Roberto Moso: 'euskal musikan erreferentzia argiak falta dira'.
'Euskerazko hit gitxi dago'
Hogei urte baino gehiago pasau dira euskal rockaren momenturik gozoenetatik eta sasoi hareek gogoratzeko barru-barrutik bizitako esperientziak, sensazinoak eta bildurrak kontau ditu Zarama taldeko abeslaria izandakoak. Sex Pistolsen kantu bateko zatia gogoratuz, 'Flores en la basura' Sarean jarri eban lehenengo eta oraintsu, barriz, Circus Argitaletxeak kaleratu dau liburua. Momentu hareek bizi genduzanontzat zein gazteagoentzat interesgarriak diran Zaramaren boladako gorabeherak, punk mobimentua, euskal rock erradikala, anekdotak, pasadizuak umore eta ironia puntuagaz dakarskuz gaur egun EITBko behargina dan lagunak.
1. Santurtzin jaiotako taldeak 95eko Ibilaldian agur esan euskun. Horrenbeste denpora pasau ostean, jenteak Zarama gogoratzea eta taldearen diskografia osoa berrargitaratuta ikustea pozgarria izango da zuretzat...
Oso pozgarria izan da. Ganera, dakizuenez, kasualidade bat egon da hor: liburua eta bildumea batera argitaratu dira (ez aurretik pentsauta egoalako, baten batek holan pentsau arren). Liburua aspaldiko amesa zan eta bildumea orain urtebete edo proposatu eustien. Bueno, proposatu baino gehiago, iragarri. Ez egoan ezer nire baimena behar ebanik. Kontua da ze Durangoko Azokarako, batera argitaratu dirala eta prentsan Zaramaren izena, neurea eta liburuarena askotan buztartuta agertu dirala eta barriro zeozelan ‘front-line’ horretan ikusi dodala neure burua eta bueno..., ondo dago ze hamar urte pasau ostean barriro hor zurrunbiloan egoteak aldaketea ekarri dau nire bizimodu arruntean. Ganera, Zarama ezagutu be egiten ez ebenen artean interesa biztu dau egoereak eta hori ondo dago.
2. Beti gustau jatzu idaztea eta 'Cuentos y susedidos bastos' (1988) ipuin liburua eta oraintsuko 'Flores en la basura' plazaratu dozuz. Ipuin liburua agortu egin zan baina gero luzaroan isilik egon ostean, zerk eraginda idatzi dozu 'Flores en la basura'?
Niri betidanik gustau jat idaztea. Horregaitik ikasi neban Kazetaritza. Muskaria aldizkariaren lehenengo alean hasi nintzan idazten. Gero, Muskaria amaitu zanean, El Tubo aldizkarian be idatzi neban eta azken 10 urteotan zutabeak egiten dodaz Diario Vasco-rako, Devorame gehigarrian. Horrezaz ganera, ipuinak be egin dodaz beste zenbait bildumatan, Bilbao Almacen de Ficciones liburuan, Escribir Santurtzi...
Dana dala, autortuko deutsut idaztea bera ez dala plazer berezia niretzako. Plazerra jenteari irribarrea ataratea eta eurengan sensazinoak sortarazotea da. Hori da niri gustetan jatana. Egia esan, ez dot nire burua idazle moduan ikusten. Nire asmoa entretenitzea eta nire gogoetak konpartitzea da.
3. 'La chica de la terminal' izeneko zure idatzia Aitzol Aramaio zinegile ondarrutarraren inspirazinoa izan da 'Terminal' film labur saritua egiteko. Bide barriak urratzeko gogoz zabilz ala kasualidade hutsa izan da?
