La vida que te espera
Pelikula eder honetan artifizio bako narrazinorako aparteko trebezia igarriko dozue, denpora-tarteak ondo be ondo neurtu, topikoen trabak eta oztopoak gainditu eta kontakizunaren haria ezin hobeto zehaztu dalako.
Familien arteko hasarre eta matrakatan sortutako maitasun istorioa ikuspuntu arin eta sinple batetik eratuta dago, espantu barik eta benetako errealidadean oinarritutako detaileakaz horniduta. Gutierrez Aragon zuzendaria premisa horreek aintzat hartuta abiatzen da, ezelako protagonismorik hartu barik eta inguruaren natur edertasuna eta horren barruan ostentzen diran miseriak kontrajarriz.
Luis Tosar galiziarrak eta Marta Etura donostiarrak bare-bare baina bikain eta histrionismo barik antzezturiko pertsonaiak modu honetara maiteminduko dira, filmari usadioen deskribapen interesgarritik harantzago doan mamina emonaz.
Halandaze, Kantabriako barrualde sakonean kokaturiko 'La vida que te espera' filma aukera gomendagarria eta egokia da, errealismoan, natur edertasunean eta bizimodu gogor baina korapilo bakoan oinarrituriko ohiturazko kontakizun polita. Ez da harritzekoa, beraz, Berlingo Zinemaldiko lehiaketa ofizialerako aukeratu izana. Beharbada, pelikulearen akatsa izan da une jakin baten zirt edo zart egiteko kapaz ez izatea, hau da, intimismo edo bizitasunaren alde egiteko gauza ez izatea.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Manuel Gutierrez Aragon.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Juan Diego (Gildo), Luis Tosar (Rai), Marta Etura (Val), Clara Lago (Genia), Celso Bugallo (Severo), Víctor Clavijo (Parrondo), Xosé M. Oliveira (Párroco), José Luis Bernal (Marino), Rei Chao (Rafael), Alfonso Agra (Paco), Rosa Álvarez (Milagros).
- Gidoia: Angeles Gonzalez-Sinde eta Manuel Gutierrez Aragon.