Berbako lagunak
Kaixo lagunok. Hilebete bi be ez doguz egin amaierarik eta mugarik bakoa dan Sarean geure burua aurkeztu genduanetik eta, zorionez, gero eta gehiago gara: harpidedunak ehundaka zarie eta erabiltzaileak, barriz, milaka. Eskerrik asko.
Hiru-lau berba baino ez bada be, zuoi guztioi esateko ekinean gabilzela ahalik eta aldizkaririk interesgarriena eskaintzeko; atal gehiago eta eduki gehiago eskatzen deuskuzuez, gai zehatz batzuen faltea edo aldizkaria hamaboskaria dala kontuan hartuta, edukien aldetik eskas geratzen dala ikusita; gu geu be jaubetu gara eta, badinotsuedan lez, oraingoz baino ez bada be, lehendik dagozan ataletako edukiak zabaltzen gabilz, ahalik eta gairik gehien jorratu ahal izateko. Egia da politika kontuak aztertzeko atal zehatzik ez dogula zabaldu, baina jakin daiela gure irakurleek politikea zein bestelako gaiak jorratzeko leku aproposa dala irakurlearen txokoa. Beste alde batetik, Interneten argitaratzen dan aldizkaria izanda, papelerako idatzitako testuak dirala gureak leporatu izan deusku bateren batek, eta leitekena da; izan be, orain arte Internet gauza gitxi batzuetarako baino ez dogu erabili izan, gehienbat kontsultarako, eta orain, ostera, gauza normala da egunkarien edizino digitalak irakurtea eta, kasu batzuetan, papelezko edizinoak baino gehiago, ze Interneteko edizino horreek albisteak sortu ahala eguneratzen dira, eta, esan beharrik be ez dago, papelezko edizinoetan sarri askotan arratsalderako zaharrak dirala goizeko barriak; esangura horretan, irratiaren bapatekotasuna eta hurrekotasuna eskuratu dabe egunkari digitalek Sareari esker. Alde horretatik, ohiturak aldatuz doaz eta akaso idazteko modua aldatzea be beharrezkoa izango da, batez be, zehaztasunerako eta argitasunerako jokerea hartuz; kontuak kontu, argi dago gure aldizkaria ez dana aldizkari espezializatua. Hasikeratik era guztietako gaiak jorratzeari ekin geuntson, eta hori da asmoa, hau da, ahalik eta modurik errazenean eta ulergarrienean idaztea, ahal dala esaldi bihurri eta pasarte korapilatsuak baztertu eta esaldi laburrak, zehatzak eta ulerterrazak aukeratuz; edozelan be, Sarean erabilten dan hizkuntzea, gure kasuan euskerea, eta idazteko modua, gai politak izan daitekez azterlan sakona egiteko.
Bizkaieraz lehenengo pausuak emoten gabilz Sarean, eta bidea urratzearen garrantzia ukatu barik, ezin gara lo geratu. Internet mundua mundu bizia da eta egunetik egunera aldatzen dira gauzak, onerako eta txarrerako, ze birusak be ezin doguz ahaztu; birus madarikatuok indar ikaragarria dabe eta egunetako, hilebeteetako edo urteetako beharra zapuztuteko gauza dira. Guk geuk be badaukagu horren eskarmentu latza. Zur ibili gero!
Halan da be, Interneten gauza onak, aukerak edo abantailak alde txarrak, gogaikarriak eta desabantailak baino gehiago diralakoan gagoz, edo hori gura geunke behintzat. Komunikazinorako be tresna egokia da, eta ez gara orain Internet eta posta elektronikoaren onurak azaltzen hasiko, baina orain urte batzuk fikzino-zientziazkotzat hartzen genduana, gaur egun normaltzat hartzen dogu; eskuko telefonoak idatzizko mezuak bialtzeko erabiltea eguneroko kontua da gaur egun, batez be gazteen artean eta txatarena be ez da zahar-zaharra eta asko erabilten da, gure mugetatik kanpo askozaz gehiago, jakina. Txata, duda barik, eztabaidarako foro polita da eta gai serioak eta hain serioak ez diranak erabili daitekez, beti be erabiltzaileek gura dabenaren arabera. Aurrez aurre berba egitea lakoa izango da bizkaierazko berba-txata; izan be, galderak, eretxiak, erantzunak, mezuak eta bestelakoak bata bestearen atzetik joango dira, aurrez aurre egongo bagina legez; webcam-a, kamera txikia ordenagailuaren goiko aldean ipintea baino ez jaku faltako geugaz 'berbetan-txateetan' dagoana pantailan ikusteko. Oraindino, beharbada, urrun ikusten doguz holakoak, baina gure artean be erabilerearen erabileraz edo denporearen podezuz ohikoak izango dira seguru. Gauzak holan dirala, aukerea badagoala egon ikusita, egunero bizkaierea erabilten dabenei tresna hori eskura jarri guran ibili gara, eta honezkero gure irakurleei bizkaierazko berba-txata agintzeko moduan gagoz. Data zehatzik ez dogu jarri gura, gero jentea hasarratu ez daiten, baina trankil egon zaiteze, uda sasoirako-edo bizkaieraz 'berbetako-txateetako' aukerea izango dogu guztiok eta.
Oraingoz, besterik ez, lagunok; baina, hori bai, gogoratu irakurlea@bizkaie.biz komunikazinorako kanala zabalik dagoala beti zeuon eretxiak, ardurak edo eskabideak jasoteko, eta zur ibili, ze ezustean gauza barriak eransten joango gara eta ezusteko galantak be egon daitekez. Ondo bizi eta hurrengora arte.
Koldo Isusi Zuazo,
Bizkaie! Aldizkariko Zuzendaria.