Kasualidadea dana batera etortea izan da. Eusko Jaurlaritzak zinegile barriak promozionetako daukan Kimuak programea izan zan abiapuntua. Aitzolek berak kontauta, hasikeran beste proiektu bat eukan baina bertan behera itxi eban korapilatsuegia zalako. Nire liburuko ‘La chica de la terminal’ testua gustau jakon, filma laburra planteetako ona zalakoan. Baimena eskatu eustan eta niri ezin hobeto otu jatan ideia. Bitxikeria moduan, bi bersino desbardin dagoz: lehenegoa lotuegi dago nire ipuinagaz, off ahots bategaz baina uste dot Medemek oharrari jarraituz, ahotsik barik egin ebala 2. bersinoa eta Bingen Mendizabalen musikeagaz bakarrik. Azken emoitzak makinatxu bat sari irabazi ditu, 30 edo. Oso ondo eginda dago eta Aramaiori, zinegile moduan, oso etorkizun polita opa deutsat. Orain, oso oker ez banago film luze bat preparetan dago.
4. Aurrera begira, zelan ikusten dozu zure burua idazle legez?
Ez da erreza. ETBko beharragaz oso lanpetuta nabil. Ganera, aurreko liburua eszedentzia bati esker idatzi neban. Oraindino zutabeak egiten dodaz Diario Vasco-rako eta akaso, egunen batean, bateren batek ikusten badau bideratu daitekela, nire zutabeakaz eta irratirako egin dodazan ipuin batzuekaz bilduma bat egitea gustauko litzakit.
5. Historiako jakingarriez ganera, makinatxu bat abentura eta pasadizu kontetan dozuz tarteka barre algaraka irakurten dan liburuan; liburuan sartu ez dozun pasadizurik aitatuko zeunke, akaso Zarama taldearen sorrera edo lehen pausuen ganekorik?
Gauza piloa geratu dira kanpoan eta, horregaitik taldekideak abroziduta daukadaz baina Entziklopedia Britanikoa egitea ez da izan nire asmoa. Pasadizuak laburtzen baina gauza interegarriak jasoten aparteko ahaleginak egin dodaz. Gero, jakina, bakotxak bere eskariak egiten ditu, besteak beste, drogearen ganean oso gitxi idatzi dodala baina rockaren munduan drogak egon badagozala jakin arren, nik kontrakoa adierazo gura izan dot liburuan, hau da, rocka eta drogea ez doazela derrigor bata bestearen eskutik, gure kasuan moduan. Pozoinak ez dira existitzen, dosiak baino.
Anekdota moduan Santurtzin, Zaramaren azkenengo kontzertuan, jende piloa egoala gogoratzen dot. Kontzertu guztietara joaten ziran kuadrila asko batu ziran bertan, azkenaren ostean geugaz trago batzuk hartzekotan. Jentea bero-bero egoan eta kontzertuan gozau arren, inpernu giroa ikusi genduan; azkenean, furgonetan ostendu nintzan lasaitzeko asmoagaz edo. Badakit jentea ni ikusteko gogoz egoala, baina...; furgoneta barrutik jentea nire bila ebilela entzuten neban. Segurutik batzuk orain enterauko dira horretaz baina 10 urte pasau dira eta orain aituko dabelakoan nago.
6. Taldearen ibilbidean, momentu batzuetan bizia be arriskuan ikusi zenduen taula gainean, berbarako Eibarreko kontzertu gogoangarri haretan, ezta?
Oso kontzertu berezia izan zan. Ibilbide guztietan legez, hasikerea, korapiloa eta amaierea egoten dira eta gu, Eibarreko ekitaldian zeozelan korapiloan gengozan. Hasikeran, konpententzia handiegirik ez egoala eta, pozik genbiltzan, ensaioetarako lekua be lortu genduan eta lehenengo promozino kantuagaz oso kritika onak hartu genduzan. Soldaduskeak apurtu egin euskun abiadea eta gauzak aldatz gora jarri ze amaitu ostean konpententzia sekulakoa zan: La Polla, Hertzainak, Barrikada... ; nik esango neuke Eibarren bapatean konturatu ginala giroa goitik behera aldatu zala. Eibarren, taula gainean azkenengo ez ginala agertuko esan euskuen eta ez zala zozketarik egingo. Jentea La Polla ikustera etorri zala esan euskun argi. Ganera, nik Euskadi Irratian lan egiten nebanez, zeozelan 'sisteman' sartuta nengoala esaten eusten, eta orduan, zenbait ekitaldi galazota egozan herrialdeetarako gura ebela gure taldea, geugaz bat eginda kontzertuak eskandalu barik egin eikezala erakusteko edo. Ostikada handia izan zan hori guretzako ze geu ginan eskandalu eragile eta probokatzaileak handienak. Taula gainean, gure hasarrea erakutsi genduan eta jentea neurriz kanpo proboketan hasi ginan; zorionez, ez zan ezer pasau.
