Eretxia  III. urtea // 46. zenbakia

Nori egiten deutso mesede?


Kontuak kontu, batek jakin zeintzuk ziran ETAren asmoak. Nire uste apalean, protagonismoa lortzearren, ERC lohitzeko egin dau; euskal herritarren gehiengoak ez dauala ondo ikusten Bergarako proposamena eta PPri itzelezko mesedea egin deutsola esango neuke. Gero eta argiago dago burruka armatuaren denporea amaitu dala. Eta bateren batek pentsau beharko leuke nori egiten deutson mesederik handiena egoera honek.

Iñaki Atxutegi

Harri eta zur geratu gara ETA erakunde armatuak kaleratu dauan azken komunikaduaren ondorioz. Poztekoa da, zalantza barik, sikeran leku jakin batean atentadurik ez dala egongo entzutea. Honek ekarri dituan ondorio politikoak ez dira, ostera, horren gozoak izan.

ETAk erakunde politikotzat joten dau bere burua. Egin eta esandako guztiak balio politikoa daukala pentsau beharko geunke. Gehienetan kosta egiten jatala onartzen dot. Hausnarketa politiko baten ondorio legez hartu leiteke azken komunikadu hori. Zoritxarrez, ez dago jakiterik ETAkoen mobimentuaren ondorio guztiak neurtu eta balorau ete dabezan ala ez.

Ez dago bape argi Perpignaneko solaskide izan zan Josep Lluis Carod-Rovira ondo urten dan sortutako krisi honetatik. Dagoeneko esan geinke ez dala Generalitatera bueltauko hauteskunde orokorren ostean. "Diàleg" famatuaren alde horren apostu sendoa egin dauanak boterea galdu egiten dau bai bere alderdiaren barruan zein, etorkizunari begira, Generalitatean.

Horrezaz ganera, aktore politiko guztiek gogoan euki behar dabe hauteskundeen atarian gagozala Estaduko herritarrok eta jazoerarik txikiena aprobetxau egiten dabela alderdiek urak euren errotara eroateko. Baten batek erantzungo deust ikuspuntu abertzale batetik ez dala gure arazoa nork agintzen dauan Espainian. Alderdi Popularraren azken agintaldiak erakutsi deusku egoera politiko guztiak ez dirala bardinak.

Azken urteotan entzun dogu ezker abertzalearen mundua oso zarratua dala, euren saltsatan baino ez dirala egosten eta holako autismoan bizi dirala. Ez dot uste nik hori horrenbesterako danik. Beraz, pasautakoari esplikazinoren bat topau beharko jako.

Alde batetik, protagonismorako burrukea dago. Pentsau gura dot holakoetan dabiltzanek erakunde legez, puntaren puntan, "kandelabroan" egon gura izatea. Politikoek eta politikan dabiltzan guztiek komunikabideetan agertu behar dabe bizirauteko.

Ez neuke baztertu gura ondoko aukerea: Catalunyakoa eredu legez agertu gura izatea. Mobimentu politiko jakin baten truke emongo leukie pakea ETAkoek. Gauzak holan, sinistarazo gura deuskue Bergarako proposamena onartu ezkero, bardin antzeko egoerea biziko genduala hemen.

Azkenik, ez litzateke horren arraroa izango bateren batek pentsetea PPren gehiengo orokorrak mesede egin deutsola abertzaletasunari. Orain gitxi esan eban Xabier Arzalluzek Aznarrek ia Sabino Aranak beste abertzale egin dituala. Beste lau urte agintean emon ezkero, abertzaletasunak marka guztiak apurtuko leukezala pentsetan dau batek baino gehiagok.