Haur eskolak eta lekuan lekuko aldaerak
Baina, aurrekoari lotuta badago egon ardura deustan beste kontu bat. Haurtzaindegiak eta haur-eskolak zabaltzeko plangintzetan, haur horreen heziketan parte hartzen ari diran profesionalen hizkuntz ezaguerak hartu ete dira kontuan? Ezen, aldaerak mantentzeko, indartzeko eta zabaltzeko, egundoko garrantzia daukalako haur horreek jagoten egongo diranek erabiliko daben hizkuntza moldeak. Haur horreek, ordu luzeetan, ez dabez ez euren gurasoen ez eta euren aitita-amamen berbak entzungo, bada, katea, oraingoan era askoz nabarmenagoan, eteteko arrisku bizia dago.
Administrazinoen eta sindikatuen artean, holakoetan ariko diran profesionalek bete behar dabezan baldintza akademikoak eztabaidagai euki ei dabez. Halandabe, euskereari jagokonez, beharrean ariko dan profesionala lekuan txertatuta dagoan, hango aldaerea ezagutu ez eze, erreztasunez, zuzentasunez eta egokitasunez be berba egiteko gauza dan kontuan hartu beharko litzateke, batez be. Era berean, haur eskola horreek martxan jarten diranean, herri txikietako problematika kontu handiz aztertu beharko litzateke. Izan be, eskolak batu eta herri txikietakoak zarratzen diran neurrian, herri txiki askok apurka-apurka herri bizitzea zelan ahuldu jaken igarri dabe, bada, haur eskolen kasuan be beste horrenbeste jazo leiteke oraingoan. Halandaze, galerea eta ahultzea bi noranzkotan jazoko litzateke: bat, herri berbetea galtzea eta ahultzea; eta bi, herrietan geroz eta bizitza eta zerbitzu gitxiago antolatzea, eta ondorioz zerbitzu gehiago daukiezan guneen bila biztanleriaren leku aldatzeak-eta bultzatuko litzatekez.
Bada, gogoeta egin, alderdi guztiak aztertu eta ondo pentsau ostean hartu daiguzan erabagiak.
Erramun Osa
Soziolinguistikearen gaineko ikerketek nabarmentzen dabenez, gazte belaunaldiak geroz eta euskaldunagoak dira. Halandabe, gazteen artean euskereak euki dauan bilakaerearen kontrapuntu legez, erabilten daben hizkuntza eredua aitatu ohi da. Izan be, gazteek darabilten hizkuntza ereduak euskerearen aldaerakaz, euskerea bizirik mantentzea lortu dauan lekuan lekuko aldaerakaz alderatzen badogu, geroz eta deslotuago agiri da, eskolaz kanpoko hizkuntzearen erabileraren eraginez. Inguruabar horretan, bere hizkera desegokitzat edota baztertu beharrekotzat jo eta gazte belaunaldiek darabiltena eredutzat hartzen dauan heldurik izan bada, zoritxarrez, kale bazterretan. Jokabide horrek euskerearen kalidadeari, iraganak eskaintzen deuskun ondareaz baliatuz, etorkizunera begira garatu behar dogun gure hizkuntzearen bilakaereari egiten deutso kalte.
Besteak beste, mendebaldeko –bizkaierearen– edota iparraldeko aldaeren iraupen eta indarbarritzeaz arduratuta beharrean diharduen gehienak ez dabiz batasun bidean egin doguzan urratsen kontra, izan be, menderik mende hizkuntzearen egiturea osotu dauan senari eutsiz, edonon eta edonoiz erabili ahal dan komunikazino tresna eragingarria bilakatu daiten gura dabe euskerea. Baina, ardura hori ez da aitu beste lur eremu batzuetan, arrazoi desbardinak dirala tarteko. Halan da guzti be, aitu ez bada be, badago egon kontuan hartu beharreko beste gauza bat: batasun bidean erditutakotik hurren dagozan aldaeretako hiztunak ez dira jaubetu –beharbada– gertutasun horrek hondatu dauala gehien belaunaldi batetik bestera jaso daben ondarea, horrenbeste ezen belaunaldi barriek bertakoa ez ezagutzera edo, kasurik onenean, itxuraldatzera heldu diran.
Batua deitutako aldaereak edonon eta edozertarako erabilteak lekuan lekuko aldaerak ahuldu eta hizkuntzaren bateratze bide bati ateak zabaldu leikioz, menderik mende belaunaldi batetik bestera euskerea igarotzea ahalbidetu dauan hizkuntza komunidadearen atxikimenduan eraginez. Bateratze bide horren adibide legez bada be, aitatu daidan Gipuzkoako herri batzuetan entzun ohi diranak, izan be, besteak beste, gazteek hitano formak erabilten dabezanean –eta hau belaunaldi barrien ahotan galbidean doan kontua da– entzulea gizonezkoa edo emakumezkoa dan ez bereizteko jokerea indartzen ari da bazterretan, lexikoari, esaldien kateatzeari eta abarri jagokenez be beste horrenbeste, edota, mendebaldeko ikasle gazteen artean pasetan diranak. Aitatu dodan hondatze horren zantzuak geroz eta nabarmenago ikusten dira bazterretan, ez erderen eraginagaitik bakarrik, euskera batuaren eraginagaitik be bai. Kontua ez da, bada, batua edo lekuan lekuko aldaerearen arteko lehia sustatzea, ezpada egin beharreko komunikazino ekintzearen, solaskidearen eta abarren arabera, bata ala bestea aukeratzeko modua izatea.