Tinta zuririk barik, aho bizarrik gabe
Bertsolari izatea bere izakerearen parte da. Lar ezagutzen ez dogunok be, badakigu isilik dagoanean be, askotan bertsoa pentsetan ari dala emoten dauala, eta hor ibilten gara, berari begira, bertsoa noiz botako zain. Hauxe dino bertsolari izateari buruz bere liburuan:
“Mundu honetan norbait izan eta zerbait egin nahi duen orok, begiak erne ibili beharra dauka. Bertsolari izan nahi duena behartuta dago, nahitaez, belarri-zabala izatera. Horrek ez du esan nahi belarri-zabal guztiak bertsolari izango direnik, baina bai bertsolari diren denek belarriak oso zabalik ibili izan dituztela dabiltzan leku guztietan, non esaldi dotore bat entzungo, noiz gertakizun bitxi bat jasoko. Bertsoa, nolabait esateko, euskararekin jolas egitea denez, herri bakoitzean izan ohi diren hiztun iaio horiei izugarrizko miresmena diegu. Horiexek dira gure maisuak.”
Akaburako, honeek dira liburuaren aurkezpen egunean Lazkanoren bi bertsokidek botatako bertsoak:
Xabier Amuriza:
"Liburu honek Saramagori
bat ere zorrik ez dio
Hau dena nola euki zezaken
husteke orain artio
Joxerra-Andoni bi sorgin-luma
zitula sekretario
aho bizarrak askatu ditu
500 orri medio
baina egon lasai hortzak oraindik
bertan geratu zaizkio”
Jon Lopategi:
“Aupa Gaztelu, hontan ere fin,
ezertan ez zara nagi
bertso txukunez ondratu guran
euskara eta Euskadi
liburu hortan zure arima
eta bihotza nabari
zenbat helburu hainbat
ekintza eta anekdota ugari
irakurtzeko amorruz gatoz
zorionak lehendakari”
Xabier Paia
Durangoko Azokan atara baeban be, oraindino ez da berandu Imanol Lazkanoren liburuaren barri emoteko bizkaitarren arteko bertsozale danei. Imanol Lazkanok, Joxerra Gartzia eta Andoni Egañaren laguntzinoagaz, bere bizitza papeleratu dau, bere bizitzea Aho bizarrik gabe kontau dau.
Imanol Lazkano Azpeitiko Landetako Antzibarrena basarrian jaio zan 1936an, gerra zibila jaio zan urte berean. Berak be bere gerreari ekin eutson, 14 urtegaz egin ebalako jente aurreko lehenengo bertso saioa. Plazaz plaza ibilbide luzea egindako bertsolaria dogu Lazkano, 1987tik Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria dana. Bere belaunaldiko bertsokideen artean Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Joxe Lizaso, Jon Azpillaga edo Jon Lopategi topau geinkez, urteak gorabehera. Euskal Herriko bertsolaritzearen zutabeak zutuntzen etenbako laguntzailea izan da bertsozaleen lehendakaria dan honek, behar izan danean bertsolaritzeari ateak zabaltzeko prest egon dala ahaztu barik.
Azalaren diseinua alabeak egin deutso, Ainara Lazkanok, eta Bertsolari Liburuak Argitaletxea izan da liburua kaleratu dauana. Izenburuari jagokonez, Andoni Egañak berak gogorarazo eban legez, Imanol Lazkanok erabilten dauan esakerea da, gauzak zuzen eta ezelako erreparorik barik esateko erabilten dauana, hain zuzen be.
Liburuan dinoan legez, gerra urtean jaio izan bazan be, familia bedeinkatu batean jaio ei zan. Bere familia ez ei zan aberatsa diruz, baina ez ei jakon zorionik falta. Hamar senide, gurasoak eta aitita-amamak bizi ziran etxean. Beharrari serio ekinda be, umore ona ez zan sekula falta izan Lazkanoren gazte denporan eta oraindino be esan geinke gaztea dala arimaz eta bihotzez.
Giro euskaldun eta euskaltzalean bizi izan zan umetan eta euskaltzaletasun hori agirikoa zan bere bertso saio danatan. Bertsolaritzeak gerra zibilaren arorik ilunena bizi ebanean be, Lazkanok bere herriko ohiturak jagon ebazan posible egiten jakon neurrian. Hala eta guztiz be, berak dinoan moduan, Azpeitiko kaletarrak baserritarrak bezain euskaldunak ziran eta pentsau geinke bere oasi txikia be izango ebala hor nonbait.