Barriketan  III. urtea // 46. zenbakia

Anjel Gondra: 'Gaur egungo gazteek garizumea zer dan be ez dakie'

Aratoste sasoian bete-betean sartuta, garizumearen aurreko egunetan buru-belarri gabiz; udako jai giroaren aurretik, neguko jai ederrak dira aratosteak eta txitxiburduntzi, basatozte, eguen zuri, atorrak, estudiantinea, koko-egunak, txino-dantza, txantxoak, inudeak eta artzainak...danak dira egunotako osogai eta gehiegikerietarako atxaki.

Jaun zuria eta atorra (1993)

Begira nondik nora jatorkun gauzia,
zortzirehun eta berrogeitamargarren urtian,
urte horretan datza Atorraren jatorria,
sasoia berean zan, da, 'allegan' Jaun Zuria.

Arelez aurten bere etor dira Bosnioak,
hori dala eta gure Ramon erropa barriak,
Portua suloturik eta Portuondoko bidiak
laster egingo deusku Polikiroldegiak.

Jake narru barriak itsasorako dira,
gure atorrak barriz egiteko bira
euk ezan beharko dok. Mutila nora oha?
Jantzi atorrak eta ahastu itsasoa.

Mundakako aratuste jaien jatorria argi-argi ez dagoan arren, jai giroan sartuta, XXI. mendera arte gorde diran Mundako aratusteak hobeto ezagutu guran, Anjel Gondra, Mundakako Kulturako Zinegotzia konbidau dogu.

1. Tolosa, Lantz edota Uztaritzeko inauteriakaz batera, Mundakako atorrak eta marraoak be ezagun-ezagunak dira Euskal Herrian. Ezaugarri nagusia mozorrotzea edo disfrazetea izaten da baina Mundakan kantuak be nahitaezkoak dira jaiotan.

Ezertan hasi aurretik gauza bat argitu gurako neuke. Francoren sasoian galazota egon zan mozorrotzea eta orduan derrigorra zan aurpegiak agirian eroatea. Holan ba, Mundakan aratusteetako geratu dan bakarra estudiantinea da, izan be, urtean zehar herrian pasautako guztiak kantuz esateko modua baino ez egoan; gobernuaren kontra edo inoren kontra egitea galazota egoan. Militarren jantziak eta eleizakoak erabiltea be ezinezkoa zan, ez bakarrik Mundakan leku danetan baino. Egoera horretatik, Mundakan salbau dan bakarra, dinotsudan legez, kantua izan da. Urtero letra eta musika barriak sortzen doguz eta, beti be, herrian urte barruan izan diran kontu eta pasadizu guztiak kontetan dira (fulanok ez dakit zenbat seme-alaba euki dituala, orain urte batzuk sute handiak izan zirala herrian, ezbeharrak eta bestelakoak).

Antxina-antxina kantuak moteteak ziran, itzulpenik bakoak gehienak. Berbarako, kosta guztian kantetan da sasoi honetan: 'otzaratxu bat, otzaratxu bi', 'Tragola, tragola, tragola, soixia, itxasorako otzarria' arrantza munduagaz lotutako gauzak beti.

2. Kantu horreetan zer kontetan da?

Gitxi asko esan dogu kantuetan zer kontetan dan baina hona hemen kantu ezagunenetako batzuk:

J.M Egileor, 1960

"Aratuste zara, Aratuste
Mundakarrentzat
Egun obarik ez.
Marrauak atorra zurijakaz
Buruan pañuelo sedazko
Ederrakaz.

Aratuste zara, Aratuste
Tostada egunak,
Ederrak onexek,
Onek jan eta neskak artun da
Plazara dantzan
Iluntzerarte.

Baita atso zarrakaz,
Goiko kalian,
Ziri ta zara,
Arrasta eziñik
Gure Elorriyua,
Arek ziran
Aratustiak!"

El pajarito muerto

"Moja budi tajua
Artatxorio lakua
Samurri Rhudiantar
O cualquier txori-santar

Sindanhapuri kaula
Escapau de la jaula
Tagore bi sekenda
Kaiolatik urtenda
Katuak kasi jama
Gogoratu bere ama
Bramasunda zepotik
Ya eskapa leyotik

Nerukadar usumi
Ayer noche yo le vi
Indi nibar y Ziraya

Rakoli, rakoli, rakoli antar
Ay txori, ay txori santar
Mesuri, mesuri, mesuri, mulek
Jangotzu, jangotzu, katuen batek."


3. Jaiak, ohiturak, tradizinoak... kasurik gehienetan bizimoduaren gorabehera eta usadioetan oinarrituta dagoz. Mundakako atorrak eta laminak jatorri ezagunekoak dira?

