Iban Dobaran (Kazerua): 'Kazeruak desagertzeko arriskuan dagoz'
Jose Luis Elorduizapaterietxe: 'Gazteentzako kazea ez da erakargarria'
Aurtengo kaza denporaldia oraintsu amaitu da eta hurrengoari begira dagoz daborduko kazeru guztiak; balantzea egiteko eta kazeak Euskal Herrian daukan indarraren, eta kazeak gaur egungo gizartean daukan lekuaren ganean berba egiteko ordua.
Bizkaiko kazeru bi (Jose Luis Elorduizapaterietxe Leioako semea eta Iban Dobaran laukiztarra) geure itaunei erantzuteko prest agertu dira; biek txiki-txikitatik bizi izan dabe kazea eta urteak daroez Burgoseko kaza-esparruetara osterak egiten.
1. Lehenagoko denporetan kazea eta arrantzea derrigorrezko ekintza ziran biziraupenerako baina gaur egun kirola, hobbya edo animalien kontrako indarkeria ekintza ete dira?
Iban D.: Kazea zer dan? niretzako aitatu dozuzan hiru aukeretatik bat bera be ez edo hirurak izan leitekez; batzuentzako kirola da argi eta garbi, batez be, txapelketetan eta dabizenantzako baina horretan oso gitxi dabiz, kazeru guztien % 0,1era be ez dira ailegauko. Jakina, mendian pasada handiak hartzen doguz eta kirola be bada kazea; Dana dala, Espainian Kazako Federazinoa kirol federazinoen artean sartzen da eta gu kirolaren legeakaz gabiz. Frantzian, barriz, kazako erakundeak ez dauka zerikusirik kirol federazinoakaz. Hobbya be bada askorentzako eta animalien kontrako indarkeria be bai ze amorru biziagaz holan dabizenak be ezagutzen doguz, pasetan dan danari tiroka. Niretzako, barriz, kazea bizitzeko filosofia da, bizimodua ze guk kazea odolean daroagu, beti gabiz kazeagaz gora eta behera. Solo bat daukanaren antzekoak gara gu; gaur egun ez da inor bizi solotik baina bizimodua da beste barik.
Jose Luis E.: niretzako kazea hobbya da, txiki-txikitatik etxean ikusi izan dodana; nik gozau egiten dot mendian, naturearen erdian.
2. Kiroletan beti egoten dira irabazlea eta galtzailea baina, normalean bizia ez dau inork galtzen. Animaliak, ostera, beti galtzaile...
Iban D.: beti galtzaile, ez eizu pentsau, guri gustetan jakuna baino gitxiagotan ze sarritan igez egiten deuskue txoriek...; bromak aparte, hau lehenengo itaunagaz lotu geinke, niretzako kazea ez da kirola baina egunetik egunera norberaren beharra hobetzeko gogoa argia da.
Jose Luis E.: bueno, zeozer atrapetan badozu galtzailea animalia da, duda barik, baina guk kazeruok, nik behintzat ez dot holan ikusten, animalia galtzaile legez esan gura dot.
3. Ekologistakaz ez zarie ondo konpontzen baina naturea ekologistak eurak baino gehiago maite eta errespetetan dozuela entzun deutsuegu sarri. Ez ete dago hor kontraesana?
Jose Luis E.: kazeruen artean be danetarik dago. Legeak errespetetan doguzan kazeruok ez daukagu arazorik ekologistakaz. Baina egia da kazeru batzuk ez dabezala distantziak etxetatik errespetetean, kaza denporalditik kanpo kazan ibilten diranak, tiro edozeri egiten deutsienak eta holakoak.
Iban D.: Ekologistak eta ekologistak dagoz; Walt Disney-ren Banbygaz hasi ziranak, horrek dira ekologistak?, urian hazi, bizi eta kazearen alde txarrak bakarrik ikusten dabezanak, horrek dira ekologistak?, haizea, giroa eta naturea neurtzen edo baloretan ez dakitenak ezin doguz ekologistatzat hartu. Basoa zer dan dakienakaz ez daukagu ezelako arazorik; baserritarrak be lurrak emoten deutsona hartzen dau eta hor ez dago kejarik; perretxikotan doazenen kontra be ekologistek ez dabe ezer esaten. Gu ete gara pelikulako txarrenak?. Hori bai, onartu egin behar dot, kaza kontuan, historian atzera eginda be zentzuzko mugak pasau egin doguzala, hori gure errua izan da, natureari emoten dauana baino gehiago kendu deutsagulako. Neurrian kentzea da kontua, kupoak ipintea eta gaur egun danok konturatu gara arazo horretaz. Kazeruak zentzunez jokatu behar dau.
Jose Luis E.: danon artean erea topau behar dogu txoriak galdu ez daitezan; mendian gabilzanok ondo dakigu zer dagoan eta zer kendu geinken astokeririk egin barik; mentalizazino kontua da baina pentsetan dot, geldiro-geldiro bagoazela aurrera.
4. Espainia osoan 1.250.000 kazeru inguru dagoz eta urtean 30 milioi animalia inguru hilten dira. Erabilitako kartutxo guztiak mendian geratzen badira...
Iban D.: Euskal Herrian zenbat kazeru garan ez dakit baina afizino handia dago eta leku txikian. Horrezaz ganera, pasako txoriak baino ez dagoz hemen eta derrigor joan behar izaten dogu mesetara kazan, horrek eskatzen dauan aurrekontuagaz. Beste gauza bat esango deutsut: kazeruak desagertzeko arriskuan gagoz, gero eta kazeru gazte gitxiago ikusten da; ez dago erreleborik, kazea ez dago modan gazteen artean. Huescako kasua aitatuko deutsut ze aurten sei mila lizentzia gitxiago tramitau dira. Animalien populazinoa ez dago arriskuan kazeruengaitik.
