Barriketan  III. urtea // 45. zenbakia

Bihotz Bakartien Kluba: 'Linterna Gorria ez da sasi-intelektualentzako aldizkaria'

'Ez dagozan arazoez negar egiteko ohiturea eta egon dagozan altxorrak hondoratzekoa hartu dogu aspaldion'

Bihotz Bakartien Klubaren ekinbidez, Larrabetzuko Goikoelexalden igazko urrian hasi eta aurtengo bagilaren 6an amaituko dan Literatura Eskolan dauka jatorria Linterna Gorria aldizkari digitalak. Antolatzaileen esanetan, Eskolan batu diranen ekarpenak jazoteko asmoagaz jaio zan Linterna Gorria.

Euskal literaturearen, sortzaileen eta sormenaren harian, gauza asko dagoz jorratzeko eta, oraingo honetan, Bihotz Bakartien Klubaren eta Linterna Gorriaren atxakiagaz, bertako kide bategaz alkartu gara:

1. Ezer baino lehen, kontaiguzu Bihotz Bakartien Kluba nondik nora sortu zan eta zelakoa dan taldearen jarduerea.

Bihotz Bakartien Kluba 2002ko urtarrilean sortu zan. Larrabetzuko Hori Bai! gaztetxeak, urtero legez, Gabonetako Kultur ekitaldiak antolatu ebazan eta ekitaldi horreetako baten, Iñigo Aranbarrik Joseba Sarrionandiaren ganeko berbaldia emon eban. Horren atxakiagaz, herriko literaturzale batzuk, Sarriren testuakaz zeozer egitea pentsau gendun eta holan batu ginan bi musikari eta sei irakurle. Saio haretara beste herri batzuetakoak be etorri ziran, gustau egin jaken eta eurenera joateko eskatu euskuen; joan ginan bai eta ordutik hona gabiz Euskal Herrietan errezitaldi poetikoak emoten. Gaur egun, hiru ikuskizun eskaintzen doguz, 'Sarri gure artean', 'Poeta Hilen Kluba' eta 'Zakil Alu hori!'. Bi urteotan 50 emonalditik gora euki doguz eta sano pozik gagoz jentearen erantzunagaz. Emoten dau geldiro-geldiro, poesia errezitaldietara joateko ohiturea zabaltzen doala, entzuten ikasten gabizela, oraindino behar asko egin behar bada be.

Errezitalak emoteaz ganera, hilero literatur saiotxuak egiten doguz, bai berbaldiak, bai mahai-inguruak, liburu aurkezpenak…; horren harian sortu ziran Literatura Eskolea eta Linterna Gorria aldizkari digitala martxan ipinteko asmoak. Gu irakurleak gara, ikasteko goseagaz gagoz eta behar hori asetzeko ekimenak sortzen gabiz eten barik, albokoari begira egon barik, izan be, gaur egun ez dago gure gustoko eskaintzarik.

2. BBK siglea erregistretako ez dozue arazorik euki?

Asko harritu egiten dira gure kartel eta kamisetak ikusikeran, izan be, guk aurrezki kutxaren letra mota bardinak aukeratu genduzan, apropos. Letrak, berbak ez dira inoren jabetzakoak, letrak, berbak, libreak dira, ezin dira esklabu bihurtu interes ekonomikoen atxakiagaz. Gaur egun ideia batzuk proskritoak dira, legez kanpokoak eta gu horren kontra egongo gara beti, gu ez gaitue hain errez isilduko.

3. Bihotz Bakartien Klubean edozeinek parte hartu leike?

Gurea klub bat da, ez esklusiboa, uri bateko auzorik marginaleenean, neoizko argi gorripean, literaturaz berba egin eta zeozer hartzen batu leitekezanen bilgunea baino. Ez dago lehendakaririk, ez bazkide kuotarik, ez estatutorik. Literaturzaletasunak batzen gaitu. Errezitaldietan 9 laguneko taldea gabiz, danak Larrabetzukoak, baina lekuan lekuko lagunek konbidetan doguz geugaz batera leiduteko eta ordutik aurrera guk bbk kidetzat daukoguz. Bardin Literatura Eskolan parte hartzen daben guztiak be.

