Iñaki Mendizabal Elordi: 'Gure ahalegina argitaletxe handienen parekoa edo handiagoa izango da
Guztira bost liburu argitaratu dozuez, horreetatik bi euskeraz. Zelan hartu dabez irakurleek?
Ederto, pentsetan genduana baino hobeto. Joseba Iriondoren “Palestina hotela” da horreetako bat, eta bestea Asier Sanz Nieto marrazkilariak eta nik egindako “Euskal piratak”. Iriondorena bagenkian salduko zala, baina ez genduan pentsauko Durangoko Azokea eta Gabonak pasauta, handik hilabetera, ez-fikzinozko liburuen artean salduena izango zanik. Izan be, Joseba sano persona zabala eta komunikatiboa da, eta guapoa ganera, eta Durangon ikusi genduan bere hiru irakurletik bi 25 eta 35 urte bitarteko neskak zirala. Laurehun liburu saldu ebazan Azokan!. “Euskal piratak” euskeraz eta erderaz atera dogu, guztira 4.000 ale, eta euskeraz saldu da batez be.
Eta orain, zer da urte barrirako pentsauta daukazuena?
Hasikeran hiru urterako plangintza egin genduan: lehenengo urtean parra egin, bigarrenean sendotu, eta hirugarrenean ostera be inbertidu. Baina kontua da jaio eta hiru hilabetera, parra egin barik, irabaziak euki doguzala. Baina beharbada hau amesa baino ez da izango, eta kontuz segiduko dogu: jantzi dogun trajea handi daukagu oraindino, eta aurten traje hori gure neurrira ekarri gura dogu. Hamar bat liburu ataratea da gure asmoa, % 30 inguruko proportzinoari eutsiz euskerazko liburuetarako.
Editore eta idazle be izan zara, “Euskal piratak” liburuagaz...
Idazle baino, kazetari lana izan da hori. Ni historia zalea naz, eta begitantzen jatan euskal piraten gaia ez egoala aztertuta modu didaktikoan, etnografia mailan baino. Ez neban egin gura berrikuspen historikorik, ezpada begirada barria emon.
Zelakoa izan da lana?
Lehenengo, hiru hilabeteko dokumentazinoa egin neban. Jenteak ez daki gurean piratak egon ziranik be, ezta XVI. mendean gure kostaldea oso leku arriskutsua izan zanik be. Dokumentazino lan hori handia izan zan: liburuak, internet, museoak...; Asier marrazkilariak eta biok dana aztertu genduan gero. Izan be, liburua oso bisuala da, eta horrek esan gura dau irudiak asko zaindu behar zirala, ikusgarriak izateko baina baita historiagaz lotzeko be. Irudiek ukutu zikina daukie, eta Asierrek beren-beregi egin eban hori, mundu gogor ha hobeto erakusteko.
Liburuaren arrakasta handia ikusita, buruan beste zeozer daukazu?
Liburuaren bigarren partea preparetan nabil. Dokumentazino lana amaituta daukat, eta orain gidoiagaz hasi gara, gero testuak eta irudiak buztartzeko. Liburu barrian itsasontziko bizimodua eta gizon hareen izakera zakarra hurragotik erakutsiko dogu.
Julen Gabiria
Urritik hona euskal literatureak argitaletxe barria dauka, Elea. Bilbo Handian ia argitaletxerik ez egoala eta, askok zorotzat hartu eben abenturan sartu ziran Alejandro J. Oviedo eta Iñaki Mendizabal Elordi, eta emoitzak bistakoak dira orain, arrakasta handia euki daben liburuakaz agertu dira-eta letren merkatuan. Iñaki Mendizabal Elordi editore berriatuarragaz alkartu gara, proiektu honen ganean eta berak idatzitako “Euskal piratak” liburuaren ganean berba egiteko.
Ze hutsune betetako etorri da Elea?
Guk argi ikusi genduan Bilbo Handian ez egoala euskeraz eta erderaz argitaratzen eban argitaletxe indartsurik. Egia esan, erderazko lanek ez daukie diru-laguntzarik, eta erderaz idazten daben bertoko autoreak ez dagoz ondo, ze zeozer idazten badabe, lan horreek urtekera txikia eukiten dabe. Hutsune hori egoan alde batetik. Eta bestetik, editore bi gara, eta batak bestearen gabeziak beteten dituanez, talde ona egiten dogu: Alexek ondo ezagutzen dau erderazko literaturea eta esperientzia dauka inprenta munduan. Nik, barriz, kazetaritzaren mundua ezagutzen dot ondo, eta hori inportantea da gure produktuak zabaltzeko. Hemengo argitaletxe askok promozino lan hori ez dau ondo egiten: hori be hutsunea zan.
Desabantailaren bat be eukiko dau zuen proiektuak, ezta?
Desabantaila nagusia konpetentzia da. Konpetentzia handia dago, eta gu hor sartu gara, erdi-erdira. Gaur egun, zelan edo halan esateko, argitaletxe gehiago dago idazleak baino, eta idazle gehiago irakurleak baino. Eta gero, alde personalean, hau bizi-proiektua da guretzako, lanbidea barik. Eta bizi-proiektua danez, Elea gure bizitzaren luzapena da: satisfazinoak gure bizitzan sartzen dira, eta insatisfazinoak be bai.
Zelan ikusten da merkatua argitaletxearen ikuspuntutik?
Desoreka handia ikusten da euskeraz eta erderaz argitaratzen danaren artean. Erderaz jente asko dago ezin dauana bere lana atara. Liburuak on-ona izan behar dau plazara urteteko. Euskeraz askoz be errezago dago. Eta hori euskerazkoek laguntzak jasoten dabezalako da, ze laguntzarik ez balebe liburuen erdiek urtengo leukie.
Idazleak erakartea gatxa izango zan, kontuan eukita ezezagunak ziniela.
Idazleak begira dagoz, ia zelan funzionetan dogun. Baina ikusita gure kanpainak onak dirala, hasi jakuz etorten. Hemengo erderazko autore nabarmenenek Madrilen argitaratzen dabe, uste dabelako gehiago salduko dabela. Baina ez da holan, promozino eskasa daukielako. Espainian 500 ale eta hemen 2.000 saltzen dabez, eta horretarako hobe da bertonn lan egitea, promozino hobeagaz. Euskerazko idazleak etorriko dira apurka-apurka, promozino aldetik eta edizinoaren kalidade aldetik argitaletxe handien moduko ahalegina edo handiagoa egingo dogula ikusten dabenean.