Jan-edanak  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Arabako Errioxa


Azken buruan, Arabako Errioxan era guztietako ardaoak egiten dituela argi itxi gura neuke: urteko ardao zuriak, barrikan irakitako ardao zuriak, gorriak edo apardunak, baina ospetsuenak ardao baltzak dira, bai beratze karboniko eran egindako urteko ardaoak eta bai barrikan eta botilan zahartutako ardaoak be.

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Hutsik egiteko arrisku barik, Arabako Errioxa ardaoa egiteko munduko lurralderik onenetarikoa dala esan geinke. Lurraren, klimatologiaren eta bariedadeen ezaugarri zehatzak ezin hobeak dira eta, zergaitik ez, euskaldunok gauzak ondo egiten be badakigu.

Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren barruan dago Arabako Errioxa. Gogoratu Errioxak hiru ingurualde dituala (Goi Errioxa, Behe Errioxa eta Arabako Errioxa). Arabako lurralde hau 15 herritan dago banatuta, eta horreetako hirutan (Biasteri, Moreta eta Oionen) CAVA izeneko ardaoa be egin daiteke, honen jatorri deiturearen barruan dagoalako.

Danetara, 11.500 hektarea mahatsondo hartzen dabez. Lurraldearen iparraldean, ToloƱo (edota Kantabria mendikatea) dago eta hegoaldean, barriz, Ebro ibaia. Honeek garrantzi handikoak dira ardaoaren ezaugarrietan eta kalidadean; izan be, mikroklima bereziak dagoz leku horreetan eta duda barik, ardaoaren ezaugarrietan igarten da gero.

Lurraren % 95 kare-buztina da. Lur mueta honek urteko ardao egokiak eta ardao gorpuzdunak eta estraktu askokoak emoten ditu. Ura ez da lurrean erraz galtzen eta kalidadea lortzeko faktoreetako bat izango da hori. Kare-buztinatan hazitako mahatsa oso egokia da kupeletan zahartuko dan ardaoa egiteko. Lursail txiki eta ondulatuak izaten dira eta, ondorioz, gatxagoa izaten da makinak sartzea eta, jakina, prozesua luzeagoa izaten da.

Arabako Errioxako altitudea eta latitudea ikusita, eta klimatologia zoragarria ahaztu barik, ezin hobeak dira mahatsondoak umatzeko. Besteak beste, ezaugarri bi nabarmendu beharko geunkez: alde batetik, mahatsondoaren orientazinoa edo kokapena eta, bestetik, ingurualdean dabilen haizea. Haize horrek, uda partean beroa dakar euri apur bategaz, eta neguak, ostera, gogorrak eta hotzak izaten dira. Klimea, beraz, mediterraneoa izango litzateke, baina klima atlantikoaren eragin batzuekaz.

Arabako Errioxan bariedade autoktonoak erabilten dabez gehienbat. Halan eta guztiz be, esan behar da Kontseilu Erregulatzaileak onartu egiten dauela beste bariedade batzuk be sartzea, % 5eko kantidadean hain zuzen be. Normalean, atzerriko bariedadeak erabilten dabez fase horretan. Beste alde batetik, gogoratu daigun Arabako Errioxako bariedadeak zeintzuk diran: baltzetan, tenpranilloa, garnatxa, grazianoa eta mazueloa. Zurietan, viura, garnatxa zuria eta malvasia. Dana dala, tenpranillo bariedadea lantzen da gehien.