Mona Lisa smile
1953. urtea da. Andrazkoen rola guztiz zehaztuta dago: etxean geratu, familiaz arduratu eta gizonaren ondoan egotea. Wellesey-ko Unibersidadeko irakasle gazteek be holan ikusten dabe; izan be, goi mailako ikastetxe dotore horretan arrakastea ez da neurtzen norberaren garapenaren arabera, ezpada ezkontzeak ekarri beharreko estatusa kontuan hartuta. Neska gazte horreen bizimoduak aitatutako parametroen arioan bideratzen dira, harik eta artearen historiako irakasle moderno eta liberalak hori guztiori kolokan jarri arte.
Mike Newell zuzendari ezagunak gidaturiko 'Mona Lisa Smile' filma protagonistearen distira eta ospea handiagotzeko berenberegi egindakoa izan da. Ganera, Newell-ek antzezle sorta interesgarria batu dau: Julia Roberts ospetsua, Kristen Dunst, Julia Stiles eta Maggie Gyllenhall. Arazoa da pertsonaien sailkapena lar argia dala. Pertsonaiak klitxeen barregarritasunetik oso hur dabilz. Txarto hazi eta hezitako neskatilea dago, bai eta zitala, motza eta adimentsua be. Eta horreekaz guztiakaz pantaila behin eta barriro beteten dauen irakasle liberal eta feministea dogu, bizkorra, interesgarria eta polita, ia perfektua.
Guztiagaz be, Newell-en esku onak eta antzezpen txukunek denporea pasetako film ona egitea jadetsi dabe. Azken baten, 'Mona Lisa Smile' tarte ona igaroteko film entretenigarri bat besterik ez da, batzuetan erritmoa agiriko moduan galdu arren.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Mike Newell.
- Herrialdea: AEB
- Iraupena: 119 minutu.
- Antzezleak: Julia Roberts (Katherine Watson), Kirsten Dunst (Betty Warren), Julia Stiles (Joan Brandwyn), Maggie Gyllenhaal (Giselle Levy), Marcia Gay Harden (Nancy Abbey), Dominic West (Bill Dunbar), Topher Grace (Tommy Donegal), Ginnifer Goodwin (Constance Baker), Juliet Stevenson (Amanda Armstrong), John Slattery (Paul Moore).
- Gidoia: Lawrence Konner eta Mark Rosenthal.