Zinea  III. urtea // 46. zenbakia

Seabiscuit


Zuzendariak sarrera arin eta sendo bategaz ekiten deutso pelikuleari; holan, guztiz bizimodu antagonikoak dituen persona bi ikusi ahal izango doguz: batetik, Charles Howard, automobilen negozio hasi barrian aberastu dan persona apala; bestetik, Tom Smith, errepideak zabaltzeko beharretan landa zabalei hesiak ipini behar jakozala melankoliaz ikusten dauen zaldien eta naturearen maitalea. Eta bien artean, Johnny Pollar gaztea, 1929ko burtsako crakc ikaragarriaren ondorioz, familiarengandik banandu eta, ahal dan moduan bizi izan beharko dauena urte gogor horreetan.

Gary Ross-ek ondo gidatu dau pertsonaia honeek guztiak topetako unea, hunkiberatasun apala baina eranginkorra erabiliz eta, hainbat kasutan, berbak baino askoz gauza gehiago adierazoteko kapaz diran keinuei protagonismo handia emonaz.

Ez da pelikula distiratsu eta txinpartatsua, baina ikuslea ez da kantsauko metrajea nahiko luzea izan arren; ganera, kalidade handiko momentuak be eskaintzen deuskuz, kasu baterako Seabiscuit eta beraren zaldizkoaren arteko identifikazinoaren uneak. Jakina danez, ikusleei nahiko gustetan jakez protagonistak bidean diran oztopo guztiak gainditzeko gauza dirala kontetan deuskuen filmak eta 'Seabiscuit' ondo eginda, ondo antzeztuta eta ondo egiturauta dagoan mueta horretako pelikula bat da.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Gary R-oss.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 141 minutu.
- Antzezleak: Tobey Maguire (Johnny 'Red' Pollar), Jeff Bridges (Charles Howard), Chris Cooper (Tom Smith), Elizabeth Banks (Marcela Howard), Gary Stevens (George Woolf), William H. Macey (McGlaughlin), Valerie Mahaffrey (Annie Howard), Michael O'Neill (Pollard jauna), Annie Corley (Pollard andrea)...
- Gidoia: Gary Ross; Laura Hillenbrand-en liburu baten oinarrituta.