Antxina-barri  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

San Joanek jagon daizala Arrabako landan!


Testua eta argazkiak,
Jon Urrutxurtu.

Ana Mari Enrikeren arrebeak ur bedeinkatua jaurti, 'San Joanek jagon daizala Arrabako landan!' esaldia esan eta artaldea artzainen zaindari edo patroiaren babespean jarri ondoren, Zeanuriko Elexartza baserritik abiatu dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landarantz, lehenago haren aitak eta aititak be urtero egiten eben ibilbideari ekiteko.

Antxinako indarragaz ez bada be, oraindino bizirik dirau abeltzantzeak Arratian eta Gorbeia mendiaren inguruetako herrietan. Lur horreetan aspalditik abelgorri, zaldi, ahuntz eta batez be ardi aziendak bazkatzen dira. Urtaroek dakarrezan eguraldi aldaketen ondorioz, Gorbeialdeko abeltzainek alde egin behar izaten dabe mendiko larreetatik, eta lehenengo edurteakaz batera, artzainak eta euren ganaduak haraneko barrutietara jaisten dira.

Udabarrian, izadia neguko loalditik iratzartzeaz batera, barriro hartuko dabe goranzko bidea basoko ganaduek hurrengo negura arte, Gorbeiako landa emonkor eta freskoetan bazkatuz. Horixe da bagilaren 9an, Enrike Etxebarria eta bere artaldeak egin dabena, Elexartza baserritik urten eta Arrabako landaraino heltzen dan ibilbidea eginaz.

Ez dago geldi egoterik, eta Gorbeiatik jaitsi zanetik etxe inguruan jagon ditu ardiak Enrikek; azken hilebeteetan, neguan eta udabarrian artzaintzearen beharrei ekin deutse gogor: lehenengo, bildotsen jaiotzea, hazkuntzea eta salmentea, gero esne-batzea eta, azkenik, gaztaigintzea.

Gorbeiako egonaldia

Gorbeia mendian bedarra hazi egin da eta ganaduak hartzeko prest azaltzen dira larreak, janari gozoa eskainiz; horregaitik ekingo deutso bideari Enrikek artaldeagaz, hurrengo hilebete bietan ardiek emongo deutsien esne aberatsagaz goi mailako gaztaiak eta bestelako behar batzuk egiteko.

Garagarrilearen amaierara arte Lekandapeko txabolea izango dau bizileku, eta artaldea jagotea, esne-batzea eta gaztaiak egitea egunero bete beharko dituan beharrak dira. Goizez eta arratsaldez, ehunetik gora ardiren errapeak igaroko dira Enrikeren eskuetatik. Holakoa izango da egunen joan-etorria, garagarrilearen 31k, San Inazio egunak, ardiak antzutu eta artzainaren udako mendiko egonaldia amaitu dala iragarri arte.

Enrike Etxebarria, artzaintzeari lotutako bizitzea

1943an jaio zan Enrike Etxebarria, Uribe auzoko (Zeanuri) Elexartza baserrian, eta gaur egun be bertan bizi da bere emazteagaz eta hiru seme-alabakaz. Hamalau urte zituala, eskolea itxi eban eta artzantzeari, aititaren eta aitaren lanbideari, heldu eutson. Artaldea jagoteaz ganera, 1960 eta 1992 urteen bitartean Arrabako landan dagoan Mendi Federazinoaren Aterpetxeaz arduratu ziran aita-semeak.

Gorbeiako txabolea Arraban dauka, Lekanda hatxaren azpian hain zuzen be, bere aitak euki eban toki berean. Orain dala hogeita hamarren bat urte txabolea barriztau egin eban, eta apurka-apurka, gaur egungo beharrizanetara egokituz joan da Enrike; era horretara, eguzkiaren indarraren bitartez lortutako argindarra dauka.

Bagilaren hasikeratik eta lehenengo edurrak heldu arte Arraban bazkatzen da Enrike Etxebarriaren artaldea; honako honeek izango dira bagilean eta garagarrilean ardiak jagoteagaz batera bete beharko dituan zereginak:

- Esne-batzea: birritan egiten da, goizean eta iluntzean.
- Gaztagintzea: birritan egiten da, goizean eta gauean.
- Gatzura aprobetxetako dituan hiru-lau txarri haztea.
- Ardi-mozketea, San Joan inguruan.