Antxina-barri  III. urtea // 44. zenbakia - 2004ko zezeilak 16

Bihar da ba...

Santa Agedaren kantua


6
Maite azaba za(har)ren legiak
jantza ta jolas garbiak
Aupa mutilak gora Euskera
Gora euzkotar guztiak

Urteak aurrera joan ahala, Santa Ageda abestuteko ohitureak zentzu kulturaletik harago zentzu politikoa be hartu eban batzuetan. Francoren sasoian euskal nortasuna erabat zapalduta eta zigortuta egoan eta euskereagaz eta Euskal Herriko ohiturakaz lotutako edozein ekintza sarri bihurtzen zan askatasunaren aldarrikapenerako ekintza. Eta Agate Deunaren ohiturea be ez zan horretan albo batera geratu. Horregaitik, berrogei urteko diktadura baltz haretako urteetan, Santa Ageda kantua be nortasunaren erakusgarri eta aldarrikatzaile bihurtu zan. Zigorrak eta isunak be jaso zituen Santa Ageda mutilek, erabilitako kantuetan Euzkadi, Euzkotarrak edo Euskera berbea bera be agertzen ziralako.

7
Osasunez ta zorion hutsez
zeuek nahi beste urtian
bizi zaiz(i)ela gura genduke
geure Aberri maitian

8
Geure jaungoikoak onetsi bedi
etxe hau beti betiko
orain ez gero ezeren hutsik
ez al dau inoiz eukiko

Asmoetako bat dirua batzea izanik, Siziliako santearen bizitzea kontetan eben estrofak garrantzitsuak ziran, baita etxekoen ganekoak be: etxeko jaunaren doe edo etxeko andrearen edertasunari abestuz, edota etxekoen etorkizunerako desio onak agertuz. Batzuetan, batutako diruak aparia egiteko balio eban eta beste batzuetan herriko zein inguruko pobreentzat edo Eleizarako bialtzen zan. Gaur egun, leku batzutan dirua batzeari itxi egin bajako be, beste leku batzuetan dirua hainbat gauzatako eskatzen da, berbarako ikasleen ikasketa bidaiarako.

Aurten, barriro be, geure etxeetako ate eta atarteetan izango doguz abeslariak, ohitura zahar honi jarraipena emonaz.

9
Sendi maite hau bizi guztian
Gogoan dogu eukiko
Agur ba danori amaitzen goaz
Beste batera joateko

Oharra: Bederatzi estrofaz osotutako Santa Ageda kantu hau, gaur egun Bizkaiko Ea herrian kantetan da eta bertakoen esanetan, Enbeita bertsolariak asmautakoa da.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria


1
Agur etxeko nausi ta txiki
Zar eta gazte batera
Endore jaunen baimenaz gatoz
Zeuek atsegindutera

Ohituren bat zabal bada Euskal Herri osoan, hori Agate Deuna bezperako errondea da. Zezeilaren 4an, Santa Ageda bezperan, herriko gazte zein heldu, mutil zein neska, kaletar zein baserritarrak batu eta kaleetan zehar ibilten dira euren koplak kantetan.

2
Lenauko zarren antzera
Bagatoz zeuen etxera
Deun Agataren jasoeria
Euskeraz abestutera

Santearen egunaren bezperan kantetako ohiturea aspalditik jatorku eta hain zabal dabilela kontuan hartuta, herri batetik bestera aldaketak ditu. Atzera egin ezkero, 1888an Gernika aldean, Santa Ageda bezperea heltzen zanean, herriko gazteak plazan batuta egin behar eben lehenengo gauzea bertsolariren bat topetea zan eurekaz bakarlari modura eroateko. Gidari edo bakarlariak kanpaitxua eskuetan eroialarik bere bertsoak botaten zituan. Lehenengo biak derrigorrezkoak ziran, aurkezpena eginaz eta etxekoen baimena eskatuz. Beste herri batzuetan, Zeberion berbarako, lehenengo ohiuak, baimena eskatuz, kantetako edo errezeteko aukerak emoten zituan: 'Santa Ageda mutilak, kantau edo errezau?'; normalean kantetako eskatzen eben etxekoek, baina gertu bazan etxeko senide baten hileta edo ezbeharren bat, orduan komenigarriagoa ikusten zan errezetea eta holan eskatzen eben etxekoek.

