Kulturea  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Odolbildua


Edorta Jimenez,
Idazlea.

Lauaxetak ‘Langile eraildu bati’ olerki ospetsua argiratu ebanetik hona, Bilbo inguruko meatze gorriak eta horreen ingurukoak euskal idazle batek baino gehiagok izan ditu leku eta motibo erakargarri, eta baita apostu be horreetan giroturiko lanak sortzea. Apostu horri gitxik ekin deutso, ia erabat erdaldunak izan diran holako leku eta giroetan sartu ezinik, nondik nora eutsi jakin ez dogun erronkea izan dalako hori, beharbada. Horri ekin deutson azkena, oraingoz, Josu Landa dogu. Erakutsi deusku, bai, gipuzkoarrak, ‘Odolbildua' elebarri zirraragarriaren bidez, apostuari zelan eutsi.

Josu Landak bere bidetxoa egin dau euskal letren munduan, bai idazle lez eta bai argitaratzaile eta kritikagile legez, bietara. Gogoan dogu Landaren lehenengo liburua, ‘Haizearen itzala’ poesia liburua, baina bigarrena izan zan ‘Ipurtargi beltza’ egilearen beste lan batzuen egarriz itxi ginduzana. Egarri horren arrazoia begibistakoa da, bigarren liburua ezagutzen dauen edonorentzat behintzat. Holako irudimena ezin zan alperrik galtzen itxi, hasteko, eta, segiduteko, idazteko moduak jarraipena merezidu eban. Lar dira zapuztu jakuzan talentuak, bai. Bada, hortxe-hortxe hogei urtean argitaratu barik bizi ahal izan dauen Landak ez deutso euskal literaturearen bideari gertutik segiduteari inoiz itxi, eskuartean dogun nobela hau horren lekuko.

Landak badaki, edozein nobela-ideia nobela on bihurtu daiten, hizkerea, giroa, pertsonaiak eta kontakizuna bera be, laurak, lege bakarraren menpe lotu behar dirana; zelako giroa gura dan sortu, esate baterako, halako hizkerea beharko da. Legea, lege saihestezina, azken emoitzearen sinisgarritasuna dan ezkero. Zinean legez. Ze Landak zinemea dau, literatureagaz batera, estiloaren eragile nagusia. Zine ikastaroetan esaten danagaz bat, idatzizko gidoiko orrialde bakotxeko filmeko minutu bat errodau izaten bada, nobela honetako ehun eta hirurogei orrialdeak beste horrenbeste minutuko film bihurtu leitekez. Erraz ganera. Film hori zuri-baltzean izango litzatekeen, ez nago hain seguru. Neorrelismoagaz zordun legokeana, ez dot dudarik egiten.

Ibar Ezkerrean euskeraz apenas egiten dala, eta elebarriko jokaleku nagusia dan Portugaleten kontakizunaren sasoia dan 50eko hamarkadan hortxe-hortxe izango zirala euskaldun ale batzuk, ezin ukatu. Horra hor ba, sinisgarritasunaren aldetik, egundoko oztoparria, Landak bikain gainditu dauena. Hizkereari jagokonez, Bizkaiko euskeren -pluralean- halako kutsua darion estilo personala landu dau Josu Landak, eta horrek, harrigarria bada be, lagundu egiten deusku orduko giroa erdalduna zala ahaztuten. Irakurleari oharkabean pasetan jako alderdi hori.

Hizkerea alde batera, idazlea bere gai edo obsesinoakaz bizi dala esaten da beti. Eta kasu honetan egia da. Zauria zoldu arte hor barruan izaten diran arantza horreek lgeez izan ditu nobela honetako gaiak hor barruan iltzatuta Landak. Halan bada, ‘Odolbildua’ honetan josten dan argumentua osotzen daben zertxoen aldetik ustebako galantak hartuko ditu irakurleak, nire uste apalean. Gerran –gerran, bai, gerran–, galdu ebenen gerraondoan, bizimodua ahal zan lekutik atara behar izaten zituen hareek nondik ataraten eben jakitea lazgarria izan leiteke, guztiz. Bizi-giro hori bikain gauzatuta dago Odolbildua elebarrian. Eta esango neuke, ba, horixe dala, giroa zelan landu dauen, Landaren meriturik handiena. Baina zalantzan nago.

Zalantzan nago, ‘Odolbildua’ elebarriko pertsonaiak giroa legez ondo landuta dagoz eta. Nik neuk ez neuke esaten jakingo zein dan pertsonaiarik biribilena. Mentxu emakume bulartsua, beharbada. Edo Santos hori, ha legez gerran galdu eta gero, ganera, kartzelea bizi izan dauen komunistea. Edo Joselu, boxeolari izan gura dauen mutil gaztea. Edo beti hor dagoen Ibaizabal hori.