Elikaduraren inguruko gomendio nagusiak
“Jateko modu asko dagoz baina elikatzeko modu bakar bat”
Beraz, edozein herritako gomendioen asmoa elikadura edo nutrizino on baten baldintzak bete ahal izateko modu bat bideratzea izango da.
Hobe da elikagai mota askotatik apur bat jatea, gitxi batzuetatik asko jatea baino
Ez dogu ahaztu behar elikagai mota desbardinak jateak gure elikadura orekatua izatea errezten deuskula, elikagai batek ez daukazan mantenugaiak beste batek euki leikezalako.
Ez dago elikagai onik ezta txarrik be, bakotxak bere berezitasunak daukaz, eta guztiek euren osotasunean gure elikadurearen orekea lortzen laguntzen deuskue.
Zeintzuk dira gure gizarterako gomendio orokorrak?
Gomendioak elikagai taldeen arabera egiten dira eta hurrengoak dira:
·Esnekiak (esnea, yogurra, gaztaia,…): 2-4 errazino egunean.
·Okelea, arraina eta arrautzak: errazino bi egunean (eguerdian eta gauean).
Arrain urdina: 2-3 biderrez astean.
Arrautzak: 4-5 astean.
·Lekaleak: 1-2 biderrez astean.
·Zerealak eta patatak: 4-6 errazino egunean (honeek izan beharko litzatekez gure elikadurearen oinarria)
·Frutea: 3 pieza egunean (600 gr. inguru).
·Barazkiak: 2 errazino edo gehiago egunean.
·Orioa: 3-5 zopa koilarakada egunean.
·Ura: 1,5-2 litro egunean (hemen elikagaiek eurek daukien ura be kontutan euki behar dogu).
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrua.
Nutrizinoa zientzia moduan XIX. mendean egituratu zan eta hortxe hartu dau indarrik gehien. Modu horretara, ikerketak metodologia zehatz bat jarraituz bideratu ezkero, ikerketotatik lortutako emoitzak ondorio orokorragoetan adieraztea posible da, izan be, horixe da edozein zientziaren helburua.
Ondorio orokor horreetan oinarrituta posible izaten da gomendio orokorrak emotea. Gomendio orokorrak emoten diranean, gitxi gorabehera populazinoaren % 97aren beharrizanak betetea lortu gura izaten da. Beharbada persona batzuentzako sobran egondo dira gomendioetan adierazitako kopuruak baina guk gehiengo handi baten beharrizanak ziurtatu gura doguz. Aitatutako % 97 horren gainetik dagoan % 3aren beharrizanak handiagoak izango dira eta persona horreentzako gomendioak handiagoak izatea nahitaezkoa izango da. Gehiengoaren beharrizanak beteteko ahalegin horretan, gauza asko aitzeko bideak topauko doguz, besteak beste, zergaitik persona batzuk gomendioak bete barik be gorputzean mantenugaien proportzino onari eusten deutsen eta elikadureagaz zerikusia daukien gaixotasunik ez daukien: euren beharrizanak txikiagoak diralako. Bestelako arazo batzuk be sortu leitekez: mantenugaien gabeziagaz zerikusia daukien sintoma edo gaixotasun batzuk agiri arte hainbat denpora pasetea hain zuzen; gauzak holan, jakin barik gabezia horreek eboluzionetan joango dira. Esandakoak esanda, gomendioei jaramon egitea gauza ona da.
Gomendioak taldeka egiten dira, gehienetan adinaren eta sexuaren arabera; berbarako 25-55 urteko emakumezkoak, 55-60 bitartekoak eta bardin gizonezkoen kasuan be. Baina beste batzuetan, egoera fisiologikoaren arabera be sailkatu daitekez, esaterako haurdunaldian edota titia emoten dagozan emakumeak. Faktore gehiago be badagoz, berbarako ariketa fisikoa kontuan hartu ezkero, gomendioak desbardinak izango dira sedentarioentzako eta kirolarientzako; ganera, kirolari “profesionalek” oso beharrizan zehatzak daukiez eta hori be ez da ahaztu behar.
Gomendioak ze gizartetan eta sasoitan emoten diran be kontuan eukitea oso garrantzitsua da. Edozeinek aituko dau Txinan eta Euskal Herrian gomendioak desbardinak izatea, besteak beste, elikagai desbardinak erabilten doguzalako hemen eta han (joan bestela txinatar jatetxe batera eta ikusiko dozue zenbat gauza barri deskubritzen dozuezan). Gaiaren harian, logikoa be bada orain 50 urte emoten ziran gomendioek gaurkoakaz zerikusirik ez izatea: jateko ohiturak bizitzeko moduagaz batera aldatzen diralako.
Kultureak eragin handia dauka ikerketa zientifikoak bideratu eta euretatik ondorioak atarateko orduan. Ezinbestekoa da ganera hurrengo faktoreak errespetetea: gizarteko sinesmenak (ez dauka zentzunik musulmanei txarri okelearen inguruko gomendioak emotea); gustuak edo preferentziak (guri intsektuen inguruko gomendio bat egin arren, seguruenik ez doguz jango); aukerak (zoritxarrez munduan zehar herri pobre asko dago eta horreetan euren aukeren barruan dagozan elikagaiakaz gomendioak emoten saiatzen dira adituak). Zer esanik ez, zientifikoak personak dira eta gauzak objektibotasunez aztertzen ahalegintzen badira be, beti euren kultureari eta gizarteari jagokozan jokerak errezago adierazoko dabez.