuta.

10
Bizcaya aldian euqui nabogu
Geure onra eta fama
Bi portu orri erregalatu
Lesaque trañeru bana
Da euren billa datosenian
Gañera jan da erana
Errege jaunac copatic berris
Erandesaten champana.

11
Portu bi orrec norsuc diraden
Lequeitio ta Bermeo
Eguia claru esatecotan
Agolarican estio
Motibu gabe emandisue
Maquiñabat desprecio
Orain isillic egon seinteques
Espadesue balio.

12
Mundu onetan icustendegu
Persona ascoren griña
Norbera baño abillagoric
Iñor icusi esiña
Guc estropara irabastiac
Eman aldesute miña
Acaso igual suec nagusi
Juanda probatu basiña.

13
Vizcaya eta guipuzcoarrac
Conbensitu alsera on
Ondarrutarrac baldin badatoz
Berris ere listo egon
Orregatican musicac ere
Gaur joten ditu aleron
Nai estuenac iditu bear
Ondarrutarrac campeon.

14
Sei estropara bost trañerutan
Eta seiretan lenbisi
Gure denporan olacorican
Iñor esdegu icusi
Ondarrutarrac arraun lanian
Eguiñagatic ichusi
Oba senduque eurac besela
Costautic juaten icasi.

BERSO BERRIAK
Burgoak jarriak

1
Millata bederatzi egunda
Oguetasei garrenian
Irallaren bostian izan
Guiñan Donostiko errian;
Zazpi chalupa juntatu dira
Probatzeko arraunian.
Aitzakia gabe jokatu dute
Makiña baten aurrian.

2
Zazpi chalupa oyetatikan
Iru ziraden Bizkaitik;
Ondarrutarra aurretik bayetz
Trabesa bazan gogotik;
Dirua franco erabilli da
Bizkaitarraren aldetik:
Boltzak ederki ustutakuak
Badira Guipuzkuatik.

3
Lendabizitik jokatutzera
Lau ziraden atariak:
Ondarrabiya eta Pasaya
Donostia ta guriak;
Guipuzkuarrak uste zuen
Eurak zirala obiak;
Garai onetan ezagutu da
Nun diran arraunlariak.

4
Lau chalupa oyek Koncha orretan
Gogotikan dira saya,
Aguro askar isildu ziran
Donostiarren kanpaya;
Egun orretan Gaztelutikan
Etzeuden jente lasaya;
Premiorako guelditu ziran
Ondarrua ta Pasaya.

5
Premio ori jokatu zana
Irallaren amabiya,
Pasaitarrak beretzat uste
Dudarik es dago iya;
Baña aurretik etorri zaye
Uste etzuten erbiya;
Guipuzkorako au aizagoda
Egun señalagarriya.

6
Aspalditikan ojuka zeuden
Gurekin jokatutzeko,
Despreziorik asko izan da,
Ez degu ukatutzeko;
Donostiarrak arro zebiltzen
Gure indarrak neurtzeko;
Egun alaya etzan izandu
Kayako achuentzako.

7
Oguei ta zortzi urte dirade
Konchan jokatu zutela;
Orduan ere arraunerako
Etzan kuadrilla ustela;
Gastiak ere gogor eguidu
Lenago zarrak bezela:
Bigarren aldiz ekarri dute
Guipuzkoako chapela.

8
Desaide asko aditu degu
Bizkaiko portu batetik
Aserre samar gaur ere dira
Ezdakit ori zergaitik;
Zer kulpa degu arraunlariak
Zuek ez izanagaitik?
Emengo kastak ateratzeko
Bialdu pare bat ortik.

9
Premiorikan asko badegu
Irabaziak bakian;
Orainguabe kontentu gaudez
Beste danakin batian;
Mingañarekin balientiak
Zuek, or zagos atian...
Biria libre izango dezu
Juan datorren urtian.

10
Premio onak izaten dira
Alde batetik bestera;
Ezagutuko zaituzte noski
Ara juaten bazera;
Amabi milla peseta eta
Sedaskua zan bandera
Ondarrutarrak irabazita
Ekarri dute echera.

11
Desprezio au aitzen guenduen
Makiña baten agotik
Or jolasian ibilli gabe
Ekarri Guipuzkoatik;
Aurten Konchara etorri guera
Askoren esanagaitik
Juan naiduanak kontrariorik
Ezdu izango gugatik.

12
Guri beguira gustora zeuden
Familia Erreala,
Baita eskerrak ematera
Etorri zan bereala;
Erregue Jaunak berak esandu
Ondo portatu guerala.
Aguindu zigun bere yatian
Juan bear guenduala.

13
Etzait aztuko neri sekula
Mutill oyen etorrera,
Ikusgarria izan zalako
Eguin zioten arrera;
Guipuzkoako matrikulakin
Irabazi du bandera;
Askok pentzatzen etzuen, baña
Ondarruan dago bera.

14
Ay zer pozikan artu zituen
Erriyak eta ausuak;
Oyentzako izandu dira
Chalo ugari gosuak,
Bolanderaren tiruak eta
Musika soñu ta ujuak;
Aurten gueyago merezi dute
Mutill indartzu brabuak.

