Zinea  III. urtea // 43. zenbakia

Calendar girls


Chris eta Annie adiskide on-onak dira, euren izakerak oso desbardinak izanagaitik be. Yorkshire Dales-eko herri txiki baten bizi dira, baina euren bizimodu lasaia errotik aldatuko da Annie-ren gizona bizienak jota hilten danean. Herriko andra alkarteko kide aktiboa izanda, Chris herriko ospitalerako fondoak batzeko proiektu baten sartuko da buru-belarri. Ideia oso tradizionala izango da, egutegi bat egitea, baina ukutu bitxi eta zelebrea emongo deutsie.

Filmean berrogeita hamar urte inguruko andrak izango dira protagonistak, biluzik eta udagoieneko sexuadalidadeaz pozarren, konbentzionalismoetatik harantzago. Ez da hirurogeiko hamarkadako film aurrerakoi horreetariko bat, ezpada euren kabuz eta bakarrik ondo be ondo konpontzeko gauza diran andra helduek sortu eragindako adiskidantzazko hartu-emonen ingurukoa.

Benetako jazoeretan oinarrituta, komedia honek etorri eta ironia handiagaz irudikatzen dau etxekoandra batzuek biluztean eragingo daben iraultza txikia. Edozelan be, ez da Full Monty emetu bat, ez da maila horretara heltzen, produktu onargarri, barregarri eta interesgarria izan arren. Guztiagaz be, tarte atsegina pasetako aukerea opetsiko deutsue.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Nigel Cole.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Helen Mirren (Chris), Julie Walters (Annie), Linda Bassett (Cora), John Alderton (John), Annette Crosbie (Jessie), Penelope Wilton (Ruth), Celia Imrie (Celia), Philip Glenister (Lawrence)...
- Gidoia: Juliette Towhidi eta Tim Firth.