Inauteriak-Aratusteak-Karnabalak Euskal Herrian
Gehiago zehaztuta, Euskal Herriko inauterien egutegia urte barriagaz batera hasten dala esan geinke.
Azpilikueta, Etxalar eta Lekaroz aldean, Errege Egunagaz batera hasten ziran inauteriak. Erasunen urtarrilaren erdialdean. Baina, gure egunotan, Ituren-ek eta Zubietak zabaltzen dabe inauteri sasoia. Zubietako joaldunak Iturenera joaten dira, alkondara zuria euren soinean daukiela. Gero, Iturengoak Aurtiztik Lasagarako bidetik euren ardi larruzko txalekoak jantzita bueltetan dira Zubietara.
Sinismen zaharretan oinarrituta, joaldunek garrian lotutako zintzarri handiak astinduz ataratako burrunbeagaz uxatuko dabez espiritu gaiztoak eta zaldi buztanagaz egindako isopua eskuekaz eraginda bedeinkatu bazter guztiak.
Zubieta eta Ituren joaldunekaz lotzen diran moduan, Zalduondoko inauteri-personaia “Markitos” da; Uztaritze nahiz Beskoitzekoa “Zanpantzar”; Markinakoa “Hartza”; Lantzekoa “Miel-Oxin”; Lesakakoak “Zaku-zaharrak”; Altsasukoak “Moxorroak”; Agurainekoak “ Porrero eta Sorgina”; Kanpezukoa “Toribio” etab...
Personaiok urte zaharraren kutsadurea eta barriaren garbitasuna sinbolizetan dabe, eta antxinatik egin be. Horregaitik txikitu, epaitu edo erre egiten dabez sugarretan.
Inauteriak sustrai sendoak daukiez beste hainbat herritan be. Panpina mitologiko edo barregarrien ordez ikuskizun eta ekintza bereziak opatzen dabez: Abaltzisketan, “txantxoen makil-dantzea”; Aretxabaletan, “txino-dantzea”; Antzuolan “sorgin-dantzea”; Goizuetan, “zahagi-dantza”; Mundakan, “ atorrak”; Nafarroa Beherean, “ kabalkadak”; eta Zuberoan “maskaradak”;
Inauteri ospetsu horreez gan beste batzuk be badagoz. Baserri aldeko inauterietan edonor mozorrotzen da eta talde batzuk agilando eske be ibilten dira. Mozorrotze bitxi bat aitatzearren, Zeberiokoa aitatuko dogu. Gizonezkoak andrazko janzten ziran eta adrazkoak gizonezko, barre-algarak sortarazoz.
Gaur egun, uri giroko inauteriak dagoz nagusitzen. Mozorroek hartzen dabe pisurik handiena. Gaurko moda-modako mozorroak egin edo eginda erosten dira alde batetik, eta bestetik, daukazanak kamarako eskapolotean gordeta geratu diran soineko zaharrak aprobetxetan ditu.
Egun, inauterietako jai giroa aste osokoa bihurtu da, batez be eskola munduan, eta eguna gauagaz lotu eguzki zein ilargipean.
Mozorrotze ohiturea aspaldikoa dogu eta zer hobeto Mesopotamia zaharreko mito edo esaunda bat aitatzea baino. Aikomen:
“BIZITZA ETA HERIOTZA” MITOA, MESOPOTAMIAN
“Behinola, Heriotza, Bizitzaren bizitasuna ikustean, ezin zuen arteak ere hartu eta negualdean sartu ahala, apurka-apurka Bizitza menperatzen hasi zen itxuraz ezerezean edo gauza ez dela utziz. Baina, handik geroagora, udaberria agertu ahala, Bizitza, berrien berriz hasi zen lurpeko lozorrotik erne, hazi, garatu, heldu eta uzta ematen Heriotza menperatuz. Harrezkero, horrela dabiltza Heriotza eta Bizitza bata besteari deutsala.”
Gauzak holan, Mesopotamia aldean eta beste leku batzuetan be, gizarteko erregeak jaungoikotu egin ebezan eta zeozelan naturearen ziklo hau imitetan hasi ziran. Horretarako, triduo edo aste errituala ospatzen hasi ziran, kaosetik ordenerako bidea gogoratuz:
“ Erregea, hiru egunez, aginpide gabe uzten zuten, dena kenduta, lotsatuta, soineko zaharrez jantzita. Berba baten esanda, kaosean uzten zuten. Gero beste hiru egunez, berriro jartzen zuten ordenean eta bere lekuan, udaberriko natura bezala.
