Euskera ona, zuzena eta egokia
Euskera ona deitzen jako Euskal Herriko baserrietan entzun geinkenari: “lagunak egin dabe”, "jaizu jan, jan barik jun barik jaira", “merijendie janda jun da Jon” edo “dindandune dend(a) ondon dau” lako esaldiak errez entzun geinkez Bizkaiko euskaldun helduen artean. Holako euskereari ona esaten jako, hori dalako ahoz-aho, belaunaldiz-belaunaldi geuganaino ailegau dana. Normalean, hauxe izaten da euskaldun barrien prozesuan emon beharreko azken pausoa, euskaldun zaharrek konturatu barik lehenengo emoten dabena.
Euskera ona, ostera, ez da beti zuzena izaten. Izan be, aurreko paragrafoko adibideak “lagunek egin dute”, "jan ezazu, jan, jan gabe jaira joan gabe", “askaria janda joan da Jon” eta “zabua denda ondoan dago” izango litzatekez euskaltzainez betetako areto batean. Lehenengoaren kasua argigarriena da, euskerazko ergatibo pluralak “lagunek” jartea eskatzen daualako, hain zuzen be, “-ek” baita kasu honetarako forma zuzena. Beraz, euskera ona ta zuzena eukiko dauz filologoz betetako gela batean euskera jatorrean berba egiten dauanak.
Dana dala, persona horrek ez dau euskera egokia izango lagunen artean filologoz betetako gela horretan egingo eban moduan egiten badau berba. Esaterako, lagun bati tortilla pintxo bat eskatzeko ezin jako “arrautza eta lur sagar opil hizka-mizka” bat eskatu. Hasteko, kostako jako “bezeroak” zer gura dauan aitzea. Ondoren, aitzen dauanean, barre zantzoka hasiko jako eta tortilla pintxo bat ikusten dauan bakotxean bere lagunagaz gogoratuko da. Azkenik, lagun arteko hartu-emonei kalte egingo deutse berbakerearen urruntasunak.
Argi itxita, euskera on, zuzen eta egokidun euskalduna baserritik ataratako, akatsik bako eta alkarrizketeari jagokon euskera mailan berba egiten dauana izango da. Beraz, telebistako berbakerea entzunda be euskerea ona ez dala esaten dauanari, esan beharko jako bere euskerea ona dala oso, baina batzutan ez dala izango lar zuzena. EGA atarata euskeraz ezer barririk ikasteko ez daukala pentsetan dauanari, esan beharko jako bere euskerea zuzena eta kasurik onenean egokia izango dana, baina oraindino asko geratzen jakola bere euskerea on-ona izan arte. Eta euskera on, zuzen eta egokia daukanari, zorionak emon beharko jakoz bihotz-bihotzez, berak egindako lana Euskal Herriko biztanle orok egingo baleu, danak herritar on, zuzen eta egokiak izango ginalako.
Xabier Paia
Agur t’erdi web-irakurle. Euskerea berbagai atalerako hamaika ekarpen egin izan dau Erramun Osak; hemetik aurrera, ostera, lora eder erramu hori osotzen ahaleginduko naz neu be.
Euskerea berbarako gaia eta tresna danean, “metaeuskerea” egiten dogula esan leiteke; Euskal Herrian hainbat jentek egiten dau euskereari buruz berba, eta beste horrenbestek egiten dau euskeraz berba, baina sano gitxi izango gara euskereaz euskeraz berba egiten dogunak. Oraindino gitxiago, ganera, bizkaieraz egin geinkenak kontuan hartzen badoguz.
Gauzak holanik, neure lehenengo ekarpena euskeraz egiteko moduari buruzko azaleko azalpen batzuk emotea izango da. Azken batean, euskaldun zaharrek (argi itxi dagidan: hirurogeita hamar urtetik gorako euskaldunez ari naz, ez euren lehenengo berba euskeraz esan ebenez) sarritan esaten dabe ez dabela telebistako euskerea aitzen; ez hain zaharrek be gurago izaten dabe egunkaria gaztelaniaz leidutea, izan be, euskaldun askorentzat barriak euskeraz irakurtea sekulako lana dalako. Euskaldun gazteagoen artean, euskera maila sano desbardina da bizilekuaren arabera: erdalguneko gazteak prosodia gaztearen lekuko dira (labur esanda, euskera maila apalekoak dira; prosodia gaztearen azalpena beste egun baterako itxiko dot) eta euskal inguru jatorrekoak elebakarrak dira neurri handian. Beste egun baterako itxi neike euskaldun barri eta euskaldun zaharren arteko banaketa baztertzailea (oraingoan euskerea eskolan edo etxean ikasi daben euskaldunen arteko banaketaz nabil), edota Euskal Herrian gaur egun agiri dan euskerearen eta euskal kontzientziaren arteko erlazino asimetrikoa.
Hala eta guztiz be, euskeraz berba egiten daben personen kontzientzia lasaitu gura neuke testu honegaz: ia argi dagiokedan bere euskerea ona, zuzena ta egokia dan.