Euskerea berbagai  III. urtea // 43. zenbakia

Gure Mikel


Amen baten irakurten dan liburu honetan, Zarate idazlea ezeze abadea, laguna, kirolaria, euskaltzalea be aurkezten da. Mikelen alde zein aldi ugari arakatzen da eta erakusten. Guk geuk –liburugileok- harriduraz entzuten izan ditugu Mikelen ganeko narrazinoak, istorioak, kontakizunak: “Mikel Crack bat zan”; “Ha señoriala zan”; “Haren hutsunea sentidu genduan...” Atzenean, lekuko guztien artean –eta beste asko da oraindino alkarrizketatu bakoa- Mikel Zarateren biografia beroa lortu da.

Nekea be igarri dogu eta lana, lekukoa topau, eguna eta ordua ipini, magnetofoian grabau, grabautakoa papelera aldatu, bizkaiera jasoaren arabera taiutu...

Irakurle zuhurrak Mikel handi bat topauko dau liburuan, Mikel barri bat, sakon-sakoneraino sartzen dan Mikel. Ia atseginez, gogoz eta gozo irakurten dozun!

Juan Luis Goikoetxea Arrieta

Liburu barria idatzi dogu Mikel Zarate idazlea dala eta. Izenburua 'Gure Mikel' ipini deutsagu, lekukorik lekuko ibilirik, halantxe jaso izan dogulako, guztiek esan izan deuskuelako: “Etxe-etxeko zan ha”; “Geuretariko bat zan” eta holan.

Iñakik, Iskanderrek eta hirurok osotu dogu liburua, ikasle bik euren irakasle izenekoagaz. Zoritxarrerako, euretariko bat –Iskander- istripuak eroan deusku esku artetik oraintsu. Izan bedi Mikelen zeruko!

Danetariko kontalariak euki ditugu liburura ekarteko: Karmelo Etxenagusia, Lontzo Zugazaga, Ander Manterola, Gotzon Garate, Gerea auzoko lagunak, Lauroetakoak, lezamarrak, Ritxar anaia, Karlos Zarraga, Mari Tere... Nork uste eikean holako testigantza aberatsak lortu eitekeazanik herritarrengana jota?

Orduko lagunoi ezustean joan jakun Mikel, agurtzeko era barik. Hau liburuau agur eta ondo etorrirako aukerea da. Gaur 30 urtetik beherako diranentzat, ganera, Mikel urrun geratzen da, eta hotz. Liburua Mikel idazlea nahiz Mikel euskalduna osotasunean ezagutzeko bitarteko aproposa da.

Andrazko ezagun batek esan eustan, ia ez ete leitekean hobeto izango, joanak joan, Mikel baketan ixtea, danak bere orain hogeita bost urteko kontu zaharrak dirala eta. Baina Mikel etxekoen kuttun nahiz hurrekoen izanik, herri oso bateko be bada, Mikel bere abadetzan, idazle lanetan zein euskararakoetan Euskal Herriari zuzendu jakon eta. Izan be herri hori da Mikel Zarate euskaldun handi, eredugarria gogoratu, omendu eta gazteen aurrelari argitaratu gura dauana.