Unibersidade Legea eta hizkuntza eredua
Eusko Legebiltzarrean, Unibersidade Legea onartzeko prozedura abian jarri dala, zein da horren bidez hamar edo hamabost urte barru lortu nahiko genduken hizkuntza eredua? Ikasketa baten kredituak euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez aukeran eskainiko ete doguz ala derrigorrezkoak diran kredituak –era osogarri eta buztartuan– euskeraz, ingelesez eta gaztelaniaz eskainiko ete doguz? Lehenbiziko formulearen bidez, gauza bera hiru hizkuntzatan eskainiko dogu (ez dakit baliabide nahikoak izango doguzan horretarako, ez dakit, bestalde, planteamentu hori euskerearen kaltetan etorriko ez ete dan); bigarrenean, ostera, euskerea ez eze ganerako hizkuntzak be behar-beharrezkoak egingo doguz eta hareen ezagutzea ez eze erabilerea be indartzeko pausuak emongo doguz, beste jarduera batzuetan erabiliko gendukezan baliabideak aurreztuz eta gitxiengo baten hizkuntza gitxiagotua erabiliz haren ezagutzea eta erabilerea indartuz.
Gaiaren garrantzia ez dago ukatzerik. Izan be, goi mailako ikasketetan irudikatzen ari garan hizkuntza ereduaren bidez, ganerako mailetan (lanbide heziketan be bai) sustatu beharreko euskerea ardatz dauan eleaniztasun ikuspegia ezartzen joateko baldintzak eregiteko urratsak egin geinkezalako. Unibersidadearen antolaketea, baliabideak eta enparauak garrantzi handikoak dira, baina gure hizkuntzeak iraun daian eta baita belaunaldi batetik bestera pasetako ahalik eta aukera gehien euki daian, beste era bateko erabagiak azkozaz erabagiorragoak dira. Bada, holakoak eztabaidatik baztertzea edota beste barik pasetan ixtea hanka-sartze handia litzateke. Ez daigun, beraz, aukera hau alperrik pasetan laga!
Erramun Osa
XIX. mendean ezarri ziran Frantzian eta Espainian euskerea itoteko tresna ahaltsua bilakatuko ziran eskolagintza barriaren oinarriak. Orduan hasi zan eskola euskaldun edo, gitxienez, elebidunaren aldeko eskea eta 1873-75 bitartean, estadu karlistearen ahaleginak dira horren lekuko. XX. mendearen hasikeran, bestalde, Eusko Ikaskuntzak eskola barri eta euskaldunaren oinarriak landu ebazan. Kanpionek eskola publikoa kritikau eban euskereagazko jokabideagaitik. XX. mendean zehar be eskola elebiduna ezartzeko ahalegin ugari egin ziran Euskal Herrian. Ahalegin horreengaitik, traba asko baztertu eta ezintasunak eragin ohi dauan nekea gaindituz, herritarren partaidetzea eta bultzadea tarteko dirala, han-hemenka sortu ziran ikastolak. Hain zuzen be, ikastolek urratutako bidean urratsak eginaz, XX. mendearen 80ko hamarkadan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan A-B-D ereduak ezartzeko erabagia hartu zan.
Hartutako erabagia baloretako orduan, kontuan hartu behar dira ereduak ezartzeko egozan zailtasun objektiboak, besteak beste, maisu-maistren artean euskerearen ezagutza apala (publikoetako maisu-maistren % 5ek baino ez ekian euskeraz) eta euskereagazko jarrerea, euskeraz ekien gehienek edukiak euskeraz emoteko gaitasunik ez izatea, guraso batzuen jarrerak...; halandaze, abiapuntua kontuan, gainditu eta zuzendu beharreko gabeziak gorabehera, euskal hizkuntza komunidadea indartzeko eta zabaltzeko ereduek egin daben ekarpena –oro har– positiboa izan da. Baina modeloen kontuak bere onenak emon ditu!, izan be, azken hamarkadetan didaktika arloan, ikas materialetan, irakasleen prestakuntzan, Europako hizkuntzen eskuratze goiztiarrean pilatu dogun eskarmentuak eta baita Europan herritarren eskubideak jasoten dituan itunak be nahikoa helduleku eskaintzen deuskuez beste ibilbide bati ekiteko.
Hobekuntza proposamen batzuk gorabehera, paradigma aldaketa baterako urratsak dira –orain– egin beharrekoak. Ezen, gure ikastetxeetan euskerea ardatz dauan eleaniztasun egitasmoa bideratu gura bada, dagoeneko eragingarriak ez diran ereduei eta funtzionamentu moldeei zertako eutsi? Beste era batera adierazota, goi mailako ikasketetan finkatu beharko litzatekeen eredu bakar baten testuinguruan, ganerako mailetan be zergaitik ez eredu bakar bat ezartzeko urratsak egin, eskola eta ikastola bakotxaren errealidadearen arabera, helburuetara heltzeko asmoz, kanpoko ebaluazino sistema baten eraginpean, nahikoa autonomia onartuz?