Barriketan  I. urtea // 3. zenbakia - 2002ko bagilaren 1a - Hamaboskaria

Jose Manuel Ibar, Urtain, Zestoako morroskoa

Pisu astunetan Europako txapelduna izan zan Urtainen heriotzearen 10. urteurrena beteko da aurten, eta data gogoangarri horri helduta, 'Gente Pez' edo 'Punto De Mira' lako filmak egin dituan Morena Films Madrilgo Produktorak film berezia egiteko ardurea hartu dau Euskal Herriko ukabilkari ezagunenaren historia kontetako. Gidoiaren gertuerea Juan Cavestany gidoigileari agindu deutse, eta urtearen amaiera aldera hasiko ei dira filma errodetan.

Cavestany horrek 'Los Lobos de Washington' eta 'Guerrero' filmak idatzi ditu, eta haren esanetan, boxeoaren ganeko film asko egin dira azken urteotan, baina Urtainen historia kontauko deuskuna zehatz desbardina izango da; filmaren lehenengo irudiak Zestoako morroskoaren jaioterrikoak izango dira, eta hortik aurrera, tongoak, dirua, iruzurrak, zorrak, politikea eta hondamendia izango dira osogai nagusiak.

Ukabilkari lanetan hasi baino lehenago, harrijasotzailea be izan zan Jose Manuel Ibar; baina diruaren usaina hartuta arin alde egin eban Madrilerantz, Zestoako baserri giroa ahaztuta. Dana dala, dirua erraz eta kostau barik irabaziko dauen laguna ez da jaio munduan eta jaio be ez da egingo, eta Urtain arin jaso eben zeruko erreinura, batez be dirua eta boterea dagozan lekura hurreratzen diran lagunek. Urtain heroia izan zan luzaroan, baina hasikerako pausuetan, eskandaluak eta tongoak be sekulakoak izan ziran. Momenturik gozoenak 70. hamarkadearen hasikeran bizi izan zituan; dana dala, poltsikoa ondo beteta izan arren, estu eta larri ibili zan egonkortasun ekonomikoari eutsi ezinik eta, bien bitartean, Urtainen lehenengo emaztea, Cecilia eta hiru seme-alabak Zestoan egozan boxeoaren mundutik urrun.

Urtainen arrakastea Espainiaren historiako momentu jakin eta zehatzean etorri zan, eta propagandarako tresnatzat hartu eben batzuek; euskalduna izan arren, frankismoak ondo baino hobeto erabili eban Urtain, persona jatorra eta basatia, politikan sartzen ez zana eta nazionalismoagaz bat ez etorrena ganera. Gogoratu daigun Urtainen mezenas nagusia Vicente Gil izan zala, hau da, Francisco Francoren medikua eta lagun mina.

Horreek kontu guztiak errodetan urtearen amaieran hasiko dira Euskal Herrian eta Madrilen, eta ia segurutzat jo daiteke Jose Manuel Ibar, Urtainen papela Javier Bardem aktoreak egingo dauela.


Jose Ibarrek eta Felisa Aspiazuk 10 seme-alaba ekarri zituen mundura, 4 emakumezko eta 6 gizonezko; familiako bigarrena eta gizonezkoen artean zaharrena izan zan Jose Manuel Ibar. Urtainek 1968ko bagilaren 24an debutau eban boxeo profesionalean, 25 urtegaz, eta 1970ean Europako Txapelduna izan zan pisu astunetan.

Urtain baino urtebete gazteagoa zan Candido eta zesta puntako pelotari profesionala izan zan urteetan AEBn. Candidok seme bi izan zituan: Pablo eta Michael, eta Pablo izeneko hori oso ezaguna egin zan orain urtebete, Floridako kartzelan heriotza zigorra ezarri eutsenean.

Bonny