Kulturea  III. urtea // 44. zenbakia - 2004ko zezeilak 16

Euskal diskoetxeak batuta


Musikea eta kulturea alkarregaz

Diskoetxeetako arduradunek behin ta barriro gogorarazo deuskue musikea eta kulturea ez dirala bide desbardinetatik doazen aparteko munduak. Euren esanetan, biak batera dagoz, eta gehiago esatearren, musikea kulturearen enbajadore moduan definitzen dabe. Hori dala ta, asko dira egin beharrekoak arlo honetan. Hasikeran zehaztutako helburuen artean, disko bakotxeko BEZ-a bajetea dago. Ganera, diru-laguntzinoak lortu gura ditue instituzinoetatik, hainbat proiektu barri martxan ipini ahal izateko eta egileakanako errespetua bultzatzeko. Lan horreek aurrera eroateko euskal diskoetxeen batasunak garrantzi handia izango dau, izan be, merkatua askotarikoa dala kontuan hartuta, hobe da modu bateratuan lan egitea.

* Anjel Valdes (Elkarreko arduraduna): ‘Indarrak batu behar doguz, batez be gizarteagaz eta erakundeakaz berba egiteko’.

* Marino Goñi (Gorreko arduraduna): ‘Musikea, eta ondorioz, kulturea bizitzen dagoan krisiaz jaubetuta alkartzea erabagi dogu’.

Saioa Torre Gereketa

Bardin antzeko arazo eta ardurak izaten dituela kontuan hartuta, Euskal Herriko diskeetxeek udaberrirako alkartuta egoteko proposamena plazaratu dabe. Taldeko indarrak indar indibidualak baino gehiago balio dauelakoan, batera ekingo deutse euskal diskoetxeek gizarteagaz eta erakundeakaz berba egiteko ekimenari.

Gaur egun musikea eta oro har, euskal kultureak bizi dauen krisiaren aurrean, bat egiteko erabagia beharrezkotzat jo dabe diskoetxeek, batez be Eusko Jaurlaritzeagaz, EITBgaz, SGAEgaz edota Europako zigilu independenteak batzen dituan Inpala alkarteagaz hartu-emon aberasgarriagoak lortzeko. Halan da be, bidean trabak topauko dituela autortu dabe. Izan be, estadu mailan dagoan krisian eurak be bete-betean dagoz sartuta.