7. Zarama taldean probokazinoa ezaugarri nagusienetakoa zan eta horren erakusgarri euskeraz kantetako erabagia hartu zenduen. Dana dala, punk-light taldea ziniela entzun behar izan zenduen sarri...
Hasikeran oso punk-zaleak ginan, oro har zeuk egin zeinkela, punkaren filosofia asko gustetan jakun baina gure asmoa ez zan talde punkeroa osotzea. Punkaren eta beste estilo batzuen nahasketea egitea zan ideia proiektuari geure nortasuna emonaz. Taldearen izenagaz be nahikoa esaten dogu. Sasoi haretan Zarama izenak ukutu gogorra, ezkorra eukan, trenak ekarritakoak ginalakoan edo...; hor egoan erronka, Santurtzin, ezkerraldean giro abertzalea egoan, eta jenteak ez gintuan ondo ikusten, goganbeharra zan nagusi.
Euskerearena beste kontu bat zan. Nik badakit giro askotan ez geunkala sinisgarritasunik. Santurtziarrak izanda euskeraz kantetea oportunismo hutsa zan askorentzako. Gure koadrilea oso euskaltzalea zan euskerarik jakin ez arren eta gaur egun kontraesana emoten badau be, sasoi haretan Santurtzin ez egoan ia euskaldunik eta, berbarako, Santurtziko Kultur Taldearen batzar guztiak erderaz egiten ziran; hori normaltzat hartzen zan. Euskeraz kantetea probokazinoa izan zan, mahai ganean alternatiba barri bat ipintea, euskerea ikasteko gogoa hain zuzen be; dana dala, azkenean, neuk bakarrik ikasi dot euskeraz berbetan; besteak ahalegindu behintzat, ahalegindu ziran.
8. Hamasei bat urtegaz Bartzelonara Rolling Stones taldearen kontzertura joan zinien. Zelako esperientzia izan zan?
Kuriosoa. Liburuan azaltzen dodan moduan, ni Rolling Stones-en herrialdean bizi nintzan. Ahalik eta gehien euren mundura hurreratzen saiatzen nintzan. Hamasei urte neukazala Bartzelonara etorri ziran. Nire gurasoak konbenzidu ostean, lagun taldea joan ginan. Amuma Bartzelonan bizi zan eta bisitan ginoiazala esanda errezagoa izan zan gurasoak konbenzidutea. Amumari, ostera, musika klasikoko kontzertu bat ikusteko zala esan geuntsan.
Zezen plazan egindako kontzertua ederra izan zan, argiak, etxurea...; esperientzia ikaragarria izan zan. Dana dala, joan aurretik Popular aldizkaria erosi genduan eta bertan baegoan Berlingo kontzertuari buruzko kronikea. Kontua da ze Bartzelonan hango kontzertua goitik behera errepetidu ebela. Horregatik, pozik sartu arren, desiluzinoa handia izan zan. Hori bai, bidaia horretan, gitxien espero genduan momentuan, Bodega-Bohemia izeneko tabernan mobida barri bat deskubridu genduan: apari musikalak couple doinu eta guzti; guretzako hunkigarria izan zan; guzurra emoten badau be, hor deskubridu genduan punk-aren esentzia.
9. Zazpi bat urte beranduago, 1983an Bizkaiko talde onenaren sari jaso zenduen Egin Rock Lehiaketea irabazita. Zein izan da taldearen momenturik ederrena?
