Zigala gainerrea
BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.
Oraingoan, Aretxondo jatetxeko kartan ikusi eta probau zeinkien plater bat aurkeztuko deutsuegu eta, jakina, osogaiak zeintzuk diran eta zelan egin ahalik eta modu errazenean azaltzen ahaleginduko gara. 'Zigala gainerrea, melokotoia bere likorean sueztitua eta porru saltsea' izeneko errezetea da eta konturatuko zinienez, hiru osogai nagusi ditu, itsaskia, barazkia eta frutea hain zuzen be; plater hau zelan egin azalduko dogu orain.
Zigala gainerrea, melokotoia bere likorean sueztitua eta porru saltsea
Osogaiak:
- 150 gramoko zigalea.
- Melokotoi bat.
- Bainila ale bat.
- 200 gr. melokotoi likore.
- 40 gr. azukera.
- 250 gr. porru (garbituta).
- 250 gr. patata (zatituta).
- 150 gr. kalabaza.
- 150 gr. azenario.
- Berakatz ale bi.
- 100 gr. oliba-orio.
- 450 gr. salda.
- 200 gr. ur.
- Gatza.
- Gatz keztatua.
- Gurina: 75 gr.
- Natea: 50 gr.
Zelan egin
Porru saltsea egiteko: kazola bat sutan jarri oliba-orio eta berakatz murtxikatuagaz. Berakatza gorritzen hasten danean, txiki-txiki egindako barazki guztiak bota ganera; apur baten sueztitu eta ura eta saldea jaurtiko doguz kazolara. Egosten eukiko doguz 20 bat minututan, su txikian. Jarraian, irabiagailuan sartu dana eta, amaitzeko, irakitan jarriko dogu barriro eta momentu horretan gatz keztatu apur bat, gurina eta esnea botako doguz.
Melokotoia preparetako: azukereagaz karamelua egingo dogu eta prest dagoanean, melokotoi zatiak, melokotoi likorea eta bainila alea gehituko deutsaguz; ondoren, 5 minutuz su txikian euki bertan, melokotoia egosi daiten.
Zigalea preparetako: zigalea kontu handiz zurituko dogu okelea apurtu ez daiten, eta jarraian gatz apur bat botako deutsagu. Platerean jarteko orduan laban gainerreko dogu zigalea.
Jatekoa platerean ipintea be kontu handiz egin beharrekoa da: plateraren azpialdean porru saltsea jarriko dogu, saltsearen ganean melokotoia eta horren ganean zigalea. On egin.