Antxina-barri  III. urtea // 45. zenbakia

Mozorro sasoian

Bilboko lehenengo karnabalak


Bilbon sortutako lehenego konparsak 'La Bilbaina' eta 'La Moderna' izan ziran. Konparsa bi horreen arteko arazoak nahiko gogorrak izan ziran. Antza danez, konparsa bat antolatzeko batu zan bilbotar taldea. Lehenengo ensaioak egin eta 'La Bilbaina' konparsan, urteteko prest egoala, taldeko partaideen artean diskusinoak sortu ziran. Batzuen eta besteen artean konpontzerik ez egoala ea, taldeko batzuk 'La Moderna' konparsea sortzea erabagi eben.

Baina hor ez ziran amaitu talde bien arteko arazoak. Ordurako asmauta egoan abestietariko baten letrea talde batena zan eta musikea, barriz, beste taldeko partaideak asmautakoa. Beraz, talde biak abestia eurena zala aldarrikatu eben. Kalera urteteko sasoia ailegau zanean, konparsa bakotxak bere ibilbidea egin eban Bilboko kaleetan zehar, baina azkenean biak amaitu eben leku berean, hau da, Plaza Barrian. Orduan biak kanta bera abestea pentsau eben, batak besteari kantea eurena zala erakutsi guran. Eta hor hasi ziran zer esanak. Ezer adostu edo konpontzerik ez egoala, giroa berotu egin zan. Azkenean Plaza Barria boxeoko ring-a bihurtu zan. Mozorro eta musikako tresnak apurtu egin zituen eta odola be isuri zan tarteka. Hau izan zan, ba, lehenengo karnabal horreetako balantzea Bilboko kaleetan.

Halan da be, arazo horreekaz Bilbotarrak ez ziran kikildu, eta hurrengo urteetan be ahalegindu ziran aratosteak ospatzen. Gerra sasoia zala ta (pentsau daigun urte honetakoa dala Kubako Gerrea), konparsak gudan egozanentzako dirua batzeko ardurea be hartu eben. Hurrengo urteetan inauteriek itzelezko arrakastea izan eben. Horren erakusle argiena konparsen ugaltzea da: Donato, Sagusar, El Porrón, El Azar', Capotín eta beste hainbat dira aitatu beharrekoak. Euretariko asko orduan modan egozan tertulia edo alkarrizketarako tabernari lotuta jaio ziran. Gogoratu daigun, konparsek, ohitura modura, karnabalak hasi baino egun batzuk arinago agintarien baimena eskatu behar izaten dabela. Halan da be, handik lasterrera, 1918. urtean, jaiak azken horreen gustokoak ez zirala ta, galarazo egin zituen. Holan ba, karnabalen ospakizunaren lehenengo atalari ateak zarratu eutsezan.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria


Zezeilaren azken egun honeetan eta garizumako sasoian sartu aurretik, inauteri, aratoste edo karnabalak (danak dira jai bardinak izendatzeko gure herrietan erabilten doguzan berbak) ospatuko doguz.

Mozorroak, txitxiburduntzia, eguen zuria...., hainbat eta hainbat zeregin izango doguz egunotan garizuman sartu orduko.

Karnabalen jatorria ez dago bape argi. Gizona beste zaharrak dirala esatea larregi izan daiteke baina gizonek artzaintza menperatu eben sasoikoak dirala behintzat argi dago. Hau holan izanda, historiaurretik etorriko zan ba aratosteak ospatuteko ohiturea.

Mundu zabalean hainbat herrik ospatzen daben jaia dogu karnabala. Eta gure herriak ez dira horretan desbardinak. Garizumea, penitentzia, sakrifizioa, zigorra eta barau sasoi horretan sartu aurretik, garizumearen esangurearen kontrako ekintzak egiten dira. Azken baten garizumako 'zigorra'-ren aurretik karnabalak gizartearen eta gizonen preparazino psikologikoa baino ez dirala esan geinke.

Gure inguruan badira karnabal ezagunak. Horren erakusletariko batzuk Lantzeko Ziripot, Barkoxeko zamalzaina, Mundakako atorrak, Donostiko inude eta artzainak, Ustaritzeko 'Besta-gorriak' edo Biasteriko Katximorro dira.

Azken urte honetan antxinatik datozen karnabalak indar barria hartu badabe be (berbarako Lanz, Zalduondo edo Donostiakoak), beste inguru batzuetan karnabalakaz batera datorren mozorro jaiak hartu dau batez be indarrik handiena. Horretan Bilbo da jaun ta jaube.

Bilbon karnabala gauza barria dala esan geinke. XIX. mendeko azken urteetara arte ez dago karnabalen barririk Bizkaiko uriburuan. Bertako lehenengo mozorroak baserritarrez jantzitako gizonak baino ez ziran. Jantzi honeekaz batera, arpegia ostentzeko maskara edo mozorroak be eroaten zituen ta arrantzan eta dantza eginaz Bilboko kaleetan zehar ibilten ziran.

Denporeak aurrera egin ahala, mozorroak urtean zehar egondako jazoera edo asmakizunekaz, eta zelan ez, herriko agintariekaz zerikusia izaten hasi ziran, bertoko politikoak era barregarrian aurkeztuz. XIX. mendeko azken urteetan konparsak jaio ziran. Urian egozan koadrila edo jende taldeen jai gogoak batzeko asmoz sortutako taldeak dira. Lehenengoak 1892an jaio ziran eta 1918. urtera arte iraun eben, agintariak ganorarik ez egoala eta jente artean eragindako barregurak ikusita galarazo zituen arte.