Bertsotan  III. urtea // 44. zenbakia - 2004ko zezeilak 16

Euskerea gose, justizia eske


GOSE GREBA

Poz aurpegiak genduzan danok
lehenengoko orduetan
txiste kontari ibili ginen
ur botila eskuetan.
Astea hain luze joango zanik
ez gendun inork pentsetan
ta lotan danok janariagaz
egin gendun amesetan.

Ametsak amets ez genduan geuk
horren gorputzaldi txarra
kartelak egin, datuak kontau
ta martxan barruko arra.
Gose ginela esateko be
lotsea euki beharra
epaitegian euskera da ta
gosez dagoen bakarra

Hamar astean hainbeste jente
batuko da borrokara
urdailen hotsak egingo al dau
epaitegian dardara...
Baraualdiak osasunean
sortu leike mila traba
baina gatxerdi euskerearen
gosea asetzen bada.

Ez dogu ezer zapaldu gura,
ez gabiltza inposatzen
besterik barik hizkuntza dabil
bere lekua topatzen.
Lotsagarri ez ete gabiltzan
hasita nago pentsatzen
historikoki geureak diran
eskubideak eskatzen.

Gernikaldeko epaitegiak
ez dau laguntzarik emon
nork eingo deutse gose aurpegidun
gazte honeri jaramon?
Argi daukagu Gernikan, Bilbon,
Bergaran, ez beste inon
euskaldunontzat justiziarik
ez dala egundo egon.

Pena guztiak pasauko dira
hamargarren asterako
hasierako pataletea
potolotzen doalako.
Parte hartzaileak pozarren gagoz
parte hartu dogulako
euskerearen ozeanoan
tantatxu bat garelako.

Onintza Enbeita

Hirurogeita hamar egun, hamar aste. Euskaltzaleak txandakako gose greban ari dira Gernikako epaitegian hizkuntza eskubideak bete daitezan eskatzeko. Onintza Enbeita bertsolaria be izan da gose greba honetan eta ez deutsagu Edinburgora alde egiten itxi bere esperientzia kontau barik.

Bizkaiko eremu euskaldunenari (Lea Artibai eta Busturialdea) zerbitzua emoten deutson epaitegian langileriaren % 80ak ez daki euskeraz eta epaiketa zein ganerako tramiteak gaztelera hutsez egiten dira. Euskal Herrian Euskaraz erakundeak bost urteko burrukea darabil epaitegi horretan euskerearen normalizazinoa eskatzeko. Sinadura bilketak, manifestazinoak, batzarrak...; saio ugariren ostean, 'Epaitegiei Insumisinoa' ekimena hasi eben. Honezkero, ehundaka dira Gernikako epaitegiari insumisinoa erakutsi deutsenak, eurena behar leuken epaitegian baztertuta dagozalako. Azken ekimena abenduaren 20an hasi zan: hamar asteko gose grebea. Astero-astero talde batek egiten dau txandea, sindikalgintzeak, euskalgintzeak, Busturialdeko bertsolariak, gazteak... euskarearen justizia gosea salatzen dabiz egunero egunero. Zezeilaren 28an amaituko da ekimen hau, Gernikan egingo dan manifestazinoagaz eta osteko jaialdiagaz.

Onintza Enbeita kazetari eta bertsolari muxikarra lehenengo txandan egon zan. Edinburgora joan da orain, bere hizkuntza gutxiagotuari opor txikitxuak emon eta beste hizkuntza handiuste bat ikastera edo. Joan orduko, gose greba egin eban astean bizi izandakoak kontau deiskuzan eskatu geuntson eta bai ondo erantzun be. On egin!

IƱaki Aurrekoetxea