Euskal jatorriko labela
Jon Maia, 1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea. Azken agurra:
Ama Extremadura
aita Zamoratik
abuela ta abuelo
haien aurretik
herri hontan sustraitzen
asmatzeagatik
neuk e maita dezaket
guztien gainetik
euskeraz badakit
bertsoz darabilkit
dena zuengatik
halaxe dagokit
denek kantatu dute
nere ahotik
Xabier Paia
Gaur bihotzez berba egitera natortzue. Ez daizuela pentsau orain arteko dana ez dodana maitasun osoz eta gogo betez egin, baina oraingoa aurrekoak baino sano parajeago lotzen da neure bihotzetik.
Aurreko artikuluan zeharka aitatu neban kontu zaharra da barrituta dakardana: euskaldun barriak eta euskaldun zaharrak. Barregarria edo lotsagarria begitanduko jatzue jarraian imini behar dodan adibidea, baina www.google.es web orrian “euskaldunberri” terminoa bilatzen baldin badozue, honexek urtengo deutsue lehenengo erantzun nagusi legez:
"Euskaldun" significa "el que habla vasco". Hay dos clases de euskaldunes: el "euskaldunberri" -o persona que sabe vasco como segunda lengua-; y el "euskaldunzaharra", o sea, el que lo tiene como idioma materno. Berri=nuevo; zaharra=viejo.
Eta nik pentsetan nebala aristokrazia eta kapare kontuak historia zirala! Antza, emoten dau Jaungoikoak bigarren uholdeak egitea pentsauko baleu, euskaldun barriak euskaldun zaharren atzetik sartuko ginana. Berba bi horreen egokitasuna, oraindino soilik, zalantzan jarri ondoren, neure hazur-haragitan bizitako esperientzia bat ekarriko deutsuet pantaila aurrera. Aldez aurretik, testuaren amaierea leiduten ez dabenentzat, jakin daiela Xabier Paia iminten dodala, baina Xabier Payá dala berez gurasoek emon eustien izena eta Algortan bizi nazana.
Testuingurua zehaztuta, hamasei urte neukazan bertso-bazkari bateko emakume batek euskaldun barria edo euskaldun zaharra nintzan galdetu eustanean. Galderak sentsazino bi sortuarazo ebazan nigan: euskaldun zaharra nintzala zalantzan jarten baeban, nire euskerea ez zan horren txarra izango; euskaldun barria nintzala kolokan baegoan, abizenak eragindako duda-muden ondorioa izan eitekean galderea. Nik ordurako baneukan EGA atarata, baina egadun orok badaki agiria lortzeko ez dala euskeraz jakin behar, pistolearen hots-uztardurea danba-danba dala baino. Emakumeari euskaldun barria nintzala esan neutsan, baldin eta euskaldun barria izatea lehenengo berbea “morokila” beharrean “papilla” esatea bazan, eta baldin eta euskaldun zaharra izatea euskerea gurasoakandik jasotea bazan. Berak bekokia uzkurtu eta holanik erantzun eustan: “bueno, barri-barria be ez... euskaldun barri zaharra edo.”
Zer da euskaldun barri zaharra izatea? Ez naz hasiko Soziolinguistika Inkestearen analisi sakona egiten, baina pentsau daigun Euskal Herrian 800.000 euskaldun gagozala. Horrenbestek euskeraz komuniketan daki (beti be euskera mailea kontuan hartu barik eta ikasleen eredu diran irakasleek euskeraz ondo egiten dabela imajinatuz). UNESCOk euskerea moduko hizkuntzei opa deutsenari erreparauta, zertarako egin behar dogu 800.000 euskal herritarren arteko hizkerearen jatorriaren araberako banaketea? Horreetatik erdiak baino gehiagok ez dau ergatiboa ondo erabiliko, laurenak *famosoetaz berba egingo dau lagunakaz eta seirenak *ez gurako dau lan egin. Eta horreek zer dira, euskaldun barri hasibarri akastunak?
Euskaldun gitxiegi gagoz sei euskal herrietan. Beraz, ez gaitezan banaketa mingarrietan hasi. Are gehiago, gauza bat argia da: Aitorren hizkuntza zaharraren geroa erdalgunean dago, Pérez, Abu-Chams eta Voicescu abizena daukien euskaltegietako ikasleakan, hain zuzen. Dana etxean egina emon deutseen horreekaitik balitz, “Espainia hobeto joango litzateke”. Euskalduna naz eta... itxi harro egoten.
Ez da lehenengo aldia holako gauzak idatzi edo esaten dodazana, baina egia da kritika hutsa ez dala inoiz ona. Proposamenen bat egitea zilegi izaten da zer edo zeren alde ez dagoanarentzat. Hemen neurea: danok gara euskaldunak, batzuek hobeto egiten dabe berba beste batzuek baino, baina Extremadura eta Zamorako arbasoak daukazan euskaldunak be euskera ona erabili ahal dau (ikusi nire aurreko artikulua, euskera ona, zuzena eta egokia). Frogarik gura dozue? Hemen bat!