Umeak salgai munduan barrena
Ume jaiobarrien beste merkatu batzuk
Bederatzi milioi eta erdi ume dagoz garapen bideko herrialdeetako umezurtz-etxeetan. Txina eta Errusia dira Sartaldeari umerik gehienak emoten deutsiezan herrialdeak. Baina prozesuak beti ez dira guztiz garbiak izaten. Dana dala, egoerea askoz be txarragoa da hainbat herrialdetan:
Guatemala. Ikertzaileen arabera, herrialde honetan umeak erosi, bahitu edo amen sabelaldea errentan kontratetan dabezan 40 banda inguru dagoz. Umeak atzerritarrei saltzen jakez 20.00 dolarren truke. Egunean-egunean sei ume bahitzen dirala kalkuletan da.
Errumania. 1989an 30 ume emon ziran atzerriko adopzinoetarako; handik urtebetera, Ceaucescu-ren erregimena jausi ostean, 10.000 baino gehiago. Hainbatetan ikusi diran irregulartasunen ondorioz, AEBk, kasu baterako, Errumania eta Kanbodiako adopzinoei moratoria ezarri deutse.
India. Atzerriko komunikabideetan argitaraturiko informazinoek inoiz telebisten edo 20 dolarren truke emondako umeen ganean egin dabe berba.
Albania. 2002an edade txikiko milaka ume eta gazte herrialdetik atara ebezan, prostituzino edo adopzinorako, beti be Human Rights Watch-ek emondako datuen arabera.
Begiluzea
Kanbodian ume jaiobarriak amei 150 euroren truke erosi eta sartaldeko personei saltzen jakez 20.000 euroren truke. Ganera, zoritxarrez jardun ikaragarri hau nahiko zabalduta dago munduan
Kanbodian umezurtz-etxeko umeak airean lo egiteko gauza dirala emoten dau. Mueta horretako hainbat egoitzatan umetxuen kumak lurretik metro eta erdira dagoz, sabaian lotutako sokei esker.
Zentro honeetariko bat “Children Relief Center” izenekoa da; bertan taxi gidari ohi batek guraso bihurtu gura daben bikoteei egingo deutse harrerea; persona honek hektarea bi lur 50.000 euroren truke erosi, etxe bat egin eta umeez betetea lortu eban. Gaur egun, umezurtz-etxeko zuzendaria eta jaubea izateaz ganera, persona sano aberatsa eta eukitsua da.
Zentro hori umeak 10.000 eta 20.000 euroren arteko prezioan emoten dabezan 15 umezurtz-etxeetariko bat dala susmatzen da. Gehien eskatzen diran umeak politenak, osasuntsuenak eta txikerrenak izan ohi dira. Dana dala, negozioa ezin biribildu leiteke Kanbodiako estaduaren erakunde gorenetako kide batzuek parte hartuko ez balebe. Euren zeregina garrantzi handikoa izaten da: dokumentuak faltsutzea eta herrialdeko toki edo auzorik pobreenetan umeak erosi, ostu edo eroateko taldeak osotzea.
Hiru hamarkadako gerrea, Pol Pot-ek eragindako genozidioa eta inguru honetako Hiesa izurririk handiena sufridu ostean, ez da harritzekoa umeen trafikoa eratzeko bidea agertu izana; ganera, Kanbodiak Asiako jaiotza tasarik handienetarikoa dauka.
Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta ospitaleak
Guztiagaz be, trafiko sareek bestelako trikimailuak erabilten dabez umeak eskuratzeko. Sarritan GKE baten izenean jarduten ei daben kideak auzo txiro batera joan eta han dibortziaturiko edo alargundutako amei laster baten etorriko jaken miseria gorriaren ganean egingo deutsee berba. Horren ostean, hareen ume jaiobarriak zentro batera eroateko konpromisoa hartuko dabe, hobeto jagongo dabezala ziurtatuz. Ganera, zenbat-gura biderrez bisitetan joateko aukerea eukiko dabela esango deutsee. Baina, behin amek proposamena onartu eta umeak eroan eta gero, ezin izango dabez ostera be ikusi.
Sarritan, umeen erreklutatze lazgarri honeek egiten arduratzen diranek artez-artez joten dabe ospitaletako amatasun geletara, ama ezkondubakoei, prostitutei edo pobreei jaiobarriak erosten ahalegintzeko; prezioak zaku bat arroz edo 150 euro izan daitekez. Baina kontua ez da hor amaitzen; izan be, trafikatzaileek umeei proba medikoak egin ohi deutseez GIBaren birusaren eroaleak ez dirala ziurtatzeko.