Jose Luis E.: egia da bai, aurrekontu handia behar da kazarako, dedikazinoa, txakurrak, kaza-esparruak eta bestelakoak; ganera, ikastolatan umeei esaten jake txoriak ez dirala hil behar eta, jakina, gazteentzako ez da erakargarria kazea.
Iban D.: ganera, juergea eta kazea ez dira bateragarriak: kazan joateko goizean goizetik mobidu behar zara eta gabaz parrandan ibili ezkero...
Kartutxoen kontua itxi dogu erantzun barik; gaur egun, oilagorretan gabilzanon kasuan, kartutxorik ez da ixten mendian eta ez bakarrik metalizauta gagozalako, baita tiroak non botaten dozuzan inork ez daian jakin. Kontua da guk tiro gitxi botaten dogula, egun batean 10 tiro botatea asko da guretzako eta erabilitako kartutxoak batzea ez da ezer kostetan. Usotan eta ibilten diranak, ostera, tiro piloa botaten dabe. Kazeru txarriak be badagoz, hori ez dogu ukatuko.
Jose Luis E.: gero eta kartutxo gitxiago ikusten da basoan. Postuetan ontzitxuak dagoz eta hor batzen dira. Kartutxo zaharrak ikusten dira baina gaur egun, kazeruak mentalizauta gagozala esango neuke.
5. Kazea diru iturri handia da eta urtero milioiak mobitzen ditu (lizentziak, aseguruak, armak, kartutxoak, txakurrak, kaza-esparruetara osterak...). Urtean zenbat diru gastetan dozue?
Iban D.: Gastu kontuan, ez dago mugarik; Bizkaian, txakurrik barik kazan ibilten diranak 30-50 mila pezeta bitartean gastau leikie. Hortik aurrera, bakotxak ahal dauana gastetan dau. Kaza-esparru, txakur, lizentzia, bidaiak eta bestelakoak kontuan hartuta, 250-300 mila pezeta inguru edo gastau geinke urtean. Hori bai, badagoz milioi bat eta hortik gora gastetan dabenak be.
Jose Luis E.: konforme Ibanek esandakoagaz; norberaren gastetako kapazidadea da kontua.
6. Kaza-txakurren garrantzia zerenbestekoa da?
Iban D.: Beti be kaza-modalidadearen arabera. Oilagorretan, galeperretan edo basurdetan ibilten garanontzako txakurrak dira inportantzia gehien daukienak, eskopeteak berak baino gehiago. Usotan eta birigarrotan dabizenantzako, barriz, txakurrak ez dira hain inportanteak eta gehienek ez daukie txakurrik.
Jose Luis E.: bai, guretzako inportanteena txakurra da. Txakurrak egiten deusku guri beharra: piezak topau eta guretzako prest ipini; gure beharra hurreratu eta tiro egitea baino ez da izaten. Txakurraren keinuak, ibilerea, mobimentuak benetan ikusgarriak dira, irudi plastikoak izaten dira. Guk horregaz gozetan dogu. Txakurraren arrazeak ez dauka zerikusi handirik, txakur onak eta txarrak dagoz arraza batean zein bestean. Pointer, setter eta bretoi onak dagoz baina baita txarrak be.
Iban D.: oilagorretan ibilteko setterrak eta pointerrak erabilten doguz gehien.
7. ADECAP, kazeru eta arrantzalearen defentsarako alkartea da. Bazkide zarie?
Jose Luis E.: orain 10 urte edo sortu zan eta hasikeratik naz bazkide; kazeruon defentsarako alkartea da eta egitekoen artean kazeruon erreibindikazinoak eta gaiak administrazinoagaz negozietea dago. Urteotan gauza asko egin dira eta prozesuan gauza asko dagoz. Nik ondo ikusten dot alkartea.
Iban D.: ni ez naz bazkide baina egitekotan nago; Espainian sekulako inbidia deukotsie; honen haritik sortu dira gero antzekoak Valentzian, Nafarroan eta hor zehar. Kontua da ze kazako federazinoagaz kazeru asko ez garala sentitzen ordezkatuta, gehinbat txapelketa eta holako kontuetan ibilten diralako. ADECAP, ostera, berton sortutako alkartea da eta hurrago sentitzen dogu, besteak beste, kazeruon interesak zuzenean negozietan dabezalako alderdi politikoekaz.
8. Kaza denporalditik kanpo entrenamentu berezirik edo kazeagaz lotutako bestelako ekintzarik egiten dozue?
Iban D.: denporalditik kanpo triste egoten gara, makinatxu bat negar egiten dogu...; gehienbat txakurrak preparetan ibilten gara edo lantzean behin galeperren bat soltetan be bai. Kazea beti daukagu buruan.
Jose Luis E.: denporaldia amaitzen danean, egunean-egunean ataraten doguz txakurrak larregi loditu ez daitezan. Oilagor Proiektuan be sartuta gagoz baina hau denporaldi barruko kontua izaten da. Kazeruok liburutxu bat daukagu eta hor atrapetan doguzan piezen eta egunaren ganeko datuak betetan doguz: tenperaturea, haizearen norabidea, baso mueta, zenbat oilagor ikusi eta hartu doguzan, gazteak edo zaharrak izan badira, pisua...; hegoko luma bi be kentzen jakez liburuan ipinteko; kazeru askoren ekarpenagaz, horreekaz datuakaz hegaztien ohitura, populazino eta bestelako kontu batzuk aztertzen dira urtero.
Koldo Isusi Zuazo