Txutxu-mutxuan  III. urtea // 44. zenbakia - 2004ko zezeilak 16

Salgaiak be zelatan!

Personen txandea martxan

Objektuen ostean, personen txandea izango da. 2005ean AEBko 42 milioi lagunek jarraipen sistemaren bat eroango dabe aldean. Batzuen kasuan, holakoak derrigorrezkoak izango dira, berbarako baldintzapeko askatasunean dagozan presoen kasuan. Beste batzuk borondatezkoak izango dira, esate baterako seme-alabakaz arduratuta dagozan gurasoen kasuan. Sistema guztiak ez dira RFIDean oinarritzen, baina horren arrakastea ziurtatuta dago, aurki. Txip horretariko batek euro bat baino gitxiago balio dau eta beste teknologia batzuekaz, kasu baterako GPS bitartezko bilaketeagaz erabili leiteke gorabehera larregi barik.

Begiluzea

Hare-garau baten neurriko txip bat barra-kodea ordezkatzen hasi da. Abantailak argiak: kutxazainak erosketea irakurri ahal izango dau, kutxara ailegau baino lehenago. Arriskuak agirikoak: pribazidadea galdu egingo da, sistemea amatetan ez bada.

RFID txipa

Barra-kodea desagertzeko zorian dago eta, batzuen eretxiz, personek intimidaderako daukien eskubidea be bai. Gauzei, baina animaliei eta gizakiei be etiketea jarteko modu barri bat gure bizimoduaren zurrunbiloan sartzen dabil, guk igarri barik be. Enpresa teknologikoek RFID esaten deutsie, hau da, erradiofrekuentzia bitartezko identifikazinoa. Ganerako sektoretan, batez be txip txiker hau erosi eta salgaiei inketan deutsienek, adimendun etiketatzat hartzen dabe. Eskubide zibilen aldekoek 'txip zelataria' izena gurago dabe. Erositako gauza bati ezin hobeto inkautako milioika zelatari.

Etiketek hare-garau baten neurriko txip bat daukie; identifikazino zenbaki bakarra dauka eta mundu osoan ez dago horren bardinik. Txip horri inkautako antena batek informazinoa emoten dau irrati bitartez. Irakurle batek seinalea jaso eta etiketearen datuak interpretetan dauz. Berbarako, praketan sarturiko datuak egilea, neurria edota kolorea izan daitekez.

Barra-kodearen bersino gaurkotua emoten dau, baina askoz gehiago be bada. Desbardintasuna ondokoa da: eskanerra txipa irakurteko gauza dala, aurrean euki barik. Seinalea batez beste zazpi metrora heltzen da. Dana dala, teknologia egokia euki ezkero, milaka metrora zabaldu daiteke, eta irakurlea Internetera konektetan bada, ez dago mugarik.

Etiketea jantzitako tankeak eta merkataritza enpresak

Sistema hau erabilten hasi zan lehenengoa AEBko ejerzitoa izan zan. Irakeko gerrea leku ezin aproposagoa izan zan RFID zelataria probetako. Generalek uneoro jakin gura eben non egozan euren tankeak. Arrakastea itzela izan zan eta ordutik AEBko Defentsa Sailak hornitzaileak behartu dauz etiketa barriak erabilten.

Edozelan be, merkataritzako sektorean etorkizun handia eukiko dau. Gurean, Eroskik, kasu baterako, etiketa elektronikoen sistema barri bat ezarri dau Usurbilen, eta horri esker ziurtatzen dau erosleei kutxatik pasaukeran kobretan jaken prezioa bat datorrela apaletan ikusi daben prezioagaz. Sistema honek 27.000 etiketa elektrokiko gestionetan dauz paperezkoen ordez.

Wal-Mart-ek, azalera handiko sektoreko munduko lehenengo enpreseak, hornitzaileei jakinarazo deutse 2005etik aurrera bialdu behar deutsiezan produktu guztiek adimendun etiketa horreek erabili behar dabezala. Frantziako Carrefour, Alemaniako Metro eta Britania Handiko Tesco daborduko probetan dabilz sistema hau. Supermerkatuen enpresa handiek hornidurak hobeto kontrolau ahal izango dabez eta ganera salgaiak ostea ezinezkoa izango da.

Erosleen kasuan, abantailea erosotasunean egongo da. Gurditxuagaz kutxara hurreratzen garan neurrian, irakurleak kontua egingo deusku. Eta etorkizunean gure kreditu txartelean kobretako gauza be izango da.

Pribazidadearen aldekoek ez ei daukie ezelako arazorik kutxatik pasetako momentura arte. Problemea geroago azaltzen da, dendatik kanpo, txipek informazinoa bialtzen jarraitzen dabenean. Halan, 1.000 euro inguru balio dauan irakurle bat erosita, edonork jakin leike etxe baten albotik igarotzean zein dan barrukoek erreten daben tabakoa edo telebistearen markea edo ia aldizkari pornorik erosten daben ala ez.

Espioitza kasuak be izan dira, baina momentuz denda baten barruan. Oklahoman Wal-Mart-ek daukan merkataritza zentro baten Lipfinity ezpain-barren erosleen jarraipena egin zan. Sistemeak erosleek produktu horreetariko bat hartu eta probetan ebela egiaztetan ebanean, seinale bat bialdu eta horrek izkutuko kamara bat isiotzen eban. Irudiak milaka kilometrora dagoan Procter & Gamble-ko egoitzara heltzen ziran eta bertan marketing-eko arduradunek produktu barriak erosleei sortu eragindako erreakzinoak aztertzen ebezan.