Bibliografía: Juan Manuel Etxebarria Ayesta, “Euskal urtea ,ohituraz betea”. Ibaizabal.2003
Juan Manuel Etxebarria Ayesta
Hiru izenak erabilten dira egun ospetsuok adierazoteko eta egia esan, hartzen doguna hartzen dogula, eretxi desbardinen munduan sartuko gara pentsakera gehiagori be ateak zabalik itxita. Euskal Herri luze zabaleko euskalkien arabera, “INAUTERI” berbea, era askotara esaten da: iñauteri, ihauteri, iñoteri etab.
Hitzaren jatorria ez dago argi, baina zehazten joanez gero, “ INAU / IÑAU + TE + ERI / IRI daukagu. Atzizkiak ulergarriak dira baina hasikerako lexemea ez dago bape argi. Batzuek “iñakin (burla), iñoso (burlón) edo iñul (imbecil)” berbakaz lotzen dabe. J.A.Urbeltzek, barriz, “iñauste” berbeagaz. Batetik datorrela zein bestetik, “INAUTERI” berbea zabal dabil bai ahoz, idatziz zein ekintzaz be.
“ARATUSTE” berbea be modu baten baino gehiagotan esaten da, batez be bizkaierearen eremuan: “aratuzte”, “aratoste”, “ateste” etab. Emoten dau “(h)aragi uzte” gaz lotuta dagoala. Eleiza Katolikoaren aginduetara joten badogu, garizuman, barikuetan batez be, barau eta bigilia edo haragi ixtea egin behar izaten zan. Urteko beste barikuetan be egin behar izaten zan baina buldea erosi ezkero jan eitekean haragia. Baraua, bizkaierazko “bariku” berbean bertan daukagu: “abari bagako” > bariaku > bariku eguna. Hortik gero, barausi (gosaldu), barauskarriak (baraua hausteko janariak).
“KARNABALAK” berbea gazteleratik hartuta dago eta lehenago latinetik. Hemen be ez gatoz bat. Batzuentzat: “carne vale “ da, hau da, “agur haragia”. Beste batzuentzat: “carrus navalis”, hau da, inauteri jaiak ospatzeko gurpil ganean ipinten eben barkua, barru bete jentegaz euren jantzi berezi, janari, edari eta abarregaz paseatzeko herrian zehar. Beste batzuentzat: “carnes tolendas”, hau da, bigilia egin edo haragia baztertu.
Ikusten danez, “INAUTERIAK” izenagaz adierazoten doguna etimologiatik argitu geinkena baino harago joan jaku ta gaur egun medio sofistikatueri esker ikusi egiten doguz batean besteango ospakizunak. Dana dala, egin daigun historia apur bat, haragoko eta honagoko bitargi batzuk eskainiz.
Lehenago be esan dogun moduan, inauterietako jai giroa naturearen berpizteagaz batera dator eta hori konstante bat izan da munduko herrien artean. Hasikeran kutsu erlijiosoa edo espirituala eben eta horregaitik inauterietan era desbardinetako maskarak, mozorroak edo disfrazak egiten ziran, hilen espiritua antropomorfizatu eta espiritu txarrak urrunarazoz santuraren berbizte ona egiteko.
Urtearen antolaketean, udaberriko naturearen berbizteak garrantzi handia euki dau beti gure kulturetan. Baina natura-berbizte horren ospakizuna aurreratu egin dogu gure egutegian, Eleiza Katolikoaren antolaketako garizumea errespeteteagaitik. Udaberriko lehenego ilargibetetik harako lehenengo domekea beti izaten da Pazko Eguna; zazpi egun lehenago, Erramu Eguna eta berrogei egun lehenago Hauts eguna, hau da, garizumearen hasikerea eta jakina, bezperan “karnabaletako martitzena”. Aikor ba aratuste edo inauteriok.
Gaur egun ia mundu osoan ospatzen dira inauteriak, batez be mundu erromanikoan eta Ameriketako herrietan.
Euskal Herri luze-zabalean be ezagunak dira, besteak beste, Mundaka, Lantz, Lesaka, Unanu, Zalduondo, Ituren eta abarreko inauteriak, baita Zuberoako maskaradak be.