Atorren kontua nondik datorren zehatz ez dago jakiterik. Dakiguzan kontu apurren artean, 1700. urtean edo hor inguruan, Udalaren debekuak egoten zirala badakigu, hau da, atorra jantzita noiz arte ibili eitekean, San Pedro bezperan be ezin zala mozorrorik jantzi, eleizan angelusa joten ebenean, kaputxak altxau behar zirala eta era horretakoak.

Laminen jatorriaren ganeko kontuak, barriz, ezagunagoak dira, izan be, oraintsu ospatu eben euren 25. urteurrena. Gizonezkoei erantzuna emon guran sortu ziran laminak, nahasterik sortu barik, eurak be jai giroan sartu ahal izateko. Kontua da ze, orain 25 urtera arte gizonezkoen kontua baino ez zala.

4. Atorra alkondarea ala belaunetarainoko jantzia da?

Mundakako atorraren atalak ondokoak dira: alkondara zuria normala, praka zuriak eta abarketa zuriak. Gerritik behera gona bat eroaten dogu kirruzkoa eta kokotetik gerriraino beste gona bat erabilten dogu. Buruan, barriz, almude edo oheburu-azala sartzen dogu puntillakaz. Korrika joakeran, jausi ez daiten painelua ipinten dogu; painelua kolore handietakoa izaten zan lehen eta gaur egun, barriz, kolore gorrikoa behar da; gero, neskakaz dantzan ibilkeran euskeraz eta falsetean egin behar zan barruan nor egoan ez igarteko; horrezaz ganera, plantak egiten eta makakoarena egiten ibili behar izaten genduan ibilkereagaitik be ez igarteko.

5. Marraoak zer dira Mundakan?

Marraoa da mozorrotuta dagoan gizonezkoa. Sasoi batean atorrak baino ez eben urtetan hiru egunetan eta horregaitik geratu da jentea atorraren kontuagaz. Atorra jaskerea baino ez da.

6. 'Goizetik kanta, iluntzean dantza eta zirriak gauerantza' dakar kantuak. Atorrak laminei iperdia ukutzea da tradizinoa; gaur egun, ostera, desfase handia dagoala uste dozu?

Gauzak goitik behera aldatu dira; desfasea badagoala egon pentsetan dot. Askok pentsetan dabe askatasun osoa dagoala zirriak egiteko baina hori ez da holan. Lehen zirri bat egitea ez zan eskua sartzea gaur egun aitzen dogun moduan eta jentea pasau egiten da. Zirri bat egitea apur bat makurtu eta keinu bat egitea baino ez da. Esangura horretan, antxinako tradizinoa edo ohiturea galdu egin da. Mundakako aratusteetan neskei iperdia ukutzea ez dago libre askok holan pentsau arren.

7. Gauza jakina da lehendik datozan ohiturak denporeagaz galtzen doazela, batez be jente gazteak erreleborik emoten ez daualako. Mundakan be pasetan da holakorik?

Ez. Errelebo arazorik ez dot ikusten. Mundakan danak dagoz 18 urte noiz beteko zain atorrakaz urtetako ze mundakarrentzako aratuste egunean atorrakaz urtetea lehen jaunartzearen parekoa da.

8. Aratusteetako domekan, atorrak jantzita, portuan iladan jarrita jentea kantuan ikustea momenturik gogoangarriena da Mundakan. Dana dala, ikuskizun horretarako ez dago ordu jakinik?

Gitxi gorabehera bai. Urtetako sasoia mezaostea izaten da baina lehenengo, goizeko 10:00-10:30ak aldera, herri guztian zeharreko osterea egiten dabe txistulariek. Antxina, aurpegiak tapauta joaten ziran txistulariak atorrakaz eta herritarrak zirikatzen ibilten ziran lamina batzuk. Mundakan azokea egoten zan eta hor joaten ziran bateri porru bat kendu, besteari arrautza bat edota andra zahar bateri arrapalada bat emon, balkoietara igon eta hotzitzen itxitako tostadak egiteko ahia ohostu eta holan; gaur egun, holakorik ez da egiten. Dana dala, eguerdiko 14:00etan edo portura heltzen da txistulari taldea eta hor 200 lagun inguru batzen dira; jakina, gehiago be ibilten dira galduta herrian. Gaur egun, edade guztietako lagunak ibilten dira; lehengo denporetan, barriz, Alkatea, udaltaldea eta herriko medikua be ibilten ziran. Badagoz aldeak, lehengoa eta gaur egungoa konparauta, izan be, lehen dirua batzen zan; gaur, ostera, marrauek liburutxuak erregaletan dabez kantu zahar eta barriakaz.

Egitarauagaz jarraituz, portuko ekitaldiaren ondoren, tabernarik taberna ibilteko ohiturea dago eta arratsalde partean laminen txandea izaten da.

9. Aratusteak pasau eta garizumea dator gero, baraualdia eta komediak...

Antxina bai, gehiegikerien ostean geldi, berrogei eguneko baraualdian. Gaur egungo gazteek, barriz, garizumea zer dan be ez dakie.

Koldo Isusi Zuazo