Zinea  III. urtea // 46. zenbakia

Lost in translation


Bob Harris (Bill Murray) AEBko aktore ezaguna da, baina bere karrerea aldapan behera doa. Lan egin behar dauanez, Japoniako whisky bateko iragarkian parte hartzea erabagiko dau, ordainsari mamitsu baten truke. Aldi berean, Charlottek denpora librea ahal dauen moduan pasauko dau Tokion, gizonak, ospe handiko argazkilariak, enkargu bat bete behar dauen artean. Biak hotel berean topau eta ezagutuko dabe alkar.

Coppolak pertsonaia protagonista biak sarri-sarri kokatu ditu galera eta hutsune baten sensazinoa emoten dauen plan orokor baten. Bien bitartean, Tokioko bizimoduak aurrera egiten dau: iragarki absurdoak (whiskyaren errodaje eszenak benetan izugarri onak dira), inprobisautako karaokeak, suteen kontrako alarmak, gonbidatuen bape gustokoak ez diran afariak, ohe baten ganeko alkarrizketak...; argi esanda, 'Lost in Translation' filmak melankolia, bakardade eta existentziaren ganean egiten deusku berba. Baina hori guztiori pelikulearen ganean hegaz egiten dauen azaleko sensazino sarkor eta ukutuezina baino ez da eta hortxe dago film honen arrakastearen gakoa, ikusleari gauzak esan eta heldu eragiteko modu fin horretan, hatan be.

Dana dala, film ona eta interesgarria izanagaitik be, nire eretxiz, ez da lau Oscarrez izendatua izateko baizen ikusgarria. Beharbada, estadubatuarrek lantzean-lantzean frogatu behar deuskue badakiela entretenimentu hutsetik harantzago doan zine on eta sakona egiten eta, horregaitik, saritu behar izaten ditue euren produkzinoetan hain bakanak diran adibide honeek.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoilaria: Sofia Coppola.
- Herrialdeak: AEB eta Japonia.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Bill Murray (Bob Harris), Scarlett Johansson (Charlotte), Anna Faris (Kelly), Giovanni Ribisi (John), Akiko Takeshita (SeƱorita Kawasaki), Catherine Lambert (Jazz abeslaria), Fumihiro Hayashi (Charlie), Akiko Monou (P Chan)...