Barriketan  III. urtea // 43. zenbakia

Bizkaie! Aldizkaria astero, 2004ko zezeiletik aurrera, astelehenero

Bizkaiereak Sarean lekurik ez eukala ikusita, 2002ko apirilaren 8an ekin eutson bideari Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoak eta ordutik sano gustora gabilz eta gure irakurleak be bardin antzean, helarazo deuskuezan eretxi eta eskaeren arabera. Tarteka-marteka barrikuntzak (atal barriak, kolaboratzaile barriak, berbatxat, bideoak, bizkaiera.net webgunea...) aurkeztu deutsueguz, sarritan zeuok eskatuta; gaiaren harian, gero eta produktu hobea eskaintzen dogula adierazoten dau 'Euskerea Interneten zabaltzen gehien lagundu dauan webgunea' kategorian BUBER saria irabazteak, benetan ederra izan da.

Gure mundu zoro baina eder honetan, bazter guztietan igarten dan abiadea da berezitasun nagusienetakoa, eta onerako zein txarrerako, danok gagoz ekatxaren erdian. Eguneko orduak beharragaz edota hartu behar ez doguzan ardura eta burukominakaz beteten aparteko ahaleginak egiten doguz, gora begira egoten jakingo ez bageunke legez.

Informazinoaren munduan be nahikoa zaparrada daukagu baina, kasu honetan behintzat, positiboa dalakoan nago ze barria edozein izanda be, batek baino emoten ez dauanean, sarritan errealidadea goitik behera aldatu daitekelako. Zorionez, badago modua barri bera komunikabide desbardinetan irakurri, entzun eta ikusteko, ondoren, norberak ondorioak atara ahal izateko.


Kontuak kontu, gurean bolada barri baten hasikerea dator eta gure irakurle askoren eskariari erantzunez, edukiak astero aldatzea erabagi dogu, aldaketea geldiro-geldiro eta oraingoz atal batzuetan egingo badogu be. Horregaz batera, egunerokotasunari be lekua egin gura izan deutsagu eta gizarte, kultura, politika zein kirola jorratzeko atal barria zabaltzea erabagi dogu: 'Barriak barri' hain zuzen be. Bizkaie! Aldizkaria egiten dogunok aparteko ahalegina egin gura dogu gorago aitatutako abiada eta ekatx horretan sartzeko, informazinoari jagokonean behintzat, eta esangura horretan, Sarearen dinamismoari jarraituz eta barriak zahartzeko jokerearen aurrean, bizitasun horreri jaramon eginaz, 'Barriak barri' atala zabalduko dogu, barriak jaso ahala eguneratuko dan atala.

Bizkaie!