Petrolioa madarikazinoa besterik ez danean
Multinazionalen ustelkeria
Antzera jarduten dabe Chevron Texaco iparramerikarrak, Totalfina frantsesak eta Agip italiarrak...; sarritan, petrolioaren multinazional horreek buruzagi tribalen isiltasuna erosten dabe. Era berean, Nigeriako ejerzitoa be erosita daukie eta ez da bape harritzekoa soldaduak multinazional horreen instalazinoak edo errekan behera beharginak jagoten ikustea.
Bien bitartean, asko be asko dira deltako herritarren eskubideak aldarrikatzeagaitik hildako martiriak. Ezagunetarikoa, beharbada, Ken Saro-Wiwa dramaturgoa izan zan; tximinien gar bakotxa mila ihes-tutu baino txarragoa zala esan ohi eban. Orain dala bederatzi urtera arte Nigeria gidatzen eban diktadura militarrak hil eban. Gaur egun be, deltako biztanleek urtero jai bat ospatzen dabe haren omenez.
Ustezko demokraziak ez dau lurralde horretako indarkeria-giroa baretu. Orain dala urtebete 75 hildako egon ziran (65 zibil eta 10 militar) lurralde honetan izandako matxinadetan. Hiru egunetan, Nigeriak egunean 622.500 upel produzitzeari itxi eutson.
Holakoetan, erregaiez horniduta egotea ez da erreza. Herrialdean dagozan lau birfindegien egoerea penagarria dala eta, askotan erregaiak inportau behar izan dabez. Petrolioa saldu, gasolina erosteko, zentzunbakokeria ikaragarria, benetan.
Gauzak holan, sabotajeak ez dira amaitu. Herrialdeko per capita errentea urtean 360 eurokoa izanda, petrolioaren sektorean beharrean dabilzen beharginen soldatak herrikide guztien inbidia dira. Edozelan be, beharginak eurak dira produkzinoari boikota egiten ahalegintzen diran lehenengoak. Soldata txiki-txikiak eta etxebizitza txar-txarrak daukiez, atzerriko lankideek daukiezanakaz alderatu ezkero.
Begiluzea
Niger ibaiaren deltako petrolio gordinaren erreserbek Nigeriako behartsuak behartsuago baino ez dabez egin. Munduko seigarren esportatzailerik handiena da, baina herritarren % 45 pobrezia gorrian bizi da.
Zenbat-gura sabotaje
Ume bat, bederatzi urte ingurukoa, etxera bueltau da kalabaza bat bete petroliogaz. Ura eroan beharrean, Nigeriako hego-ekialdean ohikoagoa dan produktu bat daroa, petrolioa, hatan be. Oriobide bateko zulotik hartu dau.
Urtean-urtean honen antzeko 200 sabotaje kasu inguru izaten dira. Potzuak eta birfindegiak lotzen dauzan oriobidearen 5.000 metrorik gehienak 70eko hamarraldian instalau ziran eta gaur egun ugerrak eta herdoilak janda dagoz. Bertan zuloak egitea sano gauza erreza da. Halandaze, pobreziak bultzatuta, makina bat nigeriarrek urre baltzaren tutuak lehertu ohi dabez diru truke, horren bitartez sortu eragiten daben hondamendi ekologikoa kontuan hartu barik. Warri petrolio-uritik hurren dagoan herritxu bateko biztanle batzuek metro erdiko diametroko zulo bat egin eben 1998an eta horrek ekarri eban Nigerian azken 20 urteetan izandako isurketarik larriena. Ez zan ezer be aldatu. Ingurumen Ministerioan erdizka lagatako proiektu ekologiko mordoa dago. Horreek abian ipinteko, 11,2 milioi dolar beharko litzatekez.
Miseria eta kalte ekologiko handiak
Paradoxikoa izan arren, Nigeriarentzat petrolioa bedeinkapena baino gehiago madarikazino handia da. Egunero milioi bi upel esportetan dauz eta horri esker pagamendu-balantzako diru-sarreren % 80 eskuratzen dau. Baina, atzerriko herrialdeek urtero emoten deutsiezan 5.000 milioi dolar horretariko bakan batzuk baino ez dira erabilten miseria gorrian bizi diran herritarren % 45aren preminak eta beharrizanak arintzeko. Nigeriako lekurik pobreenak petrolioa eta gasa ataraten diran herri inguruak dira.
Egoerea gero eta larriagoa da. Petrolio enpresak zabaldu dira eta etenik bako isurketa kontrol bakoek arrantzea eta nekazaritzea goitik behera hondatzen dabilz eta horregaz batera Nigerreko deltan bizimodua atarateko bidea be bai.
Orain dala gitxi, Port Harcourt-eko Epaitegi Nagusiak Shell enpresa ingeles-holandarra zigortu eta multinazionalak hainbat herriri 32 milioi dolar pagau behar izan eutsezan, kalte ekologikoak dirala eta. Baina, epaiari errekursoa ipini deutsie eta izan leiteke Shell-ek pagau behar ez izatea edo kalte-ordaina agiriko moduan murriztea lortzea.