Eretxia  III. urtea // 44. zenbakia - 2004ko zezeilak 16

Zerbitzu sekretuak, behar baino sekretuagoak...


Bonboikeri asko dago komunikabideetan ditxosozko transizino hori dala eta ez dala. Horrenbeste konfetti eta berba gozo erabilten badabez be, ez daigun ahaztu alde ilun asko dagozala. Zertako dagoz Zerbitzu Sekretuak? Zelako lanak egiten dabez? Pelikuletan ikusten doguzan modukoak dira espioi espainiarrak? Lan garbia egiten dabe?

Ez dot erantzunik espero, azken finean zerbitzu sekretuek ez dabelako euren lanaren ganean askorik esaten. Hori bai, lerro artean irakurten badogu eta lantzean behin agertzen diran informazinoak benetakoak badira, ez dogu topauko espioiaren eredua gure ume sasoiko tebeotan, pelikula serioetan baino. Eta ez dakit nik horrek poz handirik emoten deusten...

Iñaki Atxutegi

Pozteko modukoa izan da Carod-Rovira kasua CNI kasua bihurtzea. Hasikeran komunikabide guztiek aho batez zabaldu eben barria ERCko buruzagiaren jokabidea gaitzetziz. Gitxi izan dira berak egindakoaren alde, alkarrizketearen alde agertu diranak, Katalunyan hamaikatxu biderrez aldarrikatu dan "Diàleg" horren alde. Kazetariren bat edo beste, politikoren bat edo beste...
.
Kasuak, zorionez, bestelako bidea hartu dau. Estaduko oposizinoak (PSOEk be bai eta poztu gaitezan!) itaundu egin dau ia zelan heldu ziran alkarrizketearen nondik norakoak ABC egunkariaren eskuetara. Erantzuna ez da bape gatza, askok barruntau genduna bete egin da: CNIk izan eban topaketearen barri eta kontua da ze ETAko buruzagiak atrapetako moduan euki arren, atxilotu ez eta iges egin ebela ezelako arazo barik. Inportanteagoa ei zan arerio politikoari egurra emotea terrorismoaren kontrako burrukea baino.

Aurrerantzean, ikusi beharko da kontu honek ondorioak ekarriko dituan ala ez hauteskunde kanpanan eta bere emoitzetan (nire ustez, askorik ez), baina egonezina sortu da zerbitzu sekretuen egitekoaren gainean. Lantzean behin zabaltzen dira alderdi politikoen kontrako espioitza kasuak; horra, orduko HBren kontrako operazino "gogoangarria".

Ez daigun pentsau konserbadoreak dirala zeregin horretan dabiltzan bakarrak. PSOE agintean egon zanean, danetik egin eben orduko CESIDekoek. Eta ez daigun pentsau Euskadin baino ez dabiltzanik. Iraken be badagoz espainarrak espioitza lanetan. Zer ziran, ba, Iraken hildako espainiarrak?