La Paz, Bolivia (II)
La Pazetik paraje Tiwanako gizartearen etxeen hondarrak dagoz. Hara joateko esan deuskue furgonetatxu bat hartu behar dogula. Bolivian eta Perun distantzia laburreko bidaiak furgonetan egiten dira, bai herri barruan bai herrien artean. Furgonetan sartu gara, eta itxaroten egon gara jente gehiago sartzeko. Furgonetea bete arte-edo, tiketa saltzen dauanak bentanatik kanpora garrasi egiten dau: “Tiwanako, Tiwanako, Tiwanako....”; arin eta doinu bereziagaz, batzuetan gatxa izaten da jakitea zer dinoan. Furgonetako aulkien erdia beteta egon danean, La Pazetik urtetan hasi gara: “Tiwanako, Tiwanako...”. Uriburuaren ondoan dagoan herrira, El Altora, ailegau, eta gidariak furgonetatik urtetako esan deusku, ez doala aurrerago. Kalean beste gizon batek azaldu deusku furgonetan ez dagoala jente nahikorik bidaia egiteko. La Paz pobrea da, baina El Alto askosaz txiroagoa da. Lehen uriburuko auzoa izan zan, baina banandu egin zan. Azkenengo mobilizazinoetan ikusi izan da zelako garrantzia daukan auzoak. Izan be, La Pazerako bide bakarra handik igaroten da, eta sarritan zarratuta egoten da.
El Alto atzean itxi dogu, taxiz. Han gatxa da jakitea zein dan hartu behar dan fugonetea erdialdera joateko. Hurrengo egunean, baina, zorte hobea izan dogu, eta joan, joan gara. Bueltako bidean La Pazera ailegetean ikusgarria izan da begien aurrean ikusi doguna: inetasia egin dau goitik behera. Zerua hustu beharrean jarri da. Zurituta geratu dira kaleak bost minutuko tartean. Inetasia lodi-lodia izan da, edurraren antzekoa. Jentea kaleetatik desagertu egin da. Espaloietan makinatxu bat saltoki egoten da, eta dan-danak atoan desagertu dira. Gitxi batzuk dendetan eta aterpetan ikusi doguz. Laster bideak erreka bihurtu dira. Kalean dagozan postuetakoek plastikoak atara eta aterpean imini dabe salgai daukiena. Atertukeran, barriro jenteak kalea hartu dau, leku guztietatik agertu da, eta kaleek ostera be erritmo bizia hartu dabe. Jentea gora eta behera, gauzak eroaten batetik bestera, patata prijituak eta izozkiak saltzen dabezan karrotxuak lekuz aldatu dabez, txolitak euren kargakaz kolorez bete dabez kaleak. Atzera kaleak ohiko bizimodua hartu dabe, beharbada, alaiagoa, biziagoa.
Iratxe Ormatza
Titikakatik La Pazerako autobusetik ikusten dogun ingurua zelakoa dan azaltzeko berba bat beharko bageunke, hauxe aukeratuko neuke: gogorra. Itsasotik hiru mila metrora gagoz: lurra siku-sikua da, dana da hautsa eta harria, ez dago ia landarerik, eta dagozanek berde kolorea nahiko galduta daukie. Harrigarria da zelako gaitasuna daukan gizakiak holako lekuetan bizitzeko, hain gitxi eskaintzen dauan lurrean bizitzeko. Gogorra da hemen bizi diranen bizimodua: negu hotzak, haizea, udako sargoria…;ganera, pobrezia hain da handia, hain dago zabalduta!. Ura bera be urregorria da. Norberari (handik etorrita) gatxa egiten jako. Aldeak lar handiak dira, eta mina eragiten dau.
Bizimodu gogorra daukie, eta eurak be gogorrak dira. Boliviarrek eutsi egiten deutsie tradizinoari. Andreek betiko jantzierea eroaten dabe: gonea (hiru-lau gona bata bestearen ganean, eta ia orkaiteleraino), sonbrerua eta lepoan mantea umeak eta kargea eroateko. Hemen, Perun moduan, andrak dira kargea eroaten dabenak. Era berean, andreen pisua handia da gizartean.
La Paz Bilbo moduan dago: ibar txiki-txiki batean sartuta. Etxeek aldats gora egiten dabe eta inguruko mendiak hartzen dabez. Gauean etxeetako argiak biztuta dagozala, La Pazeko izarrak esaten deutsie. Uria bera nahiko nasaia da, bi milioi baino ez dira bizi, eta herri handi bat emoten dau.
Goizean armozua jaten azokara joaten gara. Hemen zumoak on-onak dira. Danetarik daukie: platanoa, piñea, papaia, zanoria…; zumoak uragaz zein esneagaz edan ahal dozuz, eta benetan gozoak dira. Zumoa edan eta andreak esan deusku: “¿caserita vas a volver mañana?" Barre eta baietz esan deutsagu.
La Pazeko kaleetan edozer erosi daiteke: antenak, erlojuak, arropea, jolasak, gozokiak, papa beteak, liburuak, koadernoak, pilak, kaltzetinak, kalkulagailuak....; inoz zinerako sarrerak be bai. Hango dendak nahiko urriak dira, eta postuetan daukazu behar dozun guztia. Jateko, jansteko, ikasteko eta behar egiteko tresnak... edozer. Gauzetarako daukiezan izenak be ez dira edozelakoak. Gaztaia saltzen dauan gizon batek holako gaztaiak euki dauz: 'Manjar de dioses, queso de nuestra infancia, queso que tiempos aquellos...'