4. Literatura Eskola proiektua aurrera doa. Pasa dan urritik bagilera bitartean, hilero alkartzen zarie eta zezeileko zitan Aresti izan dozue aztergai. Orain artekoak ikusita, zelako balantzea egingo zeunke? Zer kendu edo gehituko zeunke?

Guar egun 36 bat lagun gabiz eta orain arteko balantzea sano positiboa da. Gure eskolea herritarra da, horizontala, parte hartzaileok alkar elikatzen dogu, nik dakitena esaten deutsut eta zuk niri dakizuna. Ez dauka zantzu akademikorik, ezta titulu amurik, nahiz eta berbaldiak oso maila altukoak izan. Arlo horretan, eskertzekoa da Iñigo Aranbarriren beharra. Berak hartu eban eskolak emoteko eta hainbat gairen ganean berba egiteko konbidatuak ekarteko ardurea. Iñigok asko be asko daki eta maila berean emoten deusku. Web orria be sortu gendun eta hor eskolatarako materiala ipinten dogu eskolen aurretik materiala eskura egon daiten. Orain arte Jose Luis Otamendi, Mikel Elorza, Alberto Barandiaran eta Koldo Izagirre etorri jakuz eta esan behar dogu mamiz berbaldi magistralak izan dirala, sano interesgarriak, (gura dauanak ikusgai daukaz gure web orrian, osorik). Eskolakideek benetan pozik dabizela esaten deuskue eta hori parte hartzean be igarten da. Lagunarteko giroa lortu dogu, gero eta jente gehiagok parte hartzen dau eztabaidetan, eskolea danon arteko kontua dala sentsazinoa zabaltzea lortu dogu eta hori guretzako gauza handia da. Alde negatibo bakarra udalaren jarrerea da.

5. Literatura Eskoleak eukiko ete dau jarraipenik?

Proiektua epe luzerako da. Leiduten ikasi gura dogula esaten gabiz aspalditik, kritiko izaten ikasi gura dogula, inposatu deuskuen literaturearen eta best-selleren menpeko horretatik aparte egon danaren eta dagoanaren barri euki, ez dogu inork esaterik gura zer leidu eta pentsau behar dogun. Euskal Herri osoko literaturzaleen bilgune izan gura dogu, alkarren artean proiektuak garatzeko, euskal literaturea zer dan eta zer izango dan eztabaidatu ahal izateko. Dagoaneko hasi gara datorren urteko eskolarako gai posibleak pentsetan eta eskolakideak be segitzeko prest dagoz. Okerrik ez bada luzaroan ibiliko gara.


6. Oro har ez dogula asko leiduten entzuten dogu sarri baina sortzaileak eta argitaratutako liburuak, barriz, gero eta gehiago dira. Zergaitik? Desoreka horrek ze ondorio ekarri leike?

Gu ez gara eztabaida faltsu eta antzu horretan sartuko, negar asko eta behar gitxi egiten dabenakaz kokoteraino gagoz. Guk irakurlearen jarrerea landu gura dogu eta ez inor leiduten behartu.

7. Linterna Gorria hilebetekaria http://www.armiarma.com/bbk direkzinoan dago pasa dan hiletik eta aurrerantzean, hile bakotxeko 17an barriztauko da. Aldizkariaren asmoa idazleentzako foroa sortzea da?

Literatura Eskola sortu genduanean argi euki genduan emoitza kolektiboren bat lortzea zala asmoa, eskolako partaideon artean egindako zeozer eskaini behar geuntsola literaturzalegoari, eta abenduan Mikel Elorzak emondako Literatur Aldizkariak eskolea aprobetxau genduan Linterna Gorria proposatzeko. Eskolakideek pozik onartu eben eta batzuk euren idatziak bota euskuezan; holan etorri zan lehenengo alea.

8. Aldizkari espezializatu asko dagoz baina literatura aldizkari gitxi. Zeintzuk dira Linterna Gorriaren berezitasunak?

Literaturea izan behar danaren ganean daukagun ikuspegia zabaltzeko tresna izatea gura dogu, merkantilismorik onartzen ez dauana. Aldizkari digitala da, batzen dauzan lanen arabera moldatzen dana, esan gura dot, ale baterako narrazino asko badaukaguz, horrexek atarako doguzala eta hurrungoan poemak baino ez badoguz batzen, ba poemakaz osotutako alea argitaratuko dogula. Literaturearen ganean eztabaidatzeko gunea izatea be gura dogu, kritika egitekoa… baina hori apurka-apurka etorriko da. Beste inon argitaratu bako lanak jaso gura doguz eta makina bat liburu idatzi dabezan sortzaileen lanakaz batera emon. Idatzi gura dabenentzako plaza izango da baina ez da horretara mugatuko. Atal batzuk finkoak izango dira eta beste batzuk aldatu egingo dira, beharrizanen arabera.

9. Asmoen artean, sormena lantzea, bakotxak bere ekarpena egitea da nagusienetakoa baina testuen kalidadeari begiratuko deutsazue?

Linterna Gorria ez da literaturearen sasi-intelektualentzako aldizkaria, ahalik eta irakurle gehien eukitea gura dogu. Horrek ez dau esan gura edozer gauza argitaratuko dogunik. Linternak berak emongo deutsie testuei behar daben kalidadea.

10. Urtarrileko alean 12 lagunen poesia, narrazino eta ekarpenak jaso zenduezan baina aurrerantzean parte hartzaileak gero eta gehiago izango diralakoan zagoze. Gaiei jagokenez, zezeilaren 17ko alean adierazpen askatasunaren ganeko kontuak jorratzen dozuez. Aurrerantzean zelako gaiak aztertzea espero dozue?

Zezeilaren 20an urtea beteko da Egunkaria itxi euskuenetik eta gu ez gagoz ezer ahazteko prest. Garari, Julio Medemi, Berri Txarrak, Su Ta Gar, S.A, Fermin Muguruza eta La Polla musika taldeei, Pamielakoari Sarrigaz, Takolo, Pirritx eta Porrotxi eta beste askori pasetan jakena ez da kasualidadea eta horri erantzun egin behar jakolakoan gagoz, zentsurearen esku baltzetik ez dagoalako inor libre. Berbak galazoten dabiz eta hori ezin geinke onartu. Horregaitik, 2. alerako adierazpen askatasunaren eta zentsurearen ganeko testuak argitaratzea proposatu genduan. Halan da be, ostantzeko testuak be pozik hartuko doguz. Aurrerantzean ikusiko dogu, baina segurutik, gai zehatzen ingurukoak eta libreak atarako doguz.

11. Euskal literaturako pare bat, hiru edo lau izar kenduta, 'edozer' argitaratzeko jokerea dago; horrek ez ete deutso kalte egiten euskal literatureari oro har eta baita euskereari be?

Hiru lau izar ezagun egoteak ez dau esan gura polito argitzen dauan izarrik ez dagoanik. Kalidade handiko literaturea egiten daben eta ahaztuta daukaguzan idazle asko dagoz gure artean. Kalte handiagoa egiten deutsie komunikabideek, argitaletxe batzuek eta soldatapeko sasi-kritiko batzuek literatureari, idazleak etxurearen eta lagunkeriaren arabera promozionetan dabezanean. Ez dagozan arazoez negar egiteko ohiturea hartu dogu aspaldian eta egon dagozan altxorrak hondoratzekoa. Benetako kaltea egiten dabenek eztabaidak desbideratzeko ohitura susmagarri daukie. Leiduten dogunaz eta ez dogunaz, kritiko (ez zentzu txarrean, hemen kritika beti gauza negatiboakaz lotzen dogu eta ez dogu uste kritikea hori danik) izaten ikasten badogu, holako gaiak berez ahaztuko jakuz.

Koldo Isusi Zuazo