Loditasunagaz jo ta ke
Zein izan leiteke gure pisu egokia?
Gu makinak izan ez arren, objektibotasuna zeozelan bilatu behar dogu eta kalkuluak egiteko orduan indize erabilienetako bat IMC deitutakoa da ('Gorputz-masaren Indizea') edo IQ (“Quetelet Indizea”) legez ezagutzen doguna: IMC edo IQ) = pisua(Kg)/ [altuerea(m)]2.
Pisuaren sailkapena IMC-aren arabera. (SEEDO 2000)
IMC balio limiteak (Kg/m2)
Pisu gitxiegi <18.5
Normopisua 18.5-24.9
Gehiegizko pisua (Lehen Gradua) 25-26.9
Gehiegiezko pisua (2. Gradua: aurreobesidadea) 27-29.9
Obesidadea (Lehen Maila) 30-34.9
Obesidadea (II. Maila) 35-39.9
Obesidadea (III. Maila): morbidoa. 40-49.9
Obesidadea (IV. Maila): mutur-muturrekoa. >50
Persona europear birik batek IMC > 25Kg/m2 dauka eta gizonezkoen %10 eta
emakumezkoen %15ek IMC>30Kg/m2; datu horreek, gure gizartean oro har pisua hobeto zaindu behar dogula adierazoten deuskue.
Gehiegizko pisua daukagunean zer egin?
Argaltzeko hainbat metodo dagoz, baina momentuz gai honetan jakitunak diran autore gehienen eretxiz eragingarriena dan metodoa elikadurea zaintzearena da, dieta hipokalorikoa jarraitzea hain zuzen be.
Azken urteotan 'Dietaren' kontzeptu zehatza aldatzen joan da, hau da, malgutasun edo flesibilidade gehiagogaz jokatzen dogu argaltzeko prozesuan eta sarritan 'Dieta' izena emon beharrean, 'Elikadura Plana' erabiltea gurago izaten dogu, esandako moduan, malgutasunaren alde jokatuz.
Argaltzea gorputzeko koipea galtzea da eta oso arin argaltzen garanean, koipeagaz batera, gorputzeko proteina asko be galtzen dogu, bai muskuluetatik eta bai erraietatik. Horrezaz ganera, 'Elikadura Plana' jarraitzen gabilzan denporan, gure jateko modua lantzea nahitaezkoa da, modu osasuntsu baten eta gure pisuari eusten lagunduko deuskun moduan jaten ikasiz. Ez dogu ahaztu behar elikadurea, bizitza osoan zehar zaindu behar dogun zeozer dala eta hori ahalik eta erarik egoki eta erosoenean egiteko bidea gauzak ondo aitu eta jateko modu horretan plazerra topetea dala. Esangura horretan, gehien gustetan jakuzan gauzak non eta zelan sartu ikasten ez badogu (ohitura osasungarriak ikasi eta apliketan ez badoguz) eta horren ordez argaldu gura dogunean, jateko batzuk dietatik kendu eta gero neurri barik jaten badoguz, gauza bakarra lortuko dogu, hau da, gure gorputza eta gogoa aspertzea. Dietak ez dira jolasten ibiltekoak edota kapritxoz egitekoak, eta txarto egiten badoguz, egoereak okerrera egitea baino ez dogu lortuko: gure gorputza gehiegikeriakaz eta gitxikeriakaz mareau ostean, oso errez lodituko dan eta argaltzea oso gatxa izango dan gorputz bat hain zuzen be; horregaz batera, bidean pisu egoki bategaz eta osasuntsu egoteko zelan jan geinken ikasi eta asimilau barik jarraituko dogu.
Bene-benetan dinotsuet, zeuon pisua zaintzeko asmoagaz bazabize, kontuz!, zuhur eta zentzunez jokatu eizue.
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL mediku zentrukoa.
Kaixo irakurle, bueltau zara bizitza-erritmo normalera? Ni gaur loditasunaren gaira bueltauko naz ba. Izan be, obesidade kronikoa bizitza osoan zehar eragingo deuskun zeozer da eta geure burua zaintzeko orduan zuhur jokatu behar dogu. Loditasunik ez, baina kilotxu batzuk sobran badaukaguz, gehiago hartu orduko neurriak hartzen hastea oso komenigarria izango da.
Obesidadearen identifikazinoa:
Gaur egun dietistok 'Pisu Idealari' buruz berba egiteari itxi egin deutsagu, pisu ideal zehatza ez dalako existitzen; gauzak holan, 'Pisu Osasungarria' da azken boladan erreferentzia, kontuan hartuz, osasuntsu egoteko pisu egokia personearen araberakoa izango dala.
Esandakoak esanda, gure 'Pisu Osasungarria' topetea eta horri eustea izango da asmoa. Aitatutako pisua persona bakotxaren altuerearen arabera zehaztuko dan 10 kilo inguruko tarte bat da eta tarte horren barruan loditasunagaz lotutako arazorik ez da egoten normalean eta lehen graduko gehiegizko pisurik be ez gehienetan. Esaterako, 1,57 metroko persona baten Pisu Osasungarria, 51 eta 61 kilo bitartekoa izango da gitxi gorabehera.
Tarte horretan, kontuan euki behar da persona horren gorpuzkerea be: ez dogu helburuzko pisu berbera aukeratuko persona estu batentzako edo zabala dan persona batentzako, hazurrek be euren pisua daukielako. Horrezaz ganera, ez dogu pisu bera aukeratuko 20 urteko lagun batentzako edo 3 ume euki dauzan 45 urteko emakume batentzako. Ez dogu helburuzko pisu bardina aukeratuko bizitza osoan zehar argala izanda orain loditu dan persona batentzako edo bere bizitza osoan zehar potolo egon dan beste batentzako...
Honegaz guztiagaz, ondokoa adierazo gura deutsuet: argaltzeko prozesuan buru-belarri dabilen personeagaz zentzunez jokatu behar dogula Pisu Osasungarria erabagitzen dogunean. Osasunerako ez dira baliozkoak izaten ez dakit ze balantza edo taulatan agertzen diran pisu teoriko estandarrak; lehen esandako moduan, persona bakotxaren kasua aztertu beharko da: marketan dogun 'Pisu Osasungarri' horrek eskaintzen deuskun tarte zabalaren ostean, personearen eboluzinoa ikusi eta balorau. Gu ez gara taulatako makinak, emozino, pasino, gose, gorputz erritmo partikularrez….mobiduten garan izaki zoragarriak baino.