Musikea  III. urtea // 43. zenbakia

Euskal kulturearen kontrako erasoen salaketea


Kultura Sailaren salaketea be ‘berandu’ datorrela kritikatu dau Kamiok, Euskadiko Soinuak moduko programek babes gehiago emon beharko eutsiela eskatuz. Egoerea Ibarrolaren obren kontrako erasoakaz eta Julio Medemen filmaren kontrako zentsureagaz konparau dabe. Anjel Valdesek (Elkarlanean) be bat egin dau Camio eta Arbelaizen adierazpenakaz, ‘holako erasoek esportazinoak, salmentak eta irabaziak geldiarazoten dabez’ gehituz.

Ganera, Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, euskal kulturea eta industria bultzatzen segiduko dabela erakusteko agerraldia egin dau kazetarien aurrean. ‘Euskal musikariak Espainian sufritzen dagozan boikota salatu’ gura izan dau Azkaratek. Kultura sailburuaren lana musikarien eta kultura industriaren kanpo zabalpenaren alde egitea dala dino eta, esangura horretan, asmoari gogor ekingo deutsiela.

Saioa Torre Gereketa

Canneseko Midem musika industriaren azokan egon diran disketxeen aurkezpenean zentsurea eta boikota izan ziran gehien entzun genduzan berbak. Jose Antonio Arbelaiz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendariaren esanetan, azken boladan egon diran ekintza gogorrak onartu ezinekoak dira, eskubideen urraketea dakarre eta. ‘Salagarriak dira, kultur industriaren garapenaren kontrako eraso argia diralako’.

Hainbat musikarik (Fermin Muguruza eta Berri Txarrak berbarako) Euskal Herritik kanpo euki dabezan erasoak demokraziaren kontrakoak dirala esan dau Arbelaizek. Andres Kamiok, Metak disketxeko arduradunak, baieztapen horreri SGAEren (Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea) jarrera ‘lotsagarria’ gehitu deutso, ‘SGAEk gatazka honen konponketa babestu beharko leuke’ esanaz. Jazoeren aurrean ezer ez egitea leporatzen deutsie erakundeari. Kritika honeen harira, SGAEren Euskadiko ordezkariak, Ignacio Casadok, talde euskaldun batzuen kontzertuak bertan behera ixtea ekintza larritzat jo dau, orain arte Fermin Muguruzak berbarako Meridan edo Kordoban eskaini dauazanetan ez dala arazorik egon azpimarratuz. Erakundeak konponbide orokor baten bila dagoala jakinarazo deusku, baina eurak bazkideen eskubideak defendatzeko eta ez balorazino politikoak egiteko dagozala argi itxi gura izan dau Casadok.