Jan-edanak  III. urtea // 43. zenbakia

Mahastizaintza ekologikoa


Produktu ekologikoaren zigilua eta legalizazinoa lortzeko pausuak

Pausuak bai mahastian, bai ardaoaren produkzinoan be emon behar dira. Mahastiari jagokonez, ondokoak kontuan hartzea komeniko da:

Antxinako tratamentuak berreskuratu dira, horreei erabilpen mugak eta araudi barriak ezarriz.

Gauzak holan, mahastizaintza ekologikoan, ezin daiteke ongarri artifizialik, ezta herbizidadik, ez pestizidadik edo produktu kimikorik erabili. Landarearen gaixotasunak osatzeko eta ongarritzat erabilten diran produktuak naturalak izatea derrigorrezkoa da.

Horrezaz ganera, mahatsondoetan ongarri organikoak erabili behar dira, eta gehienetan ongarriak mahatsondoaren hondarretatik sortutakoak izango dira: mahatsaren patsetatik edo horren birrindutik edo animalien satsetik.

Bedar txarrak tratetako metodo naturalak erabili behar dira eta laborantzeagaz kontu handia euki behar da berezko landaretza mikrobianoa ez nahasteko. Berbarako gaixotasun bat agertzen danean, oidioaren kontra sufrea erabiliko dogu eta mildiunaren kontra, barriz, kobre hidroxidoa.

Idatzitako teknika eta arauak erabili ezkero, lurra ez da inoiz ongarri sintetikoakaz kontaktuan jarriko eta holan mahatsa garbi egongo da ezelako substantzia kaltegarririk barik.

Dana dala, errealista izatea da onena, eta jakin badakigu, Bizkaia aldeko klimearen eraginez, hezetasun handia dagoala. Nahiko gatxa izaten da, ezinezkoa ez esatearren, bertoko mahastiei herbizidak eta pestizidak ez botatea, baina ahalegin txikia, edo handia egin beharko geunke ama naturea errespetetako.

Informazino gehiago behar izan ezkero:

http://www.agrilogica.com
http://www.grain.org
http://www.aldearural.com

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Orain urte batzuk, 1970eko hamarkadan gitxi gorabehera, Europan korronte barri bat sortu zan mahastizaintza naturalaren, ekologikoaren eta biodinamikoaren alde. Antza aspertuta egozan mahastizaintza industrializatuagaz eta mekanizatuagaz. Jaubetu ziran gero eta erabilera diskriminatuagoa egoala bai upeltegietan, bai mahastietan be; euren ustez produktu kimiko eta tekniko larregi erabilten zan.

Korronte horren esanetan, mahastietan gero eta gehiago erabilten ziren pestizida, fungizida, herbizida eta produktu kimikoak oro har. Euren filosofia, oreka bat sortzea zan eta naturea jagotea; labur esateko, natureagaz errespetuz jokatzea zan euren helburu nagusia.

Kontuak kontu, gaur eguneko mahastizaintzan eta enologian indar handia hartzen dago korrente hau eta, horren erakusgarri ardao ekologikoek Frantziako Estaduan eta Alemanian egiten dan ardao guztiaren portzentaje handia hartzen dabe.

Gurera etorrita, Euskal Herrian be ez gara atzean gelditu eta produktu ekologikoen artean hasi gara ardao ekologikoak be ikusten; bitxikeria legez esango deutsuet orain denpora asko ez dala Nafarroako lehenengo ardao ekologiko ondua merkaturatu dabela.