Antza danez, kantetan ziran kopletan, nahiz eta batzuk betikoak izan, gehienetan santearen bizitzea kontetan zan baina aldatzen ziran beste estrofa batzuk be baegozan, beti be, kantariaren abileziaren arabera. Urteak aurrera joan ahala, herri gehienetan estrofa batzuk finkatu ziran eta honeek dira guri ailegau jakuzanak.

3
Hil arteraino jaungoiko zale
garbi garbia izan zan
Orbandu gura ezabalako
bularrak ebai eutsezan

Santa Ageda III. mendean, Erromako Inperioaren sasoian, Sizilian jaiotako santea dogu. Bai Cataniak zein Palermok bertakotzat aldarrikatzen dabe santea. Historiak eta ahoz ahoko bersinoek nahasturik dinoskuenez, gazte gaztetik ezin politagoa zan emakumeagaz maiteminduta geratu zan Quinciniano, Siziliako gobernadorea. Baina Agateren ezetza entzukeran kartzelan sartu eban santea.

4
Odol husturik zinopan hil zan
orain dago donokian
bere antzeko garbi zaliak
geu bere izan gaitezan

Gero, kristinau fedeari uko egin behar eutsola esanaz, martirizau egin eben bularrak be ebagiz. Horregaitik gaur egun, suaren ikur izateaz ganera, bularretako gaixoen sendagiletzat hartzen da santea. Asko dira baita santa honeri fedea daukotsien herriak. Holan, berari eskainitako eleiza eta baseleizak Arabako Arrianon, Bizkaiko Natxitun, Gipuzkoako Bidanian edo Nafarroko Uxuen ikusi geinkez, apur batzuk baino ez aitatzearren.

5
Maite daiguzan Euskal Herriko
ohitura ongurgarriak
maite maite be uri baserri
zelai buru ta mendiak

Baserri eta herri txikietan ohiturea mendeetan zehar mantendu bada be, ez zan bardin pasau Bilbon. Berton, XX. mendearen hasikeran, 1904an hain zuzen be, sortu barria zan Euzko Gaztedija talde jeltzaleko gazteen ustetan, euskal nortasuna berbiztu beharra egoan eta hainbat kultur ekintza bultzatu zituen. Horren harian, 1912an gazte talde bat batu eta Bizkaiko beste herri batzuetan oraindino mantentzen zan Santa Agedaren koplen ohiturea Bilbon be berpiztea pentsau eben. Erabili eta abestu beharreko letrea zehazteko Bizkaiko herri guztietara eskaria egin eben kantuen barri emoteko. Batutako kantu guztietatik Xabier Gortazar eta Jesus Guridi musikariek aukeratu eben euren ustez musikarik egokiena zana. Gero Evaristo Bustinza 'KirikiƱo' bertsolari handiak ipini eutsozan berbak. Preparautako sei estrofetan, aurkezpena egiteaz aparte, batutako dirua jasoko eben alkarte bien barri emoten zan: Ropero Vasco eta Euskal Eskolak. Akaburako agurreko estrofea geratzen zan. Hasikeran musikea armonizetea pentsau arren, azkenenan betidanik abesten zan moduan ixtea erabagi eben, hau da, bakarlariak aurretik abestuz eta gero koruak lagunduz.

1912ko zezeilaren 4an urten eben Bilboko kaleetan zehar Euzko Gaztedija edo Juventud Vascako 14 gaztek. Bidebarrieta kaletik urten eta lehenengo aldiz Berastegi kaleko lehenengoan kantau eben eta bertan bakarlaria Anuzita izeneko bat izan zan. Gero Abrisketa, Elgea eta Urrestik jarraitu eben. Gero danak batera kantau eta hortik aurrera talde bitan banandu ziran Bilboko ganerako kaleetan zehar joateko. Lehenengotan Bilbotarrak ikaratu egin ei ziran, makilak eskuetan hartuta, gaueko errondan, hamalau gaztez osotutako talde hau astakeriren bat egitera ez ote joian susmoa hartuta, baina kantetan hasi eta gauzak goitik behera aldatu ziran. Ekintza arrakastatsua izan zala ekarren hurrengo eguneko egunkariak eta batutako 1.075 pezetak be holan erakusten dabe.