Elikaduraren inguruko gomendio nagusiak
'Jateko modu asko dagoz baina elikatzeko modu bakar bat'
Beraz, edozein herritako gomendioen asmoa elikadura edo nutrizino on baten baldintzak bete ahal izateko modu bat bideratzea izango da.
Hobe da elikagai mueta askotatik apur bat jatea, gitxi batzuetatik asko jatea baino
Ez dogu ahaztu behar elikagai mueta desbardinak jateak gure elikadurea orekatua izatea errazten deuskula, elikagai batek ez dituan mantenugaiak beste batek izan leikezalako.
Ez dago elikagai onik ezta txarrik be, bakotxak bere berezitasunak ditu, eta guztiek euren osotasunean gure elikadurearen orekea lortzen laguntzen deuskue.
Zeintzuk dira gure gizarterako gomendio orokorrak?
Gomendioak elikagai taldeen arabera egiten dira eta hurrengoak dira:
·Esnekiak (esnea, yogurra, gaztaia,…): 2-4 razino egunean.
·Okelea, arraina eta arrautzak: razino bi egunean (eguerdian eta gauean).
Arrain urdina: 2-3 biderrez astean.
Arrautzak: 4-5 astean.
·Lekaleak: 1-2 biderrez astean.
·Zerealak eta patatak: 4-6 razino egunean (honeek izan beharko litzatekez gure elikadurearen oinarria)
·Frutea: 3 pieza egunean (600 gr. inguru).
·Barazkiak: 2 razino edo gehiago egunean.
·Orioa: 3-5 zopa koilarakada egunean.
·Ura: 1,5-2 litro egunean (hemen elikagaiek eurek daben ura be kontutan izan behar dogu).
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrua.
Nutrizinoa zientzia moduan XIX. mendean egituratu zan eta hortxe hartu dau indarrik gehien Modu horretara, ikerketak metodologia zehatz bat jarraituz bideratu ezkero, ikerketotatik lortutako emoitzak ondorio orokorragoetan adierazotea posible da, izan be, horixe da edozein zientziaren helburua.
Ondorio orokor horreetan oinarrituta posible izaten da gomendio orokorrak emotea. Gomendio orokorrak emoten diranean, gitxi gorabehera populazinoaren % 97ren beharrizanak betetea lortu gura izaten da. Beharbada persona batzuentzako sobran egongo dira gomendioetan adierazotako kopuruak baina guk gehiengo handi baten beharrizanak ziurtatu gura doguz. Aitatutako % 97 horren gainetik dagoan % 3ren beharrizanak handiagoak izango dira eta persona horreentzako gomendioak handiagoak izatea nahitaezkoa izango da. Gehiengoaren beharrizanak beteteko ahalegin horretan, gauza asko aitzeko bideak topauko doguz, besteak beste, zergaitik persona batzuk gomendioak bete barik be gorputzean mantenugaien proportzino onari eusten deutsen; arrazoia argia da: euren beharrizanak txikiagoak dira. Bestelako arazo batzuk be sortu leitekez: mantenugaien falteagaz zerikusia daben sintoma edo gaixotasun batzuk agiri arte hainbat denpora pasetea hain zuzen; beraz, jakin barik bakotasun horreek eboluzionetan joango dira.
Gomendioak taldeka egiten dira, gehienetan adinaren eta sexuaren arabera; berbarako 25-55 urteko emakumezkoak, 55-60 bitartekoak eta bardin gizonezkoen kasuan be. Baina beste batzuetan, egoera fisiologikoaren arabera be sailkatu daitekez, esaterako haurdunaldian edota titia emoten dagozan emakumeak. Faktore gehiago be badagoz, berbarako ariketa fisikoa kontuan hartu ezkero, gomendioak desbardinak izango dira sedentarioentzako eta kirolarientzako.
Gomendioak ze gizartetan eta sasoitan emoten diran be kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Edozeinek aituko dau Txinan eta Euskal Herrian gomendioak desbardinak izatea, besteak beste, elikagai desbardinak erabilten doguzalako hemen eta han.
Gaiaren harian, logikoa be bada orain 50 urte emoten ziran gomendioek gaurkoakaz zerikusirik ez izatea: jateko ohiturak biziteko moduagaz batera aldatzen diralako.
Kultureak eragin handia dauka ikerketa zientifikoak bideratu eta euretatik ondorioak atarateko orduan. Ezinbestekoa da ganera hurrengo faktoreak errespetetea: gizarteko sinismenak (ez dauka zentzunik musulmanei txarri okelearen inguruko gomendioak emotea); gustuak edo preferentziak (guri intsektuen inguruko gomendio bat egin arren, seguruenik ez doguz jango); aukerak (zoritxarrez munduan zehar herri pobre asko dago eta horreetan euren aukeren barruan dagozan elikagaiakaz gomendioak emoten saiatzen dira adituak). Zer esanik ez, zientifikoak personak dira eta gauzak objektibotasunez aztertzen ahalegintzen badira be, beti euren kultureari eta gizarteari jagokozan jokerak errazago adierazoko ditue.