15
Arraunlariak ikusi deguz
Sanuak eta fuertiak.
Ondra aundiya irabazidu
Juan Bautista Beitiak;
Azaña andiak eguiñak dira,
Aiñ dira balientiak;
Mutill oyeri bildurra saye
Cantabriako gentiak.

16
Ezdet esango gaizki portatu
Dirala Guipuzkoatik.
Irabaziak zerbait jartzia
Dudarik ez da ortatik;
Gure fabore asko izan da
Deva eta Motrikuatik,
Aiñ gente pilla chalotutzera
Etorri zaigu bertatik;
Zuei eskerrak bialtzen dizuet
Ausuak gueran partetik.

Lekeitioko Udal Artxibotik ataratako bertsoak.

Ezagunak dira Euskal Herrian auzokoak diran herrien arteko alkar ikusi ezinak. Horreen artean Lekeitio eta Ondarroaren artekoak doguz. Halan da be, sasoi baten gure herrietan okasino honeek zelan bizi ziran erakusteko balio dauela eretxita, kostako herri bion arteko konponezin horren jazoera bat kontetan natortzue.

1925an Ondarroan sortu barria zan Club Deportivo Aurrera, eta talde honen eta herriko arrantzaleen kofradia bien eraginez traineru taldea osotzea pentsau eben. Pentsau eta egin, eta ez egin bakarrik, Portugaleten jokuan zan kopea irabazi be bai.

Ezagun danez, garaipen honek asko biztu zituan ondarrutarrek euren arraunerako balioaganako usteak, eta hori zala eta, hurrengo urtean Kontxarako preparetan hasi ziran. Asmoak bazituen Ondarroan, baina tresna egokirik ez, eta traineru on baten bila hasi ziran.

Lekeition baegoan, ostera, trainerua, 1926an Ramón Solano Adán de Yarzak herriko arrantzaleei erregalau gura eutsena, baina arraunlari koadrilarik ez egoan. Hori ikusita, ondarrutarrek Lekeitiora jo eben traineru barriaren eske. Antza danez, traturen bat egin eben Solanok eta ondarrutarrek, baina alkarri emondako berbea ez eben alde biek era bardinean aitu. Kontua da, harako ondarrutarrek, traineruaren bila joan ziranean, Lekeitiora ontzi barik bueltau behar izan ebela etxera. Antza, Ondarroako arraunlariek Lekeitioko trainerua entrenamentuetarako baino ez eben gura, eta Solano, jabea, ez egoan horretarako prest, haren asmoa bere trainerua Kontxan ikustea zan eta.

Han sortu ziran sortzekoak!. Ondarrutarrak Lekeitiotik Ondarrura helduaz batera, portuko kontramaisuagana joan ziran, esanaz ze traizino izan eben auzoan. Kontramaisu honek bere protestea bialdu eutson Lekeitioko kofradiako presidenteari, esanaz Ondarroako marinelek inotsiela ez ebela Lekeitioko arrantzalerik herrian ikusi gura, eta azaltzen baziran arraina saltzeko-edo ondo berotuko zituela.

Lekeition eta Ondarroan iskanbilak izan ziran herri bietakoen artean zorioneko trainerua zala eta ez zala.

Halan da be, herritarren kontua baino ez zan izan. Agintariek ez eben esku hartu, Lekeitioko alkatea alde batera itxita. Honek, Leon Okamikak, giroa gero eta okerrago ikusten eban, eta baretzeko asmotan gobernadoreagana jo eban. Baina gobernadoreak, beste kontu batzuk ebazalako-edo, ez eutson kasu handirik egin.

Giro honetan etorri zan iraila eta honegaz batera Kontxako estropadea, eta bertan zer jazoko eta batzuek gogokoen ebena eta besteek entzun be gura ez ebena: ondarrutarrek irabazi ebela banderea. Ondarroan poza eta Lekeition amorrua.

Honakoetan egiten zan legez, bertsolariek bertsoak atara zituen ondarrutarren balentriak goraipatuz; kasu honetan Jose Brontxek eta Burgoak atara zituen bertso-papelak.

Lekeitiora arin heldu zan bertsoen barri, eta alkate jaunaren hasarrea ez zan edozelakoa izan. Ez Beitia patroiaren garaipenagaz konforme ez egoalako, Burgoaren bertsoek Lekeitioko emakumeen izen ona zalantzan ipinten ebelako baino:

Desaide asko aditu degu
Bizkaiko portu batetik
Aserre samar gaur ere dira
Ez dakit ori zergaitik;
Zer kulpa degu arraunlariak
Zuek ez izanagaitik?
Emengo kastak ateratzeko
Bialdu pare bat ortik.

Azkeneko bertso biak larregi ziran Okamikarentzat, eta gobernadoreagana jo eban barriro. Oraingoan kasu egin eutson agintariak, eta Burgoa bertsolariari 300 pezetako isuna jarri.

Kontu guztia zelan amaitu zan ez dakigu, baina bai esan geinke ezin ikusi horrek luze iraun ebala, eta gaur egun be ezin ikusia ez bada be, zer edo zer hor dagoala.

Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria.