Zinea  III. urtea // 44. zenbakia - 2004ko zezeilak 16

Hogei zinegilek film kritikoa errodau eta M-14 baino lehenago estreinauko dabe


'‘Hay motivo'’ film honetan Prestige, Irakeko gerra, euskal gatazkea, zigor kode barria, inmigrazinoa, langabezia eta gaurkotasuneko bestelako gaiak be jorratuko dira. Wyoming-ek gogora ekarri dauen legez, 'eurek korneta eta klarina joz eta milaka emonaldi-ordu erabiliz kontetan deuskue zer dagoan ondo; guk, ostera, ordubete besterik ez dogu eskatzen. Atzean partidu politikorik ez dagoanez, lehenengo eta behin TVEra joko dogu, gure kate publikoa dalako'. Ganera, azpimarratu gura izan dau 'hauteskundeei eragiteko modu bat baino gehiago, herritarrak defendatu eta ikusten doguna adierazoteko modua izango dala'.

Joseba Terreros

Euskal Herriko eta Espainiako zinegile talde handi bat 'Hay motivo' izeneko proiektuaren inguruan batu da; egitasmo horretan, besteak beste, Julio Medem, Imanol Uribe, Gracia Querejeta, Montxo Armendariz, Vicente Aranda, David Trueba, Gran Wyoming, Pere Joan Ventura... izango dira, estaduko errealidadearen gaien inguruko ikuspegi kritikoa azaltzeko. Bakotxak hiru minutu inguru errodauko ditu eta asmoa da telebistan emotea hauteskunde kanpainan zehar.

Bultzatzaile nagusietariko batek, Imanol Uribek, argitu gura izan dau ekimen hau ez jakola alderdi politiko zehatz bakar bati be lotzen eta ez datorrela bat aukera politiko jakin bategaz be. Beraren esanetan, helburua izan da gizarte zibiletik abiatutako ekimen kritikoa bideratzea, euren kezkak eta ardurak azaltzeko.

Zuhurtzia handiz jokatuz, zinegileek ez dabe aldez aurretik PPko gobernua kritikau gura izan. Ildo horri jarraituz, adierazo dabe mezua ez jakela bakar-bakarrik zuzentzen orain gobernetan dabilzenei, ezpada poterera ailegau leitekezanei be. Imanol Uriberen esanetan, 'azken urteotako balantze bat egiteko modua da, gure eretxiz, gaur egun jasoten dogun informazinoa plurala ez dalako eta egunetik egunera txarrera egiten daualako'.