M-N EZTEN taldearen agurra
Elizondoko Futbolin Tabernan, zezeilaren 14ko gauerdian
Bizkaie!
Azken aldian larregi mobidu ez badira be eta M-n Ezten legez, ibilbide laburra egin arren, Kristina Solano eta Amaia Oreja dira, euskal tradizinoa eta pop musikea buztartzen dituan taldean buru. M-n Ezten taldea sortu aurretik, Amaia, Joseba Iparragirre akordeoilariagaz ebilen eta Kristina, barriz, Kristina ta Biotz taldean. Proiektu horreek ezerezean geratu ziranean, Kristina eta Amaia bikotea osotu eta herririk herri, gehienetan Aia eta inguruetako erromerietan ibili ziran erritmo kutxa bategaz, kantu ezagunak kantau eta bazterrak alaitzen.
Geroago otu jaken gauza personalago bat egitea eta laster egoan martxan bost kidez osotutako taldea. Berehala, promozinorako maketa bat grabau eta disko osoa grabetako itxaropenagaz, hartu-emonetan hasi ziran disketxeakaz; zorionez, Gaztelupeko Hotsak Etxearen laguntzinoa lortu eben. Kaki Arkarazo arduratu zan produkzino beharraz eta diskoaren grabazinoan kitarrea eta Hammond teklaua be sartu ebazan. Kolaboratzaileen zerrendea luzea eta gogoan hartzekoa izan zan, izen batzuk aitatzearren, Oskorri, Negu Gorriak taldeko atal erritmikoa, Bide Ertzean edota Irazoki bera aitatau beharko geunkez.
Sasoi baten moda-modan egon zan triki pop estiloko diskotzat hartu eben adituek eta ez ebiltzan oker. Halan da be, musika estiloen buztarketea edo mestizajea egiten dau taldeak eta kantuetan trikitiaren protagonismoagaz batera, soul, rock melodikoa, folk pop, country, baladak eta salsa musikearen eragina igarten da.
Kantuetan entzun daitekezan gaiei jagokenez, era guztietakoak dagoz, maitasuna, maitasunik eza, feminismoa, lagunak, urrun dagozanak...; ganera, kantu batzuetako berbak Unai Iturriaga eta Amaia Agirre bertsolariek idatzi ebezan.
Zuzeneko kontzertu edota erromerietarako Kristinak eta Amaiak sekulako taldea osotu eben: Michel Longaron (Mikel Erentxun eta 21 Japonesas taldeetako bateria), Mikel Atxaga (Marrumako bajua) eta Ruben Caballero (Egan taldeko kitarra jolea).
Kontuak kontu, askoren zoritxarrerako agur esateko ordua be heldu jake eta okasinorako kontzertu berezia preparau dabe. Zezeilaren 14an, zapatuan izango da Elizondoko Futbolin Tabernan. Hemetik aurrera zertan ibiliko diran asmatzea ez da gatxa: segurutik Kristinak bere triki akademian segiduko dau eta Amaiak, barriz, disko denda batean beharrean. Onena opa deutsegu biei.