Bidaide  III. urtea // 46. zenbakia

Beijing (Pekin) III

Kaosaren uria


Arazoak

China Telecom da bertan dagoan telekomunikazino enpresa bakarra, eta ondorioz, Txinan dagoan kaosaren erantzulea eta erruduna. Berak dauka sektorearen monopolioa eta gura dauana egiten dau, nahiz eta eraginkorra ez izan. Berbarako, biztanleek kalidade txarreko telefono dei baten trukean dirutza itzela pagau behar izaten dabe (Beijing-Europa deiak 2,5 euro) eta ganera horretarako egun osoa galdu. Halan da be, emoten dau uriburuan egoerea aldatzen hasi dala; baina urietan eta horreetatik kanpora be kaosak urteetan segiduko dauala esan geinke.

Air China be estaduko beste enpresa eskas bat da. Honen barruan China Eastern, China Southwest eta azken baten R.P. China izenagaz behar egiten daben hegazkinen konpainiak dagoz. Botere zentralagaz zuzenean lotuta dagoz eta prezio karuak euki arren, hegaldien planifikazino txarra dala ta eskaintzen daben zerbitzua ez da bape ona. Berbarako, Shenzhen-Beijing ibilbidea egiteko 500 jesarlekutako Boeing 747-400 hegazkina erabilten dabe, eskaria 150 personetakoa izan arren. Holan baliabideak eta dirua alperrik galdu baino ez da egiten.

Txinan hegazkinez

Aeronautikearen eremuan, Txinak asko aurreratu dau azken aldian. Orain hamar urte aireportu gehienetan Errusian eregitako hegazkin zaharrak baino ez genduzan topauko. Horregaitik, sarritan istripuak egoten ziran eta biaje bat hegazkinez egitea arriskutsua zan. Larogeita hamargarren hamarkadan, ostera, Txinak azpiegiturak hobetzea erabagi eban. Holan, hainbat aireportu barriztu ebezan eta euretariko asko teknologia barrietara egokitu. Bidaiarien kopuruak gora egingo ebala konturatu ziran, eta Boeing zein Airbus-i hegazkin barriak erosi eutsezan. Enpresa horreek, munduko merkatu sortu-barrian sartu guran, eskaintza interesgarriak egiteko euren artean burrukan be egin eben. Egoera barri hau dala ta, Txinak gaur egun hegazkin moderno eta seguruak daukaz, eta aireportuetan egindako hobekuntzak gogoan hartuta, hain herrialde handi batean mobiduteko garraiobiderik onena hegazkina dala esan geinke. Ezaugarri hau dala ta, nazinoarte mailan Beijing eta Shanghai ‘hub’ (airezko trafikoaren banatzaileak) herrialde legez sendotu dira eta sasoi batean euki ebena baino protagonismo gehiago lortu dabe.

Duda barik, Beijing uriburu garrantzitsua da, berezia. Gauza ederrez beteta dago, baina Txinako ganerako urietan legez, kaosa eta zoramena da nagusi. Halan da be, aurreikuspenak beteten badira, urte gitxitan aldaketa asko egongo dirala esan geinke eta holan turistak gustorago sentiduko dira.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Beijing-etik kanporantza joanda munduko zazpi edertasunetatik bat topauko dogu: txinako harresi handia. Beronen irudia askotan ikusi dogun arren, begien aurrean eukiteak oraindino be inpresinoa emoten dau. Badaling da turistentzat (ia danak txinatarrak) gehien preparauta dagoan harresiaren gunea. Bisitariek gustokoen daukien lekua be bada, azken aldian egindako aldaketek ikusgarritasuna kendu deutsen arren. Baina oraindino sasoi bateko harresiaren hondakinak topau geinkez, edozein hondakin erromatar edo grekorekin konparetako modukoak. Honeek herrialdean milaka kilometrotan zehar dagoz.

Igokeran (eskalekeran hobeto esateko) topau geinken arazo bakarra kantsau egingo garala da. Izan be, ehundaka eskailera dagoz, ondo preparauta dagoan edozein kirolari be lur-jota ixteko modukoak. Baina ez dogu zertan arduratu, izan be, izerditan heltzen dan turisteari atoan hurreratuko jako jente piloa postalak, mapak edo edari isotonikoak (danetan garrantzitsuena) eskaintzera.

Bizikleten uria

Beijing-en dagoan organizazino falteak eta garraio zein telekomunikazino zerbitzu txarrak harridura gehien eragingo deuskuen ezaugarriak dira. Izan be, garraioa saturauta dago eta telekomunikazino sarerik ia existidu be ez da egiten. Kaleetan bozinen zaratea baino ez da entzuten eta edozein ordutan sortzen diran ataskuak mendebaldeko munduan ezagutu be ez dira egiten. Turista amerikar batek honakoa esan eban hegazkina Bangok-era hurreratzen egoala: ‘Zelako aparkaleku handia!’. Esakera hau Asiako edozein uritan aplikatu leiteke, baita Beijing-en be. Jente gehien dabilen orduetan kaleek aparkaleku baten etxurea hartzen dabe, kotxeak ez aurrera ez atzera geldi egoten diralako. Baina gogoratu daigun Beijing ‘bizikleten uria’ dala. Ezaugarri honek auto-ilaren arazoa gitxitzen dau, baina kaletik paseoan ibiltea arrisku handiko kirol bihurtzen da.

Herrialdeko ganerako urietan legez, oinezkoa da zuzenean kaosa aguantau behar dauana, lehentasunik ez dauka eta. Auto-gidariek ez dabe abiadea moteltzen oinezko bat bidea pasetan ikusten badabe. Bera da korrikan hasi behar dana autoak (askotan poliziak berak) zapaldu ez dagian. Horrezaz ganera, Beijing-en bizikletaz ibiltea be ez da lan erreza. Ondo preparauta egon behar da, ia freno bako autobusek edo beste ziklista batzuek norbera aplastetea gura ez bagogu behintzat.

Aireportuko egoerea be ez zan bape ona 1999ra arte. Holako uriburu batek hegaldiei buruzko informazinoa ikusteko pantailarik be ez eukiteak guzurra emoten dau. Azkenengo minutura arte ez da jakiten hegazkinera zein atetik sartu behar dan. Hori dala ta bidaiariak atletismoko marka onenak gainditu beharko dauz hegaldia hartu gura badau. Aireportuko bigarren terminala eregi zanean, arazo honeek guztiak amaitu egin ziran, baita ordura arteko kaosa be. Gauzak holan, gaur egun munduko uriburu jentetsuenak behar dauan azpiegiturea dauka.