Bertsotan  III. urtea // 46. zenbakia

Txapelketa urtea da Bizkaian


2004ko egitasmoa

Esan doguna. Aurton txapelketa urtea da eta esan leiteke, bertsoa egiteko prozedura bera errepikatuta, aurtongo egitasmoa atzekoz aurrera pentsauta dagoala. Abenduaren 19an Euskaldunako Jauregian izango dan finalak zehaztu dau Bizkaiko Txapelketearen egutegia, eta honek Elkartearen beste egitasmoak baldintzatuko dauz. Txapelketa urte hau udabarrian hasiko da zazpi eskualdeetako txapelketakaz (Enkarterrietan be antolatuko da lehenengoz) eta udagoienean izango dau jarraipena Bizkaikoagaz. Lehenago baina, badira lehiaketa gehiago be. Martian bertan, Bizkaiko Ikastolen Elkarteagaz eta BBK erakundeagaz alkarlanean antolatzen dan bertsolari gazteentzako BBK sariketea jokatuko da. Ezin dogu ahaztu taldeka jokatzen dan sariketa honek bertsolari gaztetxoenengan daukan erreferentzialtasuna. Txapel Bete Bertsori behar dauan laguntzinoa emongo jako eta ahalegin berezia egingo da erdalguneetan bertsolaritzearen presentzia sustatzeko, asmo horregaz antolatutako bertso-saioen bidez.

Transmisinoan, irakaskuntzako zereginei eutsiko jake eta arreta berezia iminiko da bertso-eskolakanako konpromisoa sendotzen, honeek dira eta bertsolaritzearen geroratzea ziurtatuko daben esparru naturalak. Ikerkuntzan egitasmo berezia dago 2004an: Bizkaiko Bertsogintza III liburua preparauko da, Xabier Amurizak hasitako bilketa lana osotuz.

Urte osoko egitasmoa aurrera eroateko Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek 340.000 mila euroko aurrekontua onartu dabe.

Amaitzeko, Bizkaiko Elkarteak arreta berezia jarriko dau Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak abiatu dauan bateratze prozesuari, herrialde guztietan egiten dan lan aberatsari eraginkortasun osoa emoteko egiten ari dan ahaleginari. Euskal Herrikoaren ganean, esan behar dogu Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia zezeilaren 28an izango dala, eguerdiz, Senperen. Han be izango dabe Bizkaiko egitasmo berezien barri eta han batuko dira gure indarrak maila nazionaleko proiektuaren bidez bertsolaritzearen hedapenak, transmisinoak eta ikerkuntzeak 2004an aurrerapausu barria ezagutu dagien.

IƱaki Aurrekoetxea

Bertsolaritzan beste edozein esparrutan legez, urtearen hasikerea izaten da aurrekoaren balantzea eta datorrenaren soinekoak egiteko sasoia. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak be bete dau helburu horreekaz urtero-urtero bazkideakaz Batzar Nagusia egiteko daukan konpromisoa. Eta 2004ari begira iminita, urte birik behin ezinbesteko erreferentzia dana dogu abiapuntu eta helmugea: Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. Txapelketa urtea izateak ez dau esan gura beste egitasmorik ez dagoanik, ezta gitxiago be, baina arreta eta indar gehien eskatuko dauan ekimena berau izango da.

Joan dan barikuan, zezeilaren 20an egin zan Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia. Urtero herri desbardinari bisitea egiteko ohitureari jarraituta, aurton Igorreko udaletxean egin da batzarra. Holakoetan ez da bazkide kopuru handiena batzen, baina beti dago Elkartearen martxea hurragotik ezagutu gura eta, zelan ez, bere ekarpentxua egiten dauanik be. Igorreko batzarrean, Elkarteak igaz egindakoari eta aurtengorako daukazan egitasmoei bedeinkazinoa emon jaken. Argi geratu zan bertsolaritzeak Bizkaian daukan pisua agirikoa dana eta Bertsozale Elkarteak bertsolaritzearen alde egiten dauan beharragaitik badala nor herrietan eta erakunde publiko zein pribatuen aurrean.

Aurreko ekitaldiko balantze ona

Elkartearen eginbeharrekoak hiru ardatzetan antolatuta dagoz: Transmisinoa, Hedapena eta Ikerkuntzea. Idazkaritzak horreetan egindakoa osotu egiten dau. Igazko urtean transmisinoan jarraipena emon jakon Bizkaiko ikastetxeetan bertsolaritzea irakasteko programeari. Guztira, 70 bat eskolatan dabiz Elkarteko lau irakasle, ia 2000 ikaslerengana heltzen diranak. Irakaskuntzearen inguruan egiten diran ekintza osogarriak hainbat dira: Bizkaia Irratian Zortziko Txikia irratsaioa, kantaldiak eta bertsolari gazteakaz bertso-saioak. Talde horreen ondorengoak dira ikastetxe batzuetan eskola orduz kanpo sortutako bat-bateko taldeak, zeintzuetan bertsogintzea arreta bereziagoz lantzen dan eta besteak beste, urtean zehar barnetegiak antolatzen dira talde horreetako ikasleentzat. Ganerako bertso-eskolei urteroko laguntzea eskaini jake eta ardura berezia jarri izan da bertso-eskoletako datu basea osotzen eta irakasleen prestakuntzan.

Ikerkuntzan azpimarratzekoa da igaz Alfontso Irigoienen fondoa osotzeko egindako lana. Laurehun argazki baino gehiago, hiru milatik gora liburu, mila eta zazpiehun dokumentu...; Bizkaiko bertsolaritzearen historiaren barruan, altxor handi bat behar dan moduan gorde da, ezagutu gura dauanak non bilatu izan dagian. Hedapenari jagokonez, aparteko barrikuntzarik izan ez bada be, aitatzekoa da bertsolari gazteek antolatutako Txapel Bete Bertso ekimenari emon jakon laguntzinoa.