Hong Kong (II)
Kapitalismoaren ikur herrialde komunistan
Azken buruan
Esandakoak esanda, nortasun bereziko uria da; kontrasteak dira nagusi, eta batez be, txinatar eta anglosaxoniar kulturak dagoz aurrez aurre. Hong Kongeko herritarrak nahikoa kontserbadoreak dira, baina biziteko modua mendebaldekoa da guztiz.
Halan da be, bizitzearen uria ('City of life') baino areago, kristalezko infernua da, eta artaldean noraezean dabilzen ardien antzera bizi da han jentea.
Informazino gehiago eta eguneroko barriak jaso gura izan ezkero, ondoko webguneetara jo:
www.hongkongdaily.com
www.scmp.com
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.
Aurreko atalean be zeozer aurreratu genduan: Hong Kongen kontraste zorrotzak topauko doguz. Etxeorratz diztiratsuen behealdean, bata bestearen ondoan ikusi geinkez zabor-poltsez jantzitako eskalea eta goitik behera Armani trajeagaz jantzitako exekutibo dotorea; badian erraz eta pare-parean ikusi geinkez ihiez egindako belaontzi ahulak eta Norvegiako kargaontzi erraldoiak; ez dogu ahaztu behar Hong Kong nazinoarteko portu garrantzitsua dala. Hong Kongeko aireportua be bildurra eragiteko modukoa da; 1998an zabaldu zituan ateak eta gaur egun lehenengo postuetan dago nazinoarteko aire-trafikoari jagokonez: 2001. urtean 24.733.000 bidaiari pasau ziran bertatik, eta bidaiari kopurua kontuan hartuta, hogeita hirugarren postuan dago munduko aireportuen artean. Dana dala, askozaz esanguratsuagoa da kargako aire-garraioan eskuratu dauen zidarrezko dominea; 2001. urtean, 1.988.383 tona pasau ziran Hong Kongeko aireportutik eta Memphiseko aireportuak baino ez eban gainditu kopuru hori; ganera, urtetik urtera hazten doa tona kopurua: 2000tik 2001era % 20 hazi zan, eta aurreikuspenen arabera, hazkunde hori ez da geldi geratuko.
Guzurra emoten badau be, Londres, New York, Tokyo edo Frankfurt lako uriak txiki geratzen dira kargako aire-garraioari jagokonez. Hong Kongen indarra ukatzerik ez dago: itsasoko, lurreko eta aireko azpiegitura ezin hobeak daukaz, eta Ekialde Urrunaren erdialdean kokatuta dagoala gogoan izanda, Asiako atea dala be esan dabe askok eta askok, Singapur lako uria bazterrean itxita. Beste alde batetik, elektronika arloan be uririk garrantzitsuenetarikoa dogu.
Hong Kong, munduko finantza gunea
Dana ez da dirua, baina egia da hara eta hona diru asko dabilena; horregaitik, Txinak benetako altxorra dan islea berreskuratu dauela esaten da. Hong Kong Central ingelesen esku geratu zan 1841. urtean, opioaren lehen gerrearen ondoren, eta Kowloon uriagaz be bardin pasau zan opioaren bigarren gerrea irabazi ostean. 1898an Txinak Lurralde Barriak Ingalaterarri laga eutsozan 99 urterako. Hong Kong Central eta Kowloon zertan itzuli ez baeben be, 1984an Txinak eta Ingalaterrak akordioa lortu eben eta, horren arabera, Hong Kong Txinaren esku geratu zan 1997ko garagarrilaren 1ean. Momentu horretan, Txinak ziurtatu egin eban gitxienez 50 urteko epean eutsi egingo eutsola sistema ekonomikoari eta ondoko esaldia zabaldu zan: 'herrialde bat, sistema bi'. Aldaketa historiko horren aurrean, adituek sekulako gorabeherak aurreikusi zituen; baina, egia esan, gauzak ez dira larregi aldatu: gaur egun Hong Kongen indarrean dagoan autonomia Beijingen gobernuak agindutakoa lakoa da, eta askatasuna eta oinarrizko eskubideak ez dira zapuztu, oraingoz ez maila arriskutsuan behintzat.
Bitxia eta arraroa izan arren, uriaren eta Txinaren arteko mugea bere lekuan dago, eta ez da muga sinbolikoa, zehatz eraginkorra baino; muga hori zeharkatzea ez da erraza txinatar arruntarentzat, hegazkin txartela edo negozioak tartean ez badagoz. Era horretara, Hong Kong eskale eta gaizkileez betetea ebitetan da; izan be, Hong Kong milaka txinatar behartsuen amesa da. Per capita errenta begiratzea baino ez dago: Hong Kongeko erdi mailako herritar batek amerikako 25.000 dolar inguru irabazten ditu urtero eta Guizouko (Txinako probintziarik pobreena) herritar batek 350 dolar inguru baino ez ditu irabazten urtean; horrek esan gura dau Hong Kongeko herritarra Guizoukoa baino 90 aldiz aberatsagoa dala. Desbardintasun basatia, beraz, herrialde bereko probintzien artean.
Hong Kong Txina da?
Hong Kongeko herritarrek ez dabe euren burua txinatartzat hartzen, eta oso harroak eta handiustekoak dira; ganera, lehen esan dogun moduan, maila handiagokoak dira eta pasaporte eta txanpon desbardinak dabez. Horregaitik guztiagaitik, Txinako txinatarrak gitxietsi egiten dabez Hong Kongeko herritarrek, baina Hong Kong uria Txina dala esan behar da argi eta garbi; orain, ostera, krisi ekonomiko larria bizi dabe eta oraintsura arte gorrotatzen izan daben herrialdeari, euren herrialdeari, laguntzino eske dabilz.
Desbardintasunakaz jarraituz, Hong Kong Txina baino beranduago izartuten da. Bizitzearen erritmoari eutsi ahal izateko derrigorrak diran Tai-Txi ariketak egiten Txina Kontinentalean amaitzen dituenean hasten dira Hong Kongen; arrazoia argia da: txinatarrak ohera joaten diranean, Hong Kongeko herritarrak kalera joaten dira gaueko ikuskizunez gozetan. Hong Kong uri hila da goizeko zortzirak arte gitxi gorabehera.
Meteorologiaren aldetik, Hong Kong ez da uri atsegina. Hezetasuna sekulakoa da eta uda sasoian aguantauezinak izaten dira hango beroa eta sargoria. Trafikoa be bildurgarria da, eta kotxe-gidariek ez dabez oinezkoak errespetetan; ganera, urigintza plangintzea be negargarria da, eta urian zehar paseoan ibiltea, barriz, tormentua; ez da, beraz, paseoa maite dabenentzako uria.