Carod-Roviraren delitua: berba egitea
Azken buruan, faltan bota dodaz alkarrizketearen aldeko ahots gehiago. Faltan bota dot pentsamentu bakarraren kontrako ahots gehiago. Badakigu jakin hauteskundeak gainean dagozala. Jakin badakigu euskal politikagintzan gauzak arin aldatzen dirala. Baina non geratu dira arriskuak hartzeko gauza diran politikoak? Pujol President ohiak argi ta garbi esan deusku politiko ona, fundamentuzkoa arriskuak hartzeko gauza izan behar dala. Hauteskundeak pasau arte itxaron beharko dogu? Bitartean, ERC izango ete da alkarrizketearen alde urtengo dan bakarra?
Iñaki Atxutegi
Albisterik nagusiena izan da egun honeetan. Josep Lluis Carod-Rovira ERCko burua ETA erakunde armatuko buruakaz berbetan atrapau dabe.
Hasikeran, Catalunyako gobernua osotzen daben hiru alderdiak kolokan geratu ziran. Hemen ondo baino hobeto ezagutzen dogun "Brunete mediatikoak" barria jakin eta berehala jarri eban bere indar osoa Carod eta Maragall lohitu guran.
Onartu egin behar dogu euren asmoa lortu dabela: Carod-Rovira jn.ak Catalunyako gobernua itxiko dau hemetik gitxira Espainako Kongresurako zerrendaburu izateko. Kontuak kontu, gauza asko argitu dira: Maragall PSOEren menpean dagoala eta Zapatero sozialisteak hauteskundeak irabazteko aukera guztiak galdu dituala.
Lerro honeek idazteko orduan, ikusteko dago saltsa honetan ze eragin euki daben Espainiako zerbitzu sekretuek. Carod eta ETAren arteko batzarraren jarraipena (bideo eta guzti) egin baeben, zergaitik ez ebezan atxilotu bertan momentuan? Hamaikatxu biderrez entzun izan doguz Madrileko gobernuaren partetik Eusko Jaurlaritzaren kontrako kritikak terrorismoari aurre egiteko lanak beste egoera batzuen menpean jarri dabezalakoan.
Lehendik be argi egoan baina oraingo kontu honegaz argiago geratu da ETA desagertarazotea barik Espainiako gobernuaren lehentasunik nagusiena hauteskundeak irabaztea dala. Eta hori lortzeko bere taktikarik maitatuena erabili dabe: arerioa zikintzea.
Aurreko hori inportantea izanda, ez dau inork aitatzen arazoaren gakoa: zer pekatu egin dogu berba egite hutsa hain gauza zikina eta eskandalugarria bihurtzeko? Bolada baten estadu osoan (Euskadin be bai) kataluinieraz berba bat ikasi: diáleg (Alkarrizketea) eta barruratu egin genduan, hau da, indarkeriaren arazoa berba eginaz konponduko zala. Jaubetu ginan berba eginaz sakoneko euskal arazo politikoa be konponduko genduala.