Nora doaz merkealdietan saltzen ez diran erropak?
Outlet dendak
Modearen aldakortasunak eta konsumoaren ekonomiak zein kultureak ezartzen daben erritmo biziaren ondorioz, jantzien iraupena gero eta laburragoa da. Gauzak holan, orain arte produkzinoaren konpasa zehazten eban metronomoa (urtean erropa mueta bi: udabarri-udakoa eta udagoien-negukoa) zahartu egin da. Zararen moduko negozio ereduek dendetako erropearen egonaldia agiri-agirian murriztu dabe eta jantziak aitaren baten agertu eta desagertzen dira. Edozelan be, Zararen moduko multinazionalek be stock-ak eukiten dabez merkealdiak amaituta. Nora doaz jantzi horreek guztiak?
Jomugetariko bat erropearen multinazional askok daukiezan outlet dendak izan daitekez. Holakoetan, prototipoak, aurreko denporaldietako artikuluak eta jantzi akasdunak saltzen dira. Prezioa % 30 merkeagoa izaten da, baina stock-ak saltzeko sasoietan, kasu baterako merkealdietan, deskontua % 80koa izan daiteke. Normalean erropa horreek denda mueta honeetan lotzen dira, agortzen diran arte. Hala eta guztiz be, saltoki horreetan be ez da erropa guztia saltzea lortzen. Hori jazo ezkero, hainbat enpresak konpainiako familiartekoei edo lagunei saltzen deutseez sano prezio erakargarrietan; osterantzean, jantziok garapen bidean dagozan beste herrialde batzuetako outlet dendetara bialtzen dabez, kasu baterako Marokora. Beste batzuetan, baina ez da ohikoa, erropa hori suntsitu egiten da.
Kaleko azokak, garapen bidean dagozan herrialdeak eta GKEak
Jantziak outlet-etatik atarateko beste bide batzuk be izaten dira. Hainbatetan, gitxieneko baldintzak beteten badira, besteak beste tailen bariedadea nahikoa izatea, stock-en erosle batek salgai horreek eskuratu eta beste jomuga bat topau leike. Esate baterako, erropak Sahara azpiko Afrikan pisura saldu leitekez.
Baina, bueltau gaitezan atzera, outlet-en bidea, merkealdietan arrakastarik euki ez daben jantzien ibilbideetariko bat besterik ez dalako. Jantziok kaleko azoketarako norabidea hartu leikie, soberakinen zati handi bat bideratzeko modu ona izaten da eta. Batzuetan, erropearen bolumena nahiko handia bada, Afrika edo Europa Sortaldeko banatzaileei saltzen jake. Gehienetan, ekoizleek jantziei etiketak kentzeko baldintzea ipini edo hainbat herrialdetan ez saltzeko agindua emoten dabe.
Izan be, erropea suntsitzea nahiko karua da, teorian hondakinen tratamentua apliketako gauza dan enpresa batek egin behar daualako. Horregaitik, gero eta ohikoagoa izaten da soberakin deseroso horreek gobernuz kanpoko erakundeei erregaletea.
Ikusi daigun ostera be non dabilen hasikeran aitatu dogun jake dotorea. Imaginau daigun Ukrainara heldu dala. Seguru antzean, Europako edo Estatu Batuetako marka ezaguna eukita be, Txinan egin danez, daborduko 15.000 kilometroko ibilbidea egin dau, harik eta herrialde horretako erosle umil batek erosi arte.
Jantzien ibilbidea labur-labur
Merkealdietan jantzien prezioak % 30 egiten dau behera. Merkeago be saltzen ez bada, aukeren atalera helduko da. Prezioa % 90 jaitsi leiteke. Soberakinak gero eta gehiagotan erregaletan jakez GKEei. Stock-etako erosleek pisura saltzen dabe erropea Sahara azpiko Afrikan. Outlet dendetan deskontuak % 80koak be izan daitekez.
Begiluzea
Behin baten bazan glamourraren erregea sentitzen zan neguko jake bat; etxura harroa eukan eta tente-tente begiratzen eutsen boutiqueko erakusleihoaren aurretik pasetan ziran guzti-guztiei. Baina, jente askoren gustokoa izan arren, inork ez eban erosteko erabagia hartzen. Merkealdiak heldu eta jake polit horren kostuak % 35 egin eban behera. Besoei lotutako karteltxu batek handik aurrera 460 euro balioko ebala iragarri eban. Jakea ez zan ikaratu. Persona bakotxak batez beste 120 euro inguru gastauko ebazan neguko merkealdietan eta, zorte apur bat eukita, batez bestekoaren ganetik lau bider gehiago gastetako prest egongo ziran pertsona eskuzabal eta eukitsuek erosiko eben. Baina, merkealdiak amaitu eta inork ez eban erosi. Jaseko jake hori erakusleihotik desagertu zan.
Inoiz ez deutsazue zeuon buruari itaundu zer pasetan dan merkealdietan saltzen ez diran erropakaz?