Pakea, ezinbestekoa autogobernu gehiago lortzeko
Zurrumurru bat baino gehiago entzun da gai honen harian. Ez da erreza benetako informazinoa eta intoxikazinoa bereiztea. Edozelan be, argi dago indarkeria babestu eta ulertarazoten ahalegindu diranen aldetik etorri behar dala esfortzurik bereziena. Lar erreza izan da urteetan erakutsi daben jarrerea, hau da, ahaleginak besteei eskatu baina behin betiko su etenik aplikau barik. Baldintzabako su etena eskatzen dau euskal gizarteak. Ustez euskal nazinoaren defensarako jaio zan erakundeak ezin dau gorrarena egin deiadar horren aurrean.
Ez dago oraingo momentutik jakiterik non eta zelan amaituko litzakeen holako prozesua. Hori bai, jakin badakigu, pakea mahai gainean jarri barik, nekez izango dogula autogobernu gehiagorako prozesurik gure herrian. Arazoak, gatazkak, aurrez aurrekoak konpontzeko bidea politikea dala aituko ete dabe inoiz?
IƱaki Atxutegi
Nork esan behar euskun txikia izateak eta Estadu ez izateak horrenbesteko burukomin emongo euskuenik? Egurra hamaikatxu lekutatik jatorku euskaldunoi. John Kerry hautagai demokratea ez da oso fin ibili euskaldunon gainean bere eretxia emokeran. Konturatu gara gure Jaurlaritzeak ezin dauala ezta kanpotik etorritakoei hezkuntza eredu euskaldunik proposatu be. Eta Europa demokratikoa ez da gugaz oso samurra izaten, akaso, partaide dan beste Estadu baten agindupean gagozalako.
Behin eta barriro esan izan dot orain arteko autogobernurako bideak emon beharrekoa emon dauala dagoeneko. Bidearen amaierara heldu garala emoten dau. Sentimentu hori kalean be igarten dogu. Oso denpora tarte laburrean handitutako umetxua da euskal gizartea. Gero eta agiriago dago euskaldunok eskatzen doguzan gauzak ez daukiela lekurik oraingo marko politikoan.
Arazoa mahai gainean dago: ez da nahikoa indarrean dagoan eta beharrean dabilen autogobernua. Hori bai, arazoari konponbidea topetako zelako ibilbidea egin behar dogun ez dakigu. Hasteko, indarkeriaren jarraipenak edozein egitasmo lohitu egingo leuke. Ezinbestekoa da indarkeriari amaiera emotea sustraiko politikea egiten hasi baino arinago. Orain gitxi esan dau Jose Elorrieta, ELAko Idazkari Nagusiak prozesua zibila izatea behar-beharrezkoa dala. Izan be, armek baldintzatutako prozesu batek ez leuke ezelako sinisgarritasunik izango.