Zeuk esandakoa eta 3. diskoa egin genduaneko sasoia. 1987an oso talde landua ginan eta gure artean ondo konpontzen ginan. Bizkaia mailan, Eginek antolatutako inkesta haretan geuk irabazi genduan eta ez dogu ahaztu behar bolada haretan Itoiz egoala momenturik arrakastatsuenean. Halan da be, Eskorbutokoekaz batera, kupoi piloa bialdu genduzan (liburuan be azaltzen dot pasarte hau) eta, bestetik, nik ez dakit zergaitik baina uste dot Bizkaian, jente askorentzat, Itoiz talde gipuzkoarra zala eta, beraz, boto asko hartu genduzan.
10. Euskal musikearen historian klasikoetako bat da Zarama baina arazo gogorrak be izan zenduezan, besteak beste, ezkerraldekoak izateagaitik. Ganera, Hertzainak eta Itoiz lako taldekaz be ez zinien ondo konpontzen...
Ez dot uste horrenbesterako danik. Hertzainak taldeagaz konpetentzia sano gogorra geunkan, hori egia da, eta ez daigun geure burua engainau. Azken finean, gure publikoa antzekoa zan, nahiz eta gure estiloa desbardina izan. Hertzainak taldearen lehenengo diskoa zoragarria izan zan eta gu zeozelan 2. mailan geratu ginan eta gure ibilbidean hori karga handia izan da. Erronkea be bazan, hau da, euren jarduna hobetzeko gogoa hain zuzen be, batez be, zuzenekoari begira eta uste dot, gehienetan behintzat, lortu genduala eta eurek be onartzen ebela. Itoizekoakaz beste mueta bateko hartu-emonak egozan. Itoizekoei Hertzainak gustetan jaken Zarama baino gehiago. Ganera, Santurtziarrak izanda, oportunista hutsak ginala esan euskuen. Eskubide osoa daukie hori pentsetako.
11. Zarama taldearen 'Gasteizko gaua', 'Bidea eratzen', 'Dena ongi dabil', 'IƱaki, zer urrun dagoen Kamerun' edo 'Txatxo' lako kantuak klasikotzat hartu geinkez baina zeintzuk dira Roberto Mosoren kantu eta diskorik gogokoenak?. Beste alde batetik, zeintzuk izan ziran Zarama taldearen eredu musikalak?
Gogokoena eta niretzako onena ‘Dana ongi dabil’ da. Sano landuta dago. Gogoratzen dot berbak Granadan, idatzi nebazala, musikea egin ostean. Zinta bategaz joan nintzan Granadara, oporretan, lagun baten etxera. Kantuen artean, disko horretako ‘Bidea eratzen’ aukeratuko neuke taldearen izpiritua laburtzen dauana dalako.
Bestalde, guretzako erreferentzia izan ziranen artean, Sex Pistols, Dr Feelgood, Rolling Stones (duda barik), Santana...; zerrenda luzea egingo neuke eta bertokoen artean, bardin, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Mikel Laboa...
12. Euskal Herrian zein kanpoan, oraindino beterano batzuk, zure sasoikoak eta lehenagokoak be taula gainean ikusteak ze sensazino eragiten deutsu?
Egia esan, gitxitan joaten naz beteranoen kontzertuetara, niretzat ez diralako bape erakargarriak. Ganera, La Polla Records-en kontzertura joan ezkero, aitita sentitzen naz eta niri kontzertuetan gustora egotea gustetan jat. Nik aitzen dot, kasu batzuetan derrigor jarraitu behar izatea musikearen munduan, ze batzuentzako horixe da bizimodua atarateko bide bakarra. Dana dala, hiru diskotan esan daitekezanak 15etan esatea mezuak errepetidutea baino ez da eta nire holakoak ez jataz gustetan.
13. Irratian ibilitakoa eta gaur egun ETBn zabilz, beti be, musika arloan. Euskal musikagintzan, barru-barrutik bizitako momentuak, kontzertuak, giroa gaur egunekoakaz konparauta ze alde ikusten dozu?, gaurko euskal musikagintzan zer ikusten dozu sobran eta zer faltan?
Lehenagoko euskal musikagintzeak musikaz kanpoko gauza asko eukazan eta jente asko gauza horreek eraginda hurreratzen zan kontzertuetara: euskerearen aldeko militantzia, ikurrinearen legalizazinoaren aldeko mobimentuak...; eta ez dot esan gura horregaz arlo musikalean gauza interesgarririk ez egoanik. Jokabide garrantzitsua zan. Gaur egun holako jokerak ez dira hain garrantzitsuak (gero eta gitxiago). Gaur egungo musikeari musikaz kanpoko ukutu hori falta jakola uste dot. Halan da be, ez dakit zenbaterainoko beharra daukagun. Faltan botaten dodaz jente taldeentzako izen erakargarriak. Itoizek Santurtziko jaietan ikaragarrizko jentetza batzea lortzen eban, bai Muxikan zein San Inazio. Zeozelan esateko erreferentzia argiak falta dirala pentsetan dot, bai rock mailan, bai kantautore mailan. Urdangarinek ez dau lortzen Lertxundik lortu ebana, nahiz eta ona izan. Berri Txarrak taldeak ez dau lortzen Hertzainak taldeak lortu ebana. Bestalde, kantuak aztertzen badoguz, euskerazko hit gitxi dago: Gozategiren Nirekin kantua (emoistazuz musutxuek...) izan zan orain 7-8 urte inguru; geroago, Gatiburen ‘Arkondarie’ be zabal ibili da baina zeozer falta da hor.
Nire ustez ahalegin bereziak behar dira musikeagaz bakarrik edo zure eskaintzeagaz bakarrik erakargarria izateko. Gaur egun, Mikel Urdangarin oso inspirauta dagoala begitantzen jat, gero eta gehiago ganera. Berri Txarrak be asko gustetan jat. Betidanik gustau izan jataz gauza oso gogorrak eta oso trankilak.
14. Berri Txarrak eta Fermin Muguruzaren kontzertuak galazotea, euskal usaineko edozeren kontrako jarrerak zelan ikusten dozuz?
Zelan ikusiko dodaz, ba?, txarto, eurei ez eze, oro har euskal musikeari be kalte egiten deutsielako. Bitxia da Espainia mailako talde erradikal askok askatasun osoa eukitea edonon joteko ezelako arazo barik. Politika kontuak dagoz nahastean eta erradikaltasun guztiakaz ez da bardin jokatzen. Nik argi eta garbi salatzen dodaz ekintza horreek.
15. Pentsau dozue inoiz Zarama taldea barriro martxan ipintea? gaur egun taldeko kideak nondik nora dabilz?
Urtean behin aparia egiteko eta musika tresnak astintzeko alkartzen gara baina ia ezinezkoa da taldeagaz barriro hastea. Hori bai, noizean behin egiten dogu horretaz berba, ni horren kontra egon arren. Bigarren parteak ez dira onak izaten, eta barriro orain 10 urteko kantuakaz agertzeak ez dauka zentzurik. Ganera, asti barik gabilz. Denpora apur bat atara ezkero, zeozer barria egitea gustauko litxakit...
Taldekideen artean, batek musika denda batean egiten dau lan. Beste bat soinu teknikari legez dabil asteburuetan. Beste batek txisteak kontetan ditu ETBko ‘Mas humor’ programa eta bere denpora librean bateria joten dau. Ni telebistan nago, beste bat Sevillan...
16. Zelako musikea entzuten dau gaur egun Roberto Mosok?
Nik musikea kotxean entzuten dot ze etxean, umeakaz ezin dot musikarik entzun. Kotxean, alabak dagozanean, Betizu taldea. Gustetan jat eta ganera ni zeozelan taldearen atzetik nago. Bakarrik noanean, ACDCk barriro argitaratu dituan lehenengo diskoak entzuten dodaz, botika hutsa dira niretzat eta ezinbestekoak nire umore onerako. Nine Inch Nails be gustetan jat, nahiz eta sano arraroak izan. Azkenik, Urdangarinen azkenengo diskoa. Musika mueta bakotxak bere momentua dauka.
Bizkaie!