Euskaldunok munduan  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

NABO, North American Basque Organization


Alberto Alday,
Abokatua eta 'Euskaldunak Diasporan' gaiari jagokonez, ikerlaria eta idazlea.

NABO Erakundea zer dan eta zer ez dan jakin guran, Allberto Alday prest azaldu jaku berak dakizanak adierazoteko eta Renora eta Kaliforniara joateko geratzen jakozan egunak kontetan atrapau dogu. 'Euskaldunak ameriketan' gaia aitatzeaz batera diztira berezia ikusi dogu haren begietan, eta pozik kontau deuskuz ondorengo kontuok:

1. Zer da NABO eta zeintzuk dira erakunde horren helburuak?

Ipar ameriketako euskal etxeen erakundetzat edo federazinotzat hartu geinke NABO eta helburu nagusienen artean, AEBn sakabanatuta dagozan euskaldunak batzea, hurreratzea eta, azken baten, hartu-emonetan jartea izango litzateke. Helburuak, beraz, kulturalak dira, euskal kirolei, kantuei, ohiturei eta folkloreari eustea batez be. Kontuan izan behar da, 1973an, NABO sortu zanean gorabehera handiak egozala, han esaten daben moduan, spanish basque eta french basque taldeen artean; spanish basque taldekoak, bizkaitarrak ziran batez be, kosta partekoak gehienbat: Gernika, Markina eta Lea-Artibai ingurukoak; honeek, kolonia indartsua eratu eben Boise, Idaho eta Oregon inguruan, eta french basque taldekoak, ostera, iparraldekoak, batik bat Behe Nafarroako hegoaldekoak ziran: Baigorri, Aldude eta inguruetako herrietakoak; honeek Kalifornian, San Franciscon dagoz gehienbat. Gauzak holan dirala, Boise eta San Francisco uri sinbolikoak dira; izan be, euskaldunek uri horreetan dabee zentroa edo headquarter deritxena, eta esan dogun legez, oso garrantzitsuak dira NABOren helburuak eta ameriketan euskaldunek daben distribuzinoa ulertzeko. Horrenbestez, aitatutako talde horreen bien arteko mugak apurtzea eta taldeak hurreratzea izan ziran NABOren helburuak sorrera unean, eta emoten dau nahikoa bete dirala helburuok, ze ezkontzak be izan dira eta koloniak nahastau egin dira. Hasikeran, politika usain guztiak baztertu guran, NABOk uko egin eutson politikearen arloko ezein jarrera erakusteari.

2. Gaur egun zenbat kide edo bazkide ditu NABOk?

Munduan, Argentinan dago Euskal Etxerik gehien, eta bigarren postuan Estadu Batuak dagoz, berrogeita hamar Euskal Etxe baino gehiagogaz. Beste alde batetik, William Douglas antropologoak, Nevadako Basque Studies Centerreko zuzendaria izandakoak egindako ikerlanean esaten dau 50 mila inguru dirala euskaldunak AEBn, eta horreetarik 20 mila inguru Kalifornian bizi dirala. Dana dala, beste kontu bat azaldu gura neuke: 2000. urtean, NABOren urteko biltzarrean egon nintzan, eta euskal etxe bakotxeko ordezkari bi alkartu ziran; ordezkari horreek euren arazoak edo ardurak planteetan deutsiez NABOri. Benetan esanguratsua da NABOren egitureak AEBko egitura federalaren antz handia daukala: indarra klub edo euskal etxeetan dago, nahiz eta NABOk buruzagitzea izan. Jakina, euskal etxeen artean be badira aldeak, eta batzuk indartsuak dira eta beste batzuk, ostera, ahulagoak, baina euskal etxe guztiek bina ordezkari dabez NABOren biltzarrean.

3. NABOren parekorik edo antzekorik ba al dago Hego Ameriketan edo Australian?

Bai, Hego Ameriketan FEVA (Federacion de Entidades Vasco-Argentinas) izeneko Erakundea dago eta NABOren antzeko egitura federala dauka. Australian, barriz, ez dago Euskal Etxeen bilgunerik; egia esan, nik dakidala behintzat ,euskal etxe bi baino ez dagoz Australian: Sidney eta Melbourne urietan.

4. Zelako hartu-emonak ditu NABOk munduan sakabanatuta dagozan ganerako euskal etxeakaz?

Eusko Jaurlaritzearen bitartez sortu dira Euskal Etxeen arteko hartu-emonak. Hasikeran, euskal diasporearen ganeko lantaldea ipini eben martxan Kultura Sailaren barruan, eta geroago Lehendakaritzara aldatu eben, euskal diasporeari merezidu eban garrantzia emonaz. Urteetan, berenberegi arduratu dira gaiaz eta eten barik dabilz Euskal Etxeen arteko hartu-emonak bultzatzen, euren funtzinoak zehazten, aztertzen eta diru-laguntzak bideratzen. Kontuak kontu, NABO kontaktuan dago munduko Euskal Etxeakaz, baina, beti be, Euskal Gobernuaren bitartez. Gaiaren harian, bitxia da Mus Txapelketearen kasua; izan be, NABOk Mus Txapelketea antolatzen dau AEBn, baina gero txapeldunak ameriketako Mus Txapelketara joaten dira eta hor ezagutzen dabez Mexiko, Argentina edo Venezuelako txapeldunak eta, jakina, giro oso ona sortzen da; dantza-taldeen artean be bardin, jaialdi batera zein bestera osterak egiten dabez urtean zehar, eta jaialdi horreetan be hartu-emon sendoak izaten dira. Azken buruan, uda sasoian beste programa interesgarri bat be badago egon: ameriketako euskal gazteak Euskal Herrira ekartekoa, euren arbasoen sorterria ezagutu daien.

5. NABOk urtero egiten dau Biltzarra, eta aurten San Franciscon, Kalifornian, izango da datorren abuztuan. Zu zeu bertan izango zara

Bai, abuztuaren 23tik 25era bitartean izango da biltzar hori. Urtero, jaiak egiten dabez tokian-tokian: pic-nicak, dantza jaialdiak eta bestelakoak. Nevadako Elkon, esaterako, garagarrilaren 4an jaialdi berezia preparau dabe, baina, horreei ezer kendu barik, San Franciscokoa garrantzitsuagoa izango da, bertan egingo dalako NABOren Biltzarra. Ameriketako euskaldun askok agendan ondo markauta izaten dabez egun horreek eta, kasu askotan, ehundaka edo milaka kilometro egingo dabez San Franciscora hurreratzeko. Sekulako jai giroa izaten da, era guztietako ekitaldiak eta ezin hobeto antolatuta.

5. NABOren barruan 'Hizketa' izeneko aldizkaria be badago. Azaldu eiguzu zer irakurri geinken aldizkari horretan

Sano interesgarria da aldizkari hau. NABO Erakundearen web orrian: www.naboinc.com horretan 'Hizketa' aldizkaria be topauko dozue, eta NABOren ekintza nagusien ganeko kontuak eta artikulu ederrak irakurteko aukerea dago: Euskal Herriaren geografia, euskaldunak nondik datozen...

Nik uste dot meritu handia daukala aldizkariko zuzendariak, oso oker ez banago, John Ysursa jaunak. AEBetan Internet zale amorratuak dira eta Hizketa edo Bizkaie!: www.bizkaie.biz lako aldizkariak Sarean egotea sekulakoa da.

6. Momentu honetan zeintzuk dira Ipar Ameriketako Euskal Erakundearen proiekturik garrantzitsuenak?

Zazpiak Bat Basque Club, Renoko Basque Studies eta Boiseko Basque Museum and Cultural Center beharrean dabilz AEBko euskaldunen ahozko historia bildumea osotzeko, Oroitzapenak-Memories-Basque Oral History Project izenekoa hain zuzen be; gitxi gora-behera, 70. hamarkadan ekin eutsen beharrari William Douglasek eta Jon Bilbaok; hasikeran artzainei alkarrizketak egiten hasi ziran, eta zati txiki bat Interneten dago honezkero, oraindino behar asko egin beharko bada be. Horrezaz ganera, bilerak, jaiak eta biltzarrak egiten jarraituko dau NABOk AEBetan dagozan euskaldunak hurreratzeko eta hartu-emonak bideratzeko. Bestalde, ezaguna bada be, azpimarratu gura neuke Boisen ikastolea dagoala eta egundoko ahaleginak egin dituela; kontuan izan, AEBetan lehenengo hizkuntzea ingelesa dala eta bigarrena gaztelania eta, beraz, Boisen ikastolea egitea proiektu ausarta da; esangura horretan, ikastolea sendotzea be helburu